Goierri-Urola Garaia

Bihar Ordiziako migrazio eta aniztasun diagnostikoa aurkeztuko da

ekitaldia kultur etxean izango da, 18.30ean hasita Etorkinen integrazioa lortzeko Udal Harrera Sarea egitasmoaren berri ere emango da

Diario de noticias de Gipuzkoa, asier zaldua, 21-03-2012

ordizia. Bihar arratsaldean migrazio eta aniztasun diagnostikoa eta Udal Harrera Sarea egitasmoa aurkeztuko ditu Ordiziako Udalak. Ekitaldia Barrena kultur etxeko batzar aretoan izango da, 18.30ean hasita, eta haurrak zain-tzeko txokoa izango da.

Ordiziako aniztasun eta migrazioaren diagnostikoa 2011ko maia-tza eta urria bitartean egin zen. Datuak bildu ziren garaian Goierriko herri honek 9.811 biztanle zituen. %73 bertan eta Euskal Herrian jaiotakoa da, %13,3 Espainian jaiotakoa, %8,6 Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan eta %5,1 munduko beste lurraldeetan. Aipatzekoa da 2004an biztanleen %4,8 zela Estatu espainiarretik kanpo jaiotakoa eta egun, berriz, %13,6.

Estatu espainiarrean jaiotakoei dagokienez, 1.304 dira. Horietatik 500 Gaztela Leonen jaio ziren, 298 Extremaduran, 160 Galizian eta 128 Andaluzian. Europar Batasunean jaiotakoen artean, errumaniarrak dira nagusi: 829tik 759. Munduko beste lurraldeetatik etorritakoak 505 dira. Horietatik 111 Ekuadorrekoak dira, 58 Marokokoak, 48 Argentinakoak, 29 Kolonbiakoak, 28 Nikaraguakoak, 26 Txilekoak, 25 Dominikar Errepublikakoak, 24 Kubakoak eta 21 Perukoak. 20 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Ordizian.

Etorkinen lan egoerari dagokionez, langabeziak eragin handiagoa du gizonezkoengan. Espainiar herritartasuna ez dutenen artean langabezia %18 da eta dutenen artean, berriz, %8.

Esan bezala, migrazio eta aniztasun diagnostikoa egiteaz gainera, Udal Harrera Sarea martxan jarri da jatorri ezberdinekoen arteko elkarbizitza sustatzeko. Aniztasunaren ikuspegia arlo ezberdinetan txertatu nahi da eta eragile guztiak aktiboak izatea bultzatu.

Bestalde, Ordiziara bizitzera datozen jatorri ezberdineko pertsonei, bereziki arrisku egoeran daudenei edo diskriminaziorako joera izan dezaketenei, oinarrizko zerbitzuen berri emango zaie eta elkarbizitzarako baliabideetara bideratu. Gainera, euskara eta euskal kultura eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna kontuan izango dira.

Helburu hauek guztiak lortzeko hainbat ekimen martxan jarriko dira. Aste honetan bertan, biharko aurkezpenaz gain, hitzaldia izango da. Larunbatean, 16.30ean, Atzerritartasun Legeari buruz hitz egingo da D’elikatuz zentroan. Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkartekoak etorriko dira gaiaren berri ematera. Ekitaldi hau ordiziar guztientzat antolatu da.

Datorren asteko asteazkenean, hilaren 28an, Ongi etorri Ordiziara! izeneko ekitaldia izango da Barrena kultur etxean. 19.00etan hasiko da. Saio hau herrira heldu berriei zuzenduta dago. Oraindik ez dituzte bertan eskaintzen diren baliabideak ezagutzen eta hitzaldi honetan berauen berri emango zaie. Gainera, herriaren historiaz eta kulturaz hitz egingo da.

Udalak garrantzia handia eman dio egitasmo honi eta, hala, migrazio eta aniztasun teknikari bat lanean jarri du. Ainara Ormaetxea du izena eta berarekin harremanetan jarri nahi dutenak 943 889807 telefono zenbakira deitu dezakete edo aniztasunaoh@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)