Etorkinen zerga berrikusiko du Italiak

Berlusconik herrialdean bizitzeko baimena berritzeko ezarritako tasa hil honen amaieran sartuko da indarrean

Berria, , 05-01-2012

Erredakzioa

Silvio Berlusconiren agintaldian ezarritako lege polemikoetako bat berrikusteko prest agertu da Italiako Gobernua. Herrialdean bizitzeko baimena berritzeko etorkinek ordaindu beharreko tasari dagokiona da. Araua hil honen amaieran da indarrean sartzekoa, baina Mario Montiren gobernuak «gogoeta sakona» ireki du horren inguruan.

Aitzineko gobernuak joan den urrian onartutakoaren arabera, etorkinek 80 eta 200 euro bitartean ordaindu beharko dute Italian bizitzeko baimena berritzeko —baimenaren epearen araberakoa da zerga—. Araua berrikusteak, ordea, ez du erran nahi bertan behera utziko dutenik. «Krisialdi honek ez die soilik italiarrei eragiten, baita hemen bizi diren langile atzerritarrei ere. Horregatik, egiaztatu beharra dago arauaren aplikazioa alda daitekeen langilearen irabazien eta haren familia nukleoaren osaketaren arabera», adierazi dute Annamaria Cancellieri Barne ministroak eta Andrea Riccardi Integraziorako eta Nazioarteko Elkarlanerako ministroak, ohar baten bidez.

Tasa ezartzeko dekretua Roberto Maroni Barne ministro ohiak eta Giulio Tremonti Ekonomia ministro ohiak sinatu zuten joan den urriaren 6an. Estatuak etorkinei ezarritako zergaren bidez hainbat egitasmo finantzatu nahi ditu: adibidez, egoera legeztatua ez duten immigranteak bidaltzeko erabiltzen den aberriratze funtsa, eta ordena publikoarekin eta segurtasunarekin zerikusia duten Barne Ministerioaren gastuak.

Lega Nord, haserre

Lega Nord eskuineko alderdi federalista, baina, irmo mintzatu da tasa berrikustearen aurka, bertzeak bertze, Berlusconiren gobernukidea zelako eta zergaren bultzatzailea izan zelako. «Montiren gobernuko ministroentzat geure pentsiodunak eta langileak estutzea eta haien aurrezkiak eta lehenbiziko etxebizitzak zergapetzea zilegi da, baina etorkinei ez zaie deus eskatu behar», adierazi du Roberto Calderoli ministro ohiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)