EAEko 60.000 herritar osasun arretarik gabe gera daitezkeela salatu dute
Berria, , 13-06-2012ERREDAKZIOA GASTEIZ
Munduko Medikuak elkarteak salatu du 60.000 herritar osasun arretarik gabe gera daitezkeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak indarrean jartzen baditu Espainiako Gobernuak osasun publikoan ezarritako murrizketak. Zerbitzurik gabe geratuko lirateke, besteak beste, paperik gabeko 17.500 etorkin eta kotizatu ez duten 25 urtetik gorako 13.500 langabe. «Gaixo horiek larrialdi zerbitzuetara joan beharko dute ezinbestean, eta zerbitzu horiek ere gainezka egingo dute», azaldu du Teresa Maura presidenteak. Gainera, medikuek gaixo horiei kasu egiteko duten eskubidea defendatu du.
Bestalde, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek legea aldatu dute, Gizarte Segurantzari herritarren ogasun datuak emateko. Datu horiek kontuan hartuta erabakiko du Espainiako Gobernuak herritar bakoitzak zenbat berrordaindu beharko duen botikengatik. «Neurria indarrean jartzeko eskumena, dena den, Eusko Jaurlaritzari dagokio», nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiko eledun Juan Mari Aburtok.
(Puede haber caducado)