Tolosako lau juduren hilketak Frantziako kanpaina astindu du
Erlijio irakasle bat, haren bi alabak eta beste ume bat hil ditu tiroz pertsona batek; joan den astean hiru militar hil zituen bera dela diote Sarkozyk eta Hollandek bozen agenda eten, eta «tragedia» gaitzetsi dute tiroketa lekuan
Berria, , 20-03-2012Okzitaniako Tolosan, komunitate juduaren auzoko eskolan, erlijio irakasle bat, haren bi alabak eta zuzendariaren alaba hil ditu pertsona batek tiroka, eta Frantzia osoa hara begira jarri da; Nicolas Sarkozy presidentea lehena: atzo goizean goiz, gertaeraren berri izan orduko, apirileko presidentetzarako bozen kanpainako agenda bertan behera utzi, eta eguerdia baino lehen iritsi zen, gertaerarekin lotura duten instituzioetako ordezkariekin: Hezkuntza eta Barne ministroekin eta Frantziako Juduen Ordezkarien Kontseiluko presidentearekin. François Hollande sozialisten presidentegaia, zeina orain arte presidentetzarako faboritoa den, beranduago, baina eguerdirako ere han zen. Biek dakite atzotik kanpainak beste norabide bat hartu duela, eta saminak herritarrak astintzen dituenean presidenteak edota izango denak sendo eta eraginkor agertu behar duela. Errepublikaren izaera indartsua izan dute biek ahotan.
Gizon bat motorrean agertu zen atzo Ozar Hatorah eskola judura, 07:55ean, eta atarian eta barruan tiroka hasi zen, kaskoa kendu gabe. Konturatzerako, erlijioko maisua, haren 3 eta 6 urteko alabak eta 10 urteko beste neskato bat hil zituen; beste bost zauritu daude, horietako bat oso larri. Joan den astean inguruan egin ziren bi tiroketetan erabilitako armarekin hil ditu, eta motor bera erabili du. Hiru militar hil zituen orduan, jatorri magrebtarrekoak hirurak. Joera neonazia duten hiru militar ikertzen ari da Polizia, Le Point egunkariak azaldu duenez.
Atzo, eskolak hasteko zirela, atarian zeuden guraso eta ikasle taldetxo bati egin zion tiro lehenik, eta, ondoren, eskolan sartu, eta ikasleen atzetik joan zen tiroka, lekukoek esan dutenez; barruan zegoela, «aurrean jarri zitzaion guztiari» egin zion tiro, Michel Valet fiskalak esan duenez.
Edonori itsu-itsuan erasotzea izan daiteke hitzailearentzat ekintzarako arrazoi bat, bestelako motibaziorik izan gabe, baina Richard Pasquierrek, juduen instituzioetako presidenteak, ezin dio utzi pentsatzeari «haur juduak izateak eragin duela hiltzailearen aukeraketan».
Frantziako presidentearentzat, ororen gainetik, «tragedia nazionala» da gertatutakoa. «Gure umeak dira, ez soilik zuenak; gure umeak ere badira», adierazi die biktimen senideei. Sarkozyk berak ama jatorri judukoa du, eta aitonarekin harreman estua izan du. Hark nazien istorioak kontatzen zizkion, eta oso gertu du komunitate hori, beti aipatzen duenez. Baina hori alde batera utzita, komunitate judua ez ezik, komunitate nazionala ere hunkituta dago. «Baina ez dugu etsi behar izuaren aurrean. Errepublika gorrotoa baino askoz indartsuagoa da», esan zuen Sarkozyk. Arratsaldean ez zen eguerdian bezain neurritsu agertu presidentea, eta esan zuen krimenaren arrazoia antisemita dela «begi bistakoa» dela. Hiltzailea harrapatuko dutela agindu zuen.
Hollandek ere argi dauka juduak jomuga izan dituen erasoa dela: «Antisemita izateari zitalkeria erantsi behar zaio. Tragediak Frantzia osoari eraso dio». Errepublika aipatuz hark ere, frantziarren erantzun bateratua eta irmoa eskatu du. Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak ere bertan behera utzi du kanpaina, horrelakoetan ez dagoelako «ez ezkerrik, ez eskuinik: politikak alde batera geratu behar du».
