Guraizeen ahoan harrapatuta
Murrizketa sorta baten azken neurria izan da etorkinei osasun zerbitzuetarako sarbidea oztopatzea. Mozketen eragina jasan beharko dute immigranteek, gaixoek, adinekoek, ikasleek, irakasleek eta beste milaka herritarrek.
Berria, , 22-04-2012Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, murrizketak eta murrizketak iragarri ditu asteon Espainiako Gobernuak. Osasunean eta hezkuntzan 10.000 milioi euro aurrezteko neurriak iragarri dituzte. Azkena, immigranteei osasun zerbitzuetarako sarbidea zailtzea. Erroldako agiria izatea ez da aski izango medikuarenera joan ahal izateko. Aurreko neurriekin bezala, kritikak oldean sortu ditu Madrilgo gobernuaren asmoak. Milaka eta milaka euskal herritarrek pairatuko dituzte murrizketak. Defendatu egin ditu PPk: «Ausartak, irmoak eta ezinbestekoak dira», esan du Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak.
Osasun txartela «errazegi» eskuratzen dute etorkinek. Hori uste du Ana Mato Espainiako Osasun ministroak. Zerbitzuak oker erabiltzen dituztela argudiatuta, oztopoak jarriko dizkie txartela lortzeko: zailagoa izango dute erroldan izena ematea, eta, gainera, nahitaezko izango dute egoitza baimena izatea eta zergak ordaintzen dituztela egiaztatzea. Baldintza horiek betetzen ez dituzten etorkinek larrialdietara eta umeak izatera soilik joan ahalko dute erietxera. Milaka eta milaka pertsona dira Hego Euskal Herrian.
Krisia aitzakia hartuta etorkinen eskubideen aurka egin nahi dutela salatu du SOS Arrazakeriak. «Osasun turismoa esaten dioten horrek batez ere Europako Batasuneko herritarrei eragiten die; hori mugatzeko aitzakiarekin, egoera irregularrean daudenen eskubideetan atzera egin nahi dute». Legez kanpoko neurria dela uste du arrazakeriaren aurkako taldeak; haren arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esana du ezin direla horrelako neurriak hartu etorkinen eskubideen aurka. «Krisiak ezin du izan aitzakia etorkinak eskubiderik gabe uzteko; haustura eragingo luke horrek». Herritar guztiei egin die dei SOS Arrazakeriak, horrelako neurriek azkenean denei eragingo dietela irizten baitio.
Eusko Jaurlaritzak ere ez du ondo ikusi etorkinei osasun zerbitzuetarako bidea zailtzea. «Neurri gogorra eta okerrekoa da», esan du Gemma Zabaletak, Gizarte Gaietarako sailburuak. Immigranteek lan egiteko eskubidea behar dutela nabarmendu du: «Beharrean arituz gero, ez lukete beharko gizarte laguntzarik eta ez lukete ezkutuko ekonomian jardungo». Lanik egiten ez dutenen egoera «berrikustearen» alde azaldu da. «Baina ezin ditugu hasieratik prekarietatera eraman eta ezin diegu osasuna ukatu».
Osasun alorrean 7.000 milioi euro aurreztea da Madrilgo gobernuaren asmoa. Etorkinei sarbidea mugatzearekin batera, botikak hartu ditu jomugan: erretiratuek sendagaiaren balioaren %10 pagatu beharko dute —orain ez dute ordaintzen—, eta lanean ari direnek, %50 —orain %40 pagatzen dute—. Urtean 18.000 euro baino gutxiago kobratzen dituztenek izango dituzte aringarriak: erretiratuen kasuan, hilean zortzi euro pagatuko dituzte gehienez botiken truke; lanean ari direnek %40 pagatzen segituko dute. Laguntzarik ez duten langabetuek doan jasoko dituzte botikak.
Osasunekoak ez, baina hezkuntzako murrizketak indarrean dira gaurtik. Dekretua atzo kaleratu zuten. Ikasleak pilatzeko aukera jarri dute, eta nahitaezko neurri gisa ageri da irakasleei eskola ordu gehiago jartzea —gutxienez 25 Lehen Hezkuntzan eta 20 Bigarren Hezkuntzan— eta ordezkapenak hamargarren eguna pasatu arte ez egitea. Unibertsitatean, prezioak %70 garestitu ahalko dituzte —masterretan, osoa ikasleak ordaintzea eskatu ahalko dute—, eta ikerketarik egiten ez duten irakasleek eskola gehiago eman beharko dituzte nahitaez.
