Francesco Vacchiano. Psikologoa eta antropologoa
«Etorkin adingabeek beren familiari ez huts egiteko zama eta presioa dute»
Bertako nahiz atzerriko adingabeei eskaintzen zaizkien harrera eta arreta sistemak bateratzeko beharra dagoela dio Francesco Vacchiano psikologo eta antropologoak.
Berria, , 28-05-2011Jende askok uste baino gizarterako nahi handiagoa dute etorkin adingabeek, Francesco Vacchiano psikologo eta antropologoaren arabera. Vacchianok haiekin lan egiten du Italian eta Portugalen, eta egokiago ikusten du etorkin adingabeak harrera familietan egotea, zentroetan baino. SOS Arrazakeria etorkin adingabeei buruz Donostian egiten ari den jardunaldietan ari da parte hartzen Vacchiano.
Hitzaldian aipatu duzu adingabe askok familia salbatzeko xedearekin ihes egiten dutela sorterritik?
Bai, halaxe da. Itxaropen eta helburu horrekin egiten dute. Pentsa nolako presioa den hori.
Adingabe horietako batzuek izaten dituzten buruko gaixotasun eta portaera arazoez jardun duzu. Ardura hori al dago horien atzean?
Hori, baina baita beste faktore asko ere. Kontuan izan behar da adingabe horietako askok oso bizimodu gogorra izaten dutela jaiotzen direnetik. Horri, hona etortzeko bidaiaren esperientzia gogorra gehitu behar zaio. Hemen, gainera, familiari huts ez egiteko zama eta presioa dute. Esperientziarik gogorrenak bizi behar izanda ere, haiei agindutakoa betetzeko beharra dute. Egoera horrek buruko gaixotasunak edo portaera arazoak eragiten dizkie kasu askotan. Psikologo eta hezitzaileon lana da hori guztia bideratzen laguntzea.
Kasu askotan oso esperientzia gogorrak bizi dituzte, gainera.
Bai, zalantzarik gabe. Hor daude sexu esplotazioko sareek harrapatuta etortzen diren adingabeak. Eta, kasu askotan, adingabe horiek beren senideei ez diete kontatzen bizi dituzten egoera gogor horiek. Isilean gordetzen dituzte, aipatutako arduraren zama horrengatik. Halako egoera gogorrak ez gertatzeko, erabakigarria da hemen egiten zaien lehen harrera. Harrera sistema kalitatezkoa bada eta pertsona egokiez inguratzen badira, gai izango dira aurrera egiteko eta gizarteratzek.
Nola jokatu portaera arazoak edo buruko gaixotasunak dituztenekin?
Arreta eta laguntza osoa eskaini behar zaie. Ez diogu osasun alorrari bakarrik begiratu behar. Sare bat bezala funtzionatu behar du, eta hor denok dugu zeresana: herritar arruntetatik hasi eta haiekin lan egiten dugun profesionaletara
Alor horretan nahiko berria den kontzeptu bat erabili duzu: arreta etnopsikiatrikoa. Zer esan nahi du horrek?
Terapia egiteko orduan ezinbestekoa dela haien ohiturak eta kultura ezagutzea eta kontuan hartzea. Horrek erraztu egiten du terapia eta gizarteratzea.
Hemengo harrera sistema ezagutzen al duzu? Zer iritzi duzu?
Beste herrialdeetakoek bezala, hutsuneak ditu. Adibidez, uste dut adingabe horiek gizarteratu nahi badira ez duela zentzurik herri eta hirietatik urrun dauden zentroetan edukitzea. Gainera, ez dut uste egokia denik zentro horietan soilik etorkinak egotea. Hemengo adingabe batzuk ere badira harrera zentroetan. Zergatik ez bateratu? Horrek etorkin adingabeen gerorako integrazioan lagunduko luke. Etorkin adingabeek beraiek esaten dizute bertako gazteak ezagutu nahi dituztela. Aspertuta daude soilik beren sorterrikoekin egoteaz, eta hemengo ohiturak-eta ezagutu nahi dituzte. Jende askok uste baino gizarteratzeko borondate handiagoa dute. Nire ustez, adingabeen harrerarako bitartekoak eta zerbitzuak bateratu egin behar dira. Askoz emaitza hobeak lortuko lirateke, eta sistemarentzat berarentzat eta langileentzat onuragarria izango litzateke.
Kritikoa zara, hortaz, etorkin adingabeentzako zentroekin.
Ez zaizkit egokiak iruditzen. Zenbat eta handiagoak izan, gainera, okerragoa da. Horietan porrota ia ziurtatuta dago. Zenbat eta gazteagoak izan, hobe. Nire ustez, gainera, adingabe horientzat egokiagoa da harrera familia batean egotea, zentro batean baino. Harrera familien aukera indartu beharko litzateke, eta ez zentroena.
Zergatik?
Arrazoia oso sinplea da. Gaztetxoa zarenean zure erreferentea familia da. Familia da arazoak edo kezkak dituzunean laguntzen edo babesten zaituena. Kasu honetan ere hori da adingabeek behar dutena.
Erakundeen aldetik erreferente baten falta dutela ere nabarmendu duzu.
Bai. Askotan gertatzen da hori. Pisu eta zentroetako begiraleek, adibidez, askotan ez dakite lehenago zer gertatu den bertan edo nolakoak diren adingabeak. Hori ezinbestekoa da egunean-egunean arazo eta egoerei aurre egiteko, eta etorkizunean izango dituztenei ere bai. Maiz aldatzen dituzte, gainera, zentroz. Beraz, hezitzaileei zaila egiten zaie neurria hartzea. Adingabe batekin arazo edo ezusteko bat dutenean, ez dakite nora jo. Adingabeek ere erreferente bat behar dute erakundeetan, hona iristen diren unetik laguntzeko
Hemen erreferente bat izatearekin batera, ezinbestekoa da sorterrian utzi duten familiarekin harremanetan jarraitzea, ezta?
Bai, noski. Alor horretan gaur egun ez da behar bezainbeste egiten. Ezinbestekoa da adingabeek familiarekin harremanetan jarraitzea. Horrek lasaitasuna eta indarra ematen die.
(Puede haber caducado)