Eraso transfoboa ustez egin zuena ez da agertu epaiketara
Nascimento da Silvaren ustez, «garaipena» da gertaera; haren aurka jarritako salaketa bertan behera geratu da
Berria, , 10-06-2011Emakume transexual baten aurkako erasoa epaitzekoak ziren atzo Gasteizen, baina ustezko irain laidogarriak egin zituen emakumea ez zen epaiketan agertu. «Emakumea agertu ez izana transexualen kolektiboaren aldarrikapenen garaipentzat hartzen dugu», adierazi zuen erasoa salatu zuen andreak, Casandra Nascimento da Silvak, epaiketaren ostean. Bide batez, irainak eta bestelako erasoak jasaten dituzten pertsona transexualak gogorarazi zituen, askok salaketarik jartzen ez dutela gaineratuz.
Apirilaren 19an ustezko irainak esan zituen emakumeak ere salaketa jarri zuen Nascimento da Silvaren aurka, eraso egin ziola argudiatuta, baina bertan behera gelditu da epaiketan agertu ez delako. Ordea, Nascimento da Silvak jarritako salaketak aurrera jarraitzen du, eta epaileari atzo eskaini zion azalpenak lekuko baten babesa du, irainak hasi ziren dendako langile baten babesa, alegia. Epaiketa gertatzen ari zen bitartean Las trans, Lumagorri, Pikarrai, 7menos20, Bilgune Feminista eta Errespetuz elkarteak bildu ziren Transfobiaren aurka, gorputzak askatasunez bizi lelopean. Taldeek epailearen hizkera kritikatu zuten, uneoro maskulinoa erabili baitzuen Nascimento da Silvari hitz egitean
(Puede haber caducado)