Testigantzak
«Guztiei eragiten dieten murrizketak estali nahi dituzte xenofobiarekin»
Silvia Carrizo
Etorkina, Malen Etxeko zuzendaria
«Etorkinei osasunerako sarbidea mugatzearekin, guztiei eragiten dieten murrizketak estali nahi dituzte, xenofobia sustatuta. Mozketen erantzule jo nahi dituzte immigranteak. Gezurra da haiek itotzen dituztela osasun zerbitzuak; datuek diote. Osasun turismoa kontzeptua erabiltzea bera da iraina; eskubide bat da osasuna, ezin da fribolitatez erabili. Babesik gabe geratuko dira etorkinak. Larrialdietara jo beharko dute gaixotzean. Arriskuan daude, ezingo baitiete aurre hartu eritasunei. Aurreratuta daudenean atzemango dizkiete minbiziak eta bihotzekoak».
«Pertsonak gara guztiok, eta denon eskubidea da osasun zerbitzua izatea»
Oumar Kane
Etorkina, Mbolo Moye Doole taldeko kidea
«Murrizketa asko egiten ari dira, eta jendearen arreta desbideratu nahi dute etorkinei osasun zerbitzuak mugatzeko iragarpenarekin. Hemen daramatzadan urteetan bost aldiz baino gehiagotan ez naiz joan medikuarena. Krisiaren errua ez da etorkinena. Gehienok gazteak gara, eta gutxiagotan joaten gara medikuarenera. Gezurra da etorkinok itotzen ditugula zerbitzuak. Pertsonak gara guztiok, eta denon eskubidea da osasun zerbitzua izatea. Guztiok egin beharko dugu ahalegina krisitik ateratzeko. Ez da bidezkoa besteei baino gehiago eskatzea etorkinei».
«Min gehien egiten duen lekuan murriztu dute; garestiak dira botikak»
Angel Rico
Urola Garaiko diabetikoen elkarteko burua
«Guretzat oso albiste txarra da botikak ordaindu beharra. Min gehien egiten duen lekuan murriztu dute; garestiak dira diabetikoen botikak, beste gaixotasun batzuetakoak baino garestiagoak. Batzuek pastillak soilik dituzte, besteek intsulina… Baina egoera ez da hobetzen, gero eta pastilla gehiago behar izaten dira. Gastua handituko da. Botikekin hasi dira; beldur naiz ez ote duten ospitaleetako egonaldiekin-eta segituko. Hilean lau kafe direla diote; horiek gutxiago hartuko ditugu, eta ekonomiak jasango du. Ekonomia suspertzen beharrean, ahultzen ari dira».
«Pentsioak jaistea da hau, erretiratuok hartzen baitugu botika gehien»
Javier Subiza
Sasoia jubilatuen elkarteko ordezkaria
«Bilerak egiten hasi gara, erantzuna prestatzen hasteko. Murrizketak ikusita, maiatzerako ari ginen antolatzen, baina orain hau etorri zaigu… Hala ere, erretiratuen %90ek ez dute ezer egiten, etxean geratzen dira. Pentsioak jaitsi egin dituzte, erretiratuok hartzen baitugu botika gehien. Gutxi pagatu beharko dugula diote. Esaiozu zer den gutxi hilean 500 euro kobratzen duen bati; asko daude horrelakoak. Ahulenei erasotzen ari dira, eta badaude aurrezteko beste bide batzuk. Nafarroako Gobernua Madrilgoaren zati gisa ari da jokatzen, PSNren babesarekin».
«Itxaropen gutxi dut: galdutako belaunaldia izango da gurea»
Garazi Garmendia
Erizaintzako ikaslea EHUn
«Prezioak igotzea hizpide da ikasleon artean. Publikoa pribatu bihurtzen ari dira. Hezkuntza eskubide bat da, eta gutxi batzuentzako aukera bihurtzen ari dira; ikasketak utzi beharko ditu jendeak. Esan dute EHUn ez dutela prezioa igoko; litekeena da kanpotik etortzea ikasleak, besteetan aukera ez badute. Itxaropen gutxi dut: galdutako belaunaldia izango da gurea. Aurten da erizainen lan eskaintza; azkena izango da urte batzuetan. Murrizketak gehitzen ari dira. Irakasleek esan digute: ‘Alor publikoan ez duzue lan egingo’. Europara joan beharko dugu, edo sare pribatura».
