Ijitoen egoera Europan
Gutxiengo handienaren amesgaiztoa
Krisi ekonomikoak eragindako langabeziak eta eskuin muturrak gora egin ahala, ijitoen kontrako erasoak ugaritu egin dira Europan. Neurriak hartzeko unea dela dio Bruselak.
Berria, , 26-05-2011Jon Fernandez
Haizkorekin eta zartailuekin ateratzen dira kalera, pitbull arrazako txakurrak ondoan dituztela sarri. Azken hilabeteotan Etorkizun Hoberako Guardia Zibila deituriko erakunde erradikalak beldurrez hustu ditu Hungariako hainbat herritako kaleak. Patruilan joaten dira, polizien eta epaileen lana eurengan hartu eta «ijitoek eragiten duten kriminalitateari aurre egitera». Lau lagun hil dituzte bi urtean, eta zaurituen zerrenda luzea utzi dute. Duela hilabete eskas egin zuten azken erasoa, Gyongyuospata herrian, eta lau lagun zauritu zituzten, horietako bat larri.
«Berlusconi atzetik segika darabilgu, eta bere Poliziak gure etxolak desegiten ditu. Sarkozyk deserrira bidaltzen gaitu, bere mugetatik kanpora botaz. Baina Hungarian untxiak bezala hiltzen gaituzte». Juan de Dios Ramirez-Heredia Union Romani elkarteko presidenteak BERRIAri esandakoak dira hitzak. Espainiako Kongresuko lehenengo diputatu ijitoa izan zen Ramirez-Heredia, 1977tik 1986ra bitartean. «Espainiako Konstituzioa hain maite duten arrazistei behin eta berriz gogorarazten diet gogoan izan dezatela ijito batek sinatuta dagoela», dio harrotasun puntu batez. Europako Parlamentuko diputatua ere izan zen 1986tik 1999ra bitartean, PSOE alderdiaren ordezkari gisa, eta zuzen-zuzenean ezagutzen du ijitoek Europako Batasunean bizi duten egoera. «Beharbada, Espainian aurki dezakegu egoerarik onena. Txarrenak, berriz, Italian, Frantzian eta bereziki Hungarian».
Oro har, eskuin muturraren gorakadak areagotu egin du ijitoen kontrako oldarraldia. Larria da oso ijitoek Europako Batasuneko hainbat estatutan bizi duten egoera, baina Hungarian muga guztiak gainditu dituzte.
Hungariako ijitoen hilketak ohiko albiste bilakatu dira bertako egunkarietan. Iaz piztu ziren alarma guztiak, Robert Csorba 27 urteko gizona eta Robert bost urteko semea hil zituztenean. Ultraeskuindarrek su eman zioten euren etxeari, eta, ihesi atera zirenean, tiroz hil zituzten biak. Bata bestearen atzetik. Harrezkero hilketa gehiago ere izan dira; azkenak iragan azaroan izan ziren. Nagaycsecs herriko bi anaia hil zituzten paramilitarrek, Robert aita-semeak hil zituzten modu berean. Ijitoen etniakoak izatea zuten delitu bakarra.
Arrazisten babes politikoa
Ijitoen kontrako tentsioak gora egin du Hungarian, eta batez ere martxoan ugaritu ziren talde paramilitarren larderiazko martxak. Bereziki hegoaldean ugaritu ziren, baina herrialdearen ipar ekialdean ere kalean ibili ziren Vedero talde paramilitarreko kideak, Etorkizun Hoberako Guardia Zibilaren antzekoak. «Beldurtuta gaude. Ezin ditut burutik kendu gure auzoetan uniformez eta bota beltzekin kantu militarrak abestuz desfilatzen zuten gizonak», dio Janos Farkas Gyongyuospatako ijitoen buruak.
Beldurgarriena, ordea, talde paramilitar horiek duten babes politikoa da. Jobbik eskuin muturreko alderdiak 47 eserleku ditu Hungariako Legebiltzarrean —ganberaren %15—. Hala ere, arrazismoa ezin dela ideologia politiko jakin bati soilik atxiki uste du Ramirez-Herediak: «Akats larria litzateke jarrera arrazistak soilik eskuin politikoari egoztea. Baina, jakina, horrek ez du esan nahi eskuineko sektore batzuetan diskurtso guztiz arrazistak harrera hobea ez duenik».