Ikerketa
Poliziak 9 eta 11,43 milimetroko bala zorroak topatu ditu hilketaren lekuan, Ozar Hatorah lizeoan. Iksatetxeko sarreran 9 milimetrokoa erabili zuen hiltzaileak, eta hori trabatu ondoren, barrualdean beste arma batekin jarraitu zuen erasoan. Agintariek uste dute joan den astean hiru militar paraxutistak hil zituen gizon bera dela, arma bera delako eta motorra ere bai, baina ez hori bakarrik. Hil zuen lehen militarrarena zen motorra, Suzuki 650 Bandit beltz bat, eta hil ondoren lapurtu zion. Internetez jarri zen harekin harremanean, motorra erosi nahi zuela eta, eta sarean egon daitezkeen arrastoak ikertzen ari da Polizia.
Armari dagokionez, orduan ere 11,43 milimetrokoa zen kalibrea. Claude Gueant Barne ministroak eta Nicolas Sarkozy presidenteak «antzekotasunak» aipatu dituzte, eta «jarduteko modu bera». Parisko Fiskaltzak hartu du bere gain hiru erasoen ikerketa, eta Tolosa inguruan «alerta antiterrorista maila gorenean» ezarri du Sarkozyk.
Hilketen ostean, juduak eta musulmanak babesteko asmoz, sinagogetan eta meskitetan segurtasun neurri bereziak hartu dituzte, eta militarrek «zuhurtziarako mezuak jaso dituzte», Sarkozyren arabera. Gaur, berriz, herrialdeko eskola guztietan minutu bateko isilunea egingo dute hildakoen eta zaurituen alde.
Gorpuak, Israelera
Sarkozyk gutxienez bihar arte utziko du bertan behera kanpaina, hildakoen aldeko ekitaldietan parte hartzeko. Atzo arratsaldean Parisko Nazareteko sinagogako ekitaldian izan zen, baita Hollande ere. Hildakoak Israelen lurperatuko dituztela eta, oso litekeena da harako bidea egitea bi buruzagiek. Tel Avivek gorpuak «lehenbailehen» eramateko eskatu du.
NBE kritikatu du Netanyahuk, eta Abbasek hilketa gaitzetsi
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak NBE Nazio Batuen Erakundea kritikatu du, ez duelako «inolako gaitzespenik entzun», eta erakundeak Hamaseko kide bat hartu duelako egun berean. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak gaitzetsi egin du Frantziako hilketa.
25.000
Tolosako juduak.
Tolosan 25.000 judu bizi dira. Frantziak du Europa mendebaldeko komunitate judu handiena: 500.000tik 700.000era bitartean. Estatuko laugarren erlijioa da judaismoa, katolizismoaren, islamaren eta protestantismoaren ostean.
Juduen eraikinen segurtasuna indartuta dago 2005etik
Juduen eraikuntzek segurtasun berezia dute Frantzian 2005az geroztik. XXI. mendearen hasierako urteetan juduen kontra izandako erasoen ostean, Parisek sinagogei eta haien eskolei eta eraikinei segurtasun neurri bereziak ezartzea erabaki zuen. Bost urterako segurtasun plana onartu zuen gobernuak 2005ean, eta 487 eraikinetan jarri zituen segurtasun neurriak: hesiak, kamerak, alarma sistemak, ate blindatuak…
Bost urteko planak hiru milioi euroko kostua izan du. Iaz iraungi zen plana, baina gobernuak beste bost urterako berritu zuen: urtean 300.000ko kostua izango du. Claude Gueant Barne ministroak, hala ere, juduen eraikinen segurtasun neurriak sendotzea agindu du.
Baionako sinagogan Tolosako hildakoak omendu dituzte
Baionako sinagogan Okzitaniako Tolosan hildako lau lagunen omenezko zeremonia egin zuten atzo iluntzean. Bestalde, joan den astean Tolosan bertan eta Montaubanen gizon batek tiroz hildako beste hiru militarrak ere gogoan izan ziztuzten Lapurdiko hiruburuko sinagogan egindako zeremonian.
(Puede haber caducado)