«Bologna jarri zutenetik ari gara igoera pairatzen, eta orain areagotuko da»
Gorka Albeniz
Enpresa zientzietako ikaslea NUPen
«Lehendik ere ari gara pairatzen murrizketen eragina: ikasle taldeentzat eta horrelakoentzat laguntza gutxiago ematen dituzte. Bolognako prozesua jarri zutenetik ari gara prezioen igoera pairatzen, eta orain areagotu egingo da. Jendeak gaizki pasatuko du. Batzuk lanean ari dira, eta ez dituzte ikasgai guztiak lehenengoan gainditzen; haientzat izorramendu handia da gainditu ezean gehiago ordaintzea. Bekak ez dituzte lehen adina ematen; niri aurten ez didate eman. Espero dut jendea ez dela etxean geratuko. Aurrekoetan mugitu gara, eta orain ezinbestekoa da».
Hezkuntzatik moztu den aurrekontuaren erdia, helikopterotan
KEMeko kideek eskatu dute gastu militarra «erabat» murrizteko, gizarte babesari kalte gehiago egin beharrean
Mikel Peruarena
Tigre helikopteroak erosteko 1.353 milioi euro jarriko ditu Espainiako Gobernuak; hezkuntza arloan egin nahi dituen murrizketen ia erdia da hori. Datua antimilitaristek jakinarazi zuten atzo, eta adibide moduan aurkeztu zuten, gastu militarretik moztuz gero, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzu alorretan murrizketak egin beharrik ez legokeela adierazteko.
KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko ekintzaileek Bilboko Juan Garai kaleko militarren kuartelaren aurrean egin zuten salaketa. Horiz jantzita, eta artazi handi batzuk hartuta, kuartela inguratzen duen horma moztu zuten. «Militarizazioaren eta gastu militarra den diru xahutzearen ikurtzat» jotzen baitute kuartel hori. Funtsean, salatu dute administrazio publikoak gastu militarra murriztu behar lukeela, gizarte babesa moztu beharrean. Moztu? Bai, erabat, gastu militarra izena eman diote kanpainari.
Datu gehiago eman dituzte antimilitaristek, «finantza burbuila militarrak» bere bidea egiten jarraitzen duela erakusteko asmoz: Espainiako Gobernuak 166,4 milioi euro murriztu nahi ditu hezkuntzan, beketatik eta diru laguntzetatik kenduta. Kopuru hori gastatzeko, Espainiako egitura militarrak hiru egun besterik ez ditu behar.
Iazko abenduan, bestalde, Espainiako Defentsa Ministerioak ia 29.000 milioi euroko kontratuak sinatuak zituen, armamentua erosteko. Aste honetan gobernuak iragarri du 10.000 milioi euro —armak erosteko egingo duen gastuaren heren bat— murriztu behar direla hezkuntzatik eta osasunetik. «Ez dago dirurik zerbitzu publikoak ordaintzeko», gaztigatu du Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak.
Gizartearen gehiengoaren kontra egin du estatuak, KEMeko kideen esanetan. Eskubideak galtzen, lan baldintzak okertzen eta gizarte zerbitzuen kalitatea txartzen ari dela uste dute. Baina, aldi berean, «modu paraleloan eta ezkutuan», egitura militarra indartzen ari dela salatu dute: «Finantzen krisiak ez dio eragiten murrizketarik militarismoari».
Espainiako Armadak 130.000 soldadu ditu. Defentsa Ministerioak iragarri du %12 inguru murriztuko zaiola aurrekontua aurten. Baina murrizketa horiek behin-behinekotzat jo dituzte antimilitaristek. «Defentsak kontratatutako programetarako diru esleipenak txikiagoak izango dira, baina ordainketak denboran luzatzea erabaki da». Murriztu baino gehiago, ordaintzeko epeak luzatuko direla, alegia. «Finantza gastuak handituko dira, interesak direla medio». Hortaz, gizarte bazterketa eragiten duten murrizketak alde batera uzteko, eta gastu militarra «erabat» mozteko eskaera egin dute.
(Puede haber caducado)