Europako Kontseiluak 63 etorkinen heriotzaren erantzuletzat jo du NATO
Gara, , 30-03-2012Europako Kontseiluko batzorde batek atzo aurkeztutako txostenean dioenaren arabera, iaz Libiako gatazkaren erdian, bertatik ihesi matxuratuta zegoen itsasontzi batean irten ziren 63 etorkinen heriotza eragin zuten zenbait «akatsen» erantzuleak dira NATO eta hainbat herrialde.
Ikerketaren arduradunak – Tineke Strik senatari holandesa – txostena osatzeko berreraiki egin du 2011ko martxoaren 26an 72 bidaiari zituen itsasontzia Tripolitik irten zenetik, bi aste geroago korronteen bultzadaz Libiako kostaldera itzuli zen arte gertatutako guztia. Ordurako bederatzi pertsona baino ez zeuden bizirik.
Egindako ikerketak ustez libiarren ongizatea bermatzeko bertan zeuden NATOko hainbat itsasontzi militarrei leporatzen die Libiatik gatazkaren ondorioz ihes egiten ari ziren herritarrei laguntza eskaini ez izana .
Erantzuleen artean daude Italiako kostazainak eta inguruan zeuden NATOko itsasontzi militarrak, bereziki Estatu espainoleko «Mendez Nuñez» fragata.
Itsasontzia matxuratu eta laguntza eske hastean, «arrantzarako hainbat itsasontzik eta helikoptero eta ontzi militar batek» entzungor egin zioten.
Txostenaren arabera, irten orduko kasik erregairik, urik eta elikagairik gabe, kapitainak laguntza eskatu zuen satelite bidezko telefono baten bitartez.
Italiako itsas koordinaziorako zentroak inguruan zeuden itsasontziei eta NATOko zuzendaritzari abisua bidali zien Libiatik irten zen itsasontzia bilatzeko, baina ikusi bazuten ere, ez zien inork lagundu.
(Puede haber caducado)