Bost kontinenteak hurbilduko ditu beste behin Mundumira jaiak
Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan egingo dute munduko kulturen festa, maiatzaren 18, 19 eta 20an
Berria, , 28-03-2012Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan (Gipuzkoa) antolatu dute aurten munduko kulturen Mundumira jaialdia. Maiatzaren 18tik 20ra bitartean bi herri horietara joaten direnek ekitaldi anitzetan parte hartzeko aukera izango dute.
Aurreko ureetan bezala, kultura, turismoa eta kirol jarduerak uztartuko ditu jaialdiak, eta Debagoiena eskualdearen irudia Euskal Herrira zabalduko dute. Euskal Herria aldizkaria, Ginmusika ekoizpen etxea eta Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Saila arduratu dira Mundumira antolatzeaz, baina eskualdeko hainbat elkartek, enpresak eta gobernuz kanpoko erakundek ere lagundu dute. Atzo eguerdian aurkeztu zuten egitaraua, Leintz Gatzagako udaletxean.
Bost kontinenteetako kultur adierazpenek dute lekua Mundumiran. Hala, musika eta antzerki emanaldi ugari ikusi eta entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Hainbat formatu eta ordutan izango dira emanaldiak. Izan ere, gaueko kontzertuak, kaleko emanaldiak, kontzertu txikiak eta dantzaldiak daude aurtengo egitarauan. Kontzertu handien artean, nabarmentzekoa da La Pegatina talde kataluniarrak eta Esne Beltzak maiatzaren 19an Eskoriatzan emango dutena, 21:30ean hasita.
Umeek ere izango dute euren gunea: puzgarriak eta jolasak izango dira Eskoriatzan larunbat eta igande eguerdian, Irrien Lagunen eskutik. Trukerako eta eztabaidarako kultura anitzeko foroak egongo dira aurtengo Mundumiran. Azokek ere tarte handia izango dute, eta hainbat gairen inguruan jarduteko aukera emango diete bisitariei: mendiaren eta mendiko ibilaldien inguruko edukiak ikusgai izango dira, baita gastronomia zein artisautzaren ingurukoak ere.
Elkartasun Foroak osatuko du Eskoriatzako gunean izango diren azoken zerrenda, eta foro horrek gobernuz kanpoko erakundeen jarduna ezagutzera emango du. Bertan salduko da jaialdiko elastiko solidarioa, eta ateratako diruarekin Debagoieneko GKEen proiektuak finantzatuko dituzte. Mundumira antolatzen hasi zirenetik atera dute antolatzaileek kamiseta solidarioa.
Lehen Ekoferixa
Mundumiraren berrikuntzetako bat lehenengo Ekoferixa izango da. Janari lasaia gastronomiaren eta produktu ekologikoen azokan, erakusketetan, hitzaldietan eta produktuen dastatzeetan parte hartzeko parada eman- go du Ekoferixa azokak. Bestalde, eskualdeko ingurumena eta ondarea ezagutzeko irteera ugari antolatu dituzte astebururako.
Eskoriatzako Torrebason dohainik kanpatzeko aukera egongo da, eta bi herrien arteko autobusak egun osoan ibiliko dira.
EGITARAUA
MAIATZAK 19
• 11:00. Argazki txango didaktikoa, Leintz Gatzagan.
• 11:00-14:00. Idiazabalgo gaztaren tailerra eta Ekoferixa, Leintz Gatzagan.
• 12:00. Richard Bucknerren kontzertua, Leintz Gatzagan.
• 12:00. Kale antzerkia, Eskoriatzan.
• 16:00. BTT zeharkaldia, Eskoriatzatik Gatzagara.
• 17:00. Ekialdeko dantzen agerraldia, Leintz Gatzagan.
• 19:30. Madagaskarko Kilema taldearen kontzertua, Eskoriatzan.
• 21:30. La Pegatina eta Esne Beltzaren kontzertua, Eskoriatzan.
MAIATZAK 20
• 09:00. Ibilaldia: Eskoriatza, Kurtzeta, Jarindo, Gatzaga.
• 11:00-14:00. Bigarren eskuko gauzen azoka, Eskoriatzan. Ekoferixaren hasiera, Gatzagan.
• 11:30. Malabaracirco ikuskizuna, Leintz Gatzagan.
• 12:00. Slow Foodi buruzko hitzaldia, Leintz Gatzagan.
• 12:30. Eusko Label txahalaren erretzea, Eskoriatzan.
• 13:00. Anariren emanaldia, Leintz Gatzagan.
• 16:00. Batukada Taupadaren kalejira, Eskoriatzan.
• 17:30. Atama Kenpo taldearen erakustaldia, Eskoriatzan.
• 18:00. Bizardunak taldearen kontzertua, Eskoriatzan.
(Puede haber caducado)