Mexikoko etorkinen hilketak ikertzeko eskatu diete AEBei

NBEk salatu du mugetako zaindariek hildako mexikarren kasuak argitu gabe artxibatu dituztela

Berria, , 30-05-2012

ERREDAKZIOA
Mexikoren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen arteko muga zeharkatzen saiatu diren etorkinen hilketak argitu gabe artxibatzen dituztela salatu du NBEko Giza Eskubideen goi mandatariaren bozeramaile Rubert Colvillek. NBEko bozeramaileak adierazi du bi herrialdeen arteko muga zaintzen duten agenteek ez dutela nazioarteko legedia betetzen, eta AEBei leporatu die ikerketarik ez egitea.

Adrian Hernandez 15 urteko adingabeko mexikarraren kasua aipatu du Colvillek. Hernandez duela urtebete hil zuen AEBetako mugen zaintzaile batek, burura tiro eginda. Adingabea Mexikoko lurretan zegoen. Hernandezen senideek salaketa jarri zuten, baina AEBetako auzitegiak ez zuen zaintzailea epaitu, hilketa ez zela AEBetan gertatu argudiatuta.

Ikerketa bat bera ere ez

Colvilleren esanetan, Hernandezen kasua ez da bakarra, eta salatu du azken bi urteetan jasotako kasuetako bat bera ere ez dutela ikertu: «AEBetako mugetako zaindariek etorkinei egindako gehiegikerien salaketak jaso ditugu, eta auzitegiek denak argitu gabe utzi dituzte». NBEko bozeramaileak AEBetako Gobernuari eskatu dio Mexikorekin batera lan egiteko eta mugetako zaindarien jarrera zuzentzeko: «Hilketa horiek ikertzeko, elkarlanean aritu behar dute bi herrialdeek».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)