Eskualdeko 11 herritan kulturartekotasun programa garatuko du Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Udalerrietan antolatutako udalekuetan eskainiko dute egitasmoa, 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat

Deia, Iñigo Alberdi, 23-06-2011

Gernika – Lumo. Eskualdeko hainbat herrik euren Udalekuak antolatu dituzte sasoi honetarako. Bada, horiek aprobetxatuz, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Mundu berri baten bila gure lurrari begira egitasmoa eskainiko die 4 eta 12 urte bitarteko umeei. “Ekitaldi eta jolasen bidez beste kulturak ezagutzera eta errespetatzera lagunduko diete”, azaldu dutenez.

Gero eta nabariagoa da kulturaniztasuna lantzeko beharra eskualdean, batez ere “adinagatik ikastetxeetako programazioan parte hartzen ez duten umeei zuzendutakoa” delako. Eta baita, datuei erreparatuz, Busturialdeko biztanleriaren %6,8 beste herrialde batzuetatik etorria delako. “Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egiteko helburua duen” programa Busturia, Ea, Elantxobe, Foru, Arteaga, Gernika – Lumoko Bakearen Museoan, Mendata, Morga, Muxika eta Sukarrietako udalekuetan garatuko da. Baita Nabarnizen ere, nahiz eta “urtean zehar larunbatero antolatzen duen ludotekan” izango den.

Udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio izango dituzte, nahiz eta datak eta ordutegiak herri bakoi – tzaren antolaketaren arabera moldatuko dituen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Immigrazio Zuzendaritzak. “Lehen saioak datorren astelehenean hasiko dira Gernika – Lumoko Bakearen Museoan eta azkenak, abuztuan, Arteagan eta Elantxoben”, zehaztu dute. Informazio osogarria jasotzeko Udalen zerbitzuetara jo beharko da.

Jolasa Hirugarrenez egiten den programaren helburua “gure munduan kulturan, hizkuntzetan eta ekosistemetan ematen den aniztasuna ezagutzera ematea da”. Besteak beste, haurrek Maroko edo Errumaniako jokoak edota munduko toki desberdinetako janariak prestatuko dituzte", azaldu dutenez. Horrez gain, umeek “Brasil, Senegal, China, Errumania eta Saharako euren adineko neska – mutilen bizimodua ere ezagutuko dute”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)