PERTSONAIA. GEERT WILDERS

Xenofobiaren printzea

Berria, , 24-06-2011

MIKEL ROTAETXE
Geert Wilders (Venlo, 1963) Herbehereetako politikariaren oihartzuna hedabideetara itzuli da beste behin. Bederatzi hilabeteko epaiketa polemiko baten ostean, Amsterdamgo auzitegi batek aske utzi du PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko burua. Iazko urrian arrazakeriaren aurkako zenbait erakundeek Wilders akusatuen aulkian eseraraztea lortu zuten, «islamaren aurkako gorroto eta diskriminazio mezu garbi bat» defendatzeagatik. Baina epaitegiak aske utzi du Wilders; «haren hitzak kultur aniztasunari buruzko eztabaida politikoaren testuinguru batean entzun zirelako, eta ez zutelako inolako muga etikorik igaro», argudiatu dute. Akusatua harro irten da auzitegitik: «Adierazpen askatasuna da gaurko garailea».

Wilders ez da ohiko politikaria. 2006an egin zen ospetsu, PVV alderdi xenofoboa sortu eta Legebiltzarrerako hauteskundeetan bederatzi eserleku lortuta. Geroztik, immigrazioaren eta islamaren aurka eginiko adierazpen polemikoengatik, gizarte oso baten miresmena edo gorrotoa irabazi du.

Marine Le Pen, Joerg Haider eta antzeko eskuin muturreko agintarien eredu da: gaztea, karismatikoa eta hizlari ona. Ez du inolako lotsarik Korana Hitlerren Mein Kampf-ekin alderatzeko, edota bideo baten bidez islamaren aurkako gurutzadarako deia egiteko. Baina egungo eskuin muturraren ohiko gaiak defendatzen dituen arren —identitate nazionalaren defentsa edota immigrazio eta Europaren kontrako gorrotoa—, ez da haiekin identifikatzen: «Nire eredua ez da Le Pen edo [Umberto] Bossi. Ez naiz faxista».

Dena dela, ez zaio gaizki joan Wildersi: gaur egun haren alderdia bigarrena da Legebiltzarrean, eta Mark Rutte kontserbadorea haren botoei esker da presidente. Baina haren anbizioa harago doa: «Lehen ministro izango naiz». •

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)