Paperik gabeko hogei lagun atxilotu ditu Poliziak Bilbon
Zorrotzaurreko pabiloi batean atzeman ditu Espainiako Poliziak, eta hainbati kanporatze aginduak ireki dizkie
Berria, , 17-06-2011Atzo goizeko zazpiak aldera, Espainiako Polizia Zorrotzaurreko (Bilbo) pabilioi batean sartu zen, eta bertan lotan zeuden hogei pertsona atxilotu egin zituen. Atxilotutakoak paperik gabeko atzerritarrak dira, eta haietako hainbati kanporatze aginduak ireki zizkieten, Bizkaiko SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez. Erakunde horren beraren arabera, gutxienez atxilotuetako beste lau pertsona atzerritarrentzako barneratze zentro batera eramateko arriskuan daude, eta horrek kanporatuak izatera eramango lituzke.
Goizean gertatutako atxiloketak salatzeko, manifestazioa egin zuten arratsaldean Bilbon; atxiloketak salatzeko ez ezik, barneratzeko zentroak ixteko eskatzeko ere bai. Gure herria, denontzako tokia; Inor ez da legez kanpokoa eta beste hainbat lelo entzun ziren Arriaga plazatik udaletxerainoko bidean.
«Ez da Bilbon Atzerritartasun Legea etxerik gabe dauden pertsonen kontra erabiltzen den lehen aldia. Pertsona hauek, etorkinak eta etxerik gabekoak izanda, bazterkeria bikoitza pairatzen dute», salatu du SOS Arrazakeriak. Bide batez, instituzioen jokabidea gaitzetsi du arrazakeriaren aurkako erakundeak: «Euren egoerari irtenbide bat bilatu eta etxebizitza duina izateko daukaten eskubidea bermatu ordez, Polizia bidaltzen dute, eta, hala, kanporatze aginduarekin euren egoera larritzen eta euren kanporatzea sustatzen».
Atzerritarren eskubideak
Hain justu, atzerritarrentzako barneratze zentroak ixteko exijitu zuten, atzo, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aldi berean antolatutako ekimen batean. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Galiziako 350 elkarte inguruk zentro horiek ixteko eskatzen duen manifestu bat sinatu berri dute, eta atzo Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan aurkeztu zuten. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Manifestuaren sinatzaileek uste dute atzerritarrentzako zentroak ez datozela bat Espainiak nazioartean giza eskubideen alde sinatu dituen konpromisoekin.
Espainiako Gobernua zentro horien funtzionamendurako arautegia ari da prestatzen gaur egun. Hain zuzen ere, sinatzaileen arabera, zentro horiek ez dira zuzenbide estatuarekin bateragarriak,eta horregatik haiek ixteko eskatu dute, «edota gutxienez, arautegiak atxikitzen dituzten pertsona atzerritarren eskubideak jaso ditzala».
Era berean, Espainiako Gobernuak araua prestatzerakoan izan duen «obskurantismoak» kezkatuta agertu dira, eta barneratze zentroei buruzko informazio «argiagoa» eskatu dute. Era berean, zentro horietara iristen diren atzerritarrei beren egoerari buruzko informazioa ulertuko duten hizkuntza batean eman behar zaiela adierazi dute manifestua izenpetu duten erakundeek.
Barneratze zentroetan zaintza kamerak jartzeko ere eskatu dute, salbu logeletan eta bainugeletan, «atzerritarrentzako barneratze zentroan dauden pertsona guztien segurtasuna bermatzeko».
Manifestuaren sinatzaileen artean Euskal Herriko 34 elkarte eta erakunde daude, besteak beste, SOS Arrazakeria, Harresiak Apurtuz, Hegoa garapenerako institutua, EILAS sindikatua, Markina-Xemeingo senegaldarren elkartea, Berdinak Gara taldea, Salhaketa, Mugak, Plazandreok, Munduko Medikuak, Nafarroako Etorkinen Koordinadora, Lumatza…
Manifestua milatik gora pertsonak ere sinatu dute, beste batzuen artean, Manu Chao eta Lluis Llach musikariek, Carlo Frabetti, Carme Riera eta Rosa Regas idazleek eta Fernando Leon de Aranoa zinemagileak.
(Puede haber caducado)