Hungarian ijitoak hiltzen ari direla nabarmentzen du behin eta berriz Ramirez-Herediak, baina argi utzi nahi du hiltzen ari dena ez dela Hungariako Gobernua. «Herrialde horretan bizi dugun indarkeriazko arrazakeria hiltzaileak arrazoi bakarra du: mugimendu nazien kontra behar adina irmotasun erakutsi ez izana. Eta jakin badakit Hungariako Gobernua dela egoerak gehien larritzen duena». Eta, berandu bada ere, hasi da neurriak hartzen. Zigor Kodean aldaketa batzuk egitea onartu zuen parlamentuak iragan martxoaren 5ean, eskuin muturrekoen martxak debekatzeko. Zigor Kode berriak hiru urtera arteko espetxe zigorra aurreikusten du «edozein gutxiengotako kideak beldurtzen dituztenentzat».
Europako presidentzia
Ijitoen kontrako oldarraldiaren gorakadak Europako Batasunaren presidentzia aldian harrapatu du Hungaria. Gainera, sei hilabeteko presidentziaren helburu nagusia ijitoen gizarteratzea dela nabarmendu du Viktor Orban lehen ministroaren zentro-eskuineko gobernuak.
Nolanahi ere, ijitoen egoera muturrekoa da kontinenteko beste hainbat estatu kidetan ere. Europako Batasuneko gutxiengorik handiena osatzen dute: 10 eta 12 milioi ijito inguru bizi dira gaur egun 27 estatu kideetan. EBko herritarrak izan arren, bazterketa soziala eta diskriminazioa pairatzen dute kasurik gehienetan. Aurreiritzi eta estereotipo ugari lotzen zaizkie etnia horretako kideei, eta horrek langabeziara eta pobreziara bultzatzen ditu.
Hori horrela, ijitoen gizarteratzea hobetzeko «neurri zehatzak» martxan jartzeko konpromisoa iragarri zuten EBko herrialde guztiek joan den astean. Lan eta Gizarte Arazoen EBko Kontseiluak onartu du testua, eta 27 estatu kideetako Lan eta Gizarte Arazoetako ministroek ijitoen diskriminazioari aurre egiteko marko estrategiko komun bat hitzartu dute datorren hamarkadarako.
Hitzartutako testuak estatu mailako neurri zehatzak aurkezteko eskatzen die estatu kideei, ijitoek lana, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza eskuragarri izan dezaten. Horrez gain, ijitoen gizarteratzera bideratzen diren Europako funtsak modu eraginkorragoan erabiltzeko eta emaitza zehatzak aztertzeko eskaria egiten du. Urte hau amaitu aurretik igorri beharko du estatu bakoitzak ijitoak gizarteratzeko plan zehatza Bruselara.
«Ijitoen egungo egoera bateraezina da EBren baloreekin, eta baita barne hartzean oinarritzen den EBren garapen ekonomikoarekin ere», Laszlo Andor Lan eta Gizarte Arazoen komisarioaren ustez. Horregatik bultzatu dute ijitoen gizarteratzea sustatzeko Europako plana, hain justu, egungo egoera errotik aldatzeko.
«Benetako aldaketa lortzeko, neurri zehatzak hartzeko unea iritsi da», Viviane Reding Europako Batzordeko presidenteordeak eta Justizia eta Oinarrizko Eskubideen komisarioaren arabera. Datozen hamar urteetan Brusela estatu bakoitzaren emaitzak erregularki aztertzeaz eta estatu kideen artean ijitoen inguruko politikak bateratzeaz arduratuko dela esan du Redingek, «aurrerapen errealak egiten ari garela ziurtatzeko».
