Enplegu bulegoetan etorkinak «kontrolatuak» daudela salatu dute
Europako Batasunetik kanpoko atzerritarrak diskriminatzen dituztela adierazi du SOS Arrazakeriak
Berria, , 17-06-2011ERKUDEN RUIZ IRUÑEA
«Pasaportea identifikatzeko eskatzen badute, ez dago arazorik. Diskriminazioa gertatzen da non eta noiz egon diren begiratzen dutenean». Javier Indurain Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak salatu du Europako Batasunetik kanpoko etorkinei Estatuko Enplegu Publikoko Zerbitzuko bulegoetan pasaportea eskatzen dietela. «Edozein baliabide eskatzeko nahikoa da identifikazio agiria erakustea». Araua «legezkotasunetik kanpo» dagoela dio Indurainek, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari bertan behera uzteko eskatu dio SOS Arrazakeriak.
Langabeziako diru laguntzak eskatzeko, nahikoa da Enplegu Zerbitzuko bulegoetan identifikazio agiria erakustea. Behintzat, horrela dio arauak. Europako Batasunetik kanpoko etorkinek, ordea, atzerritarrak identifikatzeko agiria ez ezik, pasaportea erakutsi behar dute. «Etorkinen legeak dio atzerritarrak identifikatzeko agiriak gure NANak bezalako balioa duela. Pertsona identifikatzeko nahikoa da, beraz». Pasaportea erakutsi behar izatea «diskriminaziozkoa» dela adierazi du Indurainek.
«Pasaportea eskatzen dute eta non egon diren begiratzen dute». Langabeziaren diru laguntza jasotzen zuten bitartean atzerrian egon badira espedientea eta isunak jartzen dizkietela azaldu du Indurainek: langabeziaren diru laguntza kentzea, lan bizitza hutsetik hastea edo momentura arte jasotako langabezia laguntza guztiak itzuli behar izatea, besteak beste. Legeak dio langabezian dagoen pertsonak Enplegu Zerbitzuaren baimena izan behar duela herrialdetik joateko. «Jendeak ez du eskatzen, baina Europako Batasuneko kanpoko etorkinei bakarrik begiratzen diete kanpoan egon diren».
Langabeziaren diru laguntzak eskatzeko, «guztiei» dokumentazio berdina galdegitea eskatu du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak. Gainera, etorkinei pasaportea eskatzea «legez kanpokoa» ote den aztertzen ari direla esan du. Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin bilerak izan dituzte, eta Nafarroako Arartekoan salaketa aurkeztuko dute. Zenbait sindikatuk eta elkartek bat egin dute manifestuarekin.
(Puede haber caducado)