Hala ere, «EBren plana ez da nahikoa», Zoltan Balog Gizarteratzearen Hungariako Estatu idazkariarentzat: «Ez da plan magikoa, eta ijitoen gizarteratzearen erantzukizuna EBko estatu bakoitzarena da». Hortaz, estatu bakoitzari diru funts gehiago emateko eskatu du Balogek, «ijitoak masiboki sar daitezen legezko lan merkatuan». Horixe da, hain zuzen, EBren planaren xede nagusia, ijitoen langabezia tasa nabarmen jaistea. «Ijitoek osatzen dute EBko gutxiengo handiena, eta ezinbestekoa da lan mundura sartzea pobrezia desagerrarazteko», Redingen ustez. Horretarako, ijito biztanleriaren araberako ahalegina eskatu dio estatu kide bakoitzari. EBko estatu eta gobernuburuek ekainaren 24an eztabaidatu eta onartuko dute ijitoentzako plan estrategikoa, Hungariako sei hileko presidentziaren amaieran.
«Ijitoen gaineko adierazpen eta ebazpen ugari entzun ditugu azken aldian, baina, azken finean, hitzak baino ez dira», Ramirez-Herediaren ustez. «Zain egoteaz nazkatuta gaude ijitook. Zenbat aldiz eskatu ote dut Estrasburgoko Parlamentuan jada onartuta dauden legeak gauzatzeko ahalegina egitea, horrenbeste ebazpen berri egin ordez». Europako Batasunaren plan estrategiko berriari ere errezeloz begiratzen diote ijitoek. Ramirez-Herediaren aburuz, Bruselak proposatu duena ez dago gaizki, eta bere osotasunean gauzatu behar litzateke. «Baina argi dago geure bizitzan eragiten duen neurri bakar batek ere ez duela aurrera egingo, neurri horretan ijitook aktiboki parte hartzen ez baldin badugu. Paternalismoak akituta gauzka. Karitatez ematen digute justiziaz dagokiguna».
Sorgin ehiza luzea
Dena dela, gaur egun ijitoek Hungarian bizi duten muturreko egoera ez da ezerezetik sortu. Europako ijitoen amesgaiztoak ibilbide luzea izan du, mendeetakoa, baina azken lau urteotan indartu eta hedatu egin da ijitoen sorgin ehiza. «Arrazismoa gaixotasun kutsakorra da, eta batez ere krisi garaian eta atzeraldi ekonomikoaren garaian hedatzen da gehien», Ramirez-Herediaren hitzetan.
Izan ere, eskuinaren gorakadak eta bereziki krisi ekonomikoak ekarritako langabezia maila handiak gaiztotu du ijitoen kontrako jarrera. 2008an hartu zituzten ijitoen kontrako lehenengo neurri gogorrak Italian, eta hainbat herrialdek jarraitu dute bide bera.
Eskuin muturreko Lega Nord alderdiak babestutako Silvio Berlusconiren gobernuak hamarnaka kanpaleku desegin ditu boterera iritsi zenetik. 2008an, ijitoen hatz markekin eta datu biometrikoekin osatutako datu-base bat sortzea erabaki zuen Berlusconik. Adingabeak ere datu-basean sartu nahi zituen, baina Europako Parlamentuak debekatu egin zion ekimena, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 14. artikuluak arraza edo jatorri etnikoagatiko diskriminazioa debekatzen duelako.
Bestalde, iazko udan, Errumaniako eta Bulgariako ijitoen kanpalekuak hustu eta herrialdetik bidaltzeko kanpaina abiarazi zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Kanporatu guztiak EBko herritarrak ziren, eta kritika gogorrak piztu zituen erabakiak: naziek juduen kontra egindako jazarpenarekin alderatu zuten eragile askok. Izatez, II. Mundu Gerraz geroztik mendebaldeko Europan egindako behartutako lehenengo masa mugimendua izan zen. 2010eko irailerako, mila ijitotik gora atzerriratu zituzten. Dena dela, zigortzeko mehatxu egin arren, EBk ez zion oztoporik jarri Parisi.
Ijitoentzako urte txarrak direla dio Ramirez-Herediak. «Berlingo harresia jausi ostean, Europa Ekialdeko demokrazia berrietan ijito ugari aukeratu zituzten legebiltzarretarako. Garai onak izan ziren, itxaropenez bizi izan genituen. Orain, ordea, bakarren bat baino ez dabil politikan; salbuespen kasuak dira. Bistan da ijitook ez garela ijitoentzako politiken protagonistak».
(Puede haber caducado)