Esklabotzatik gertuko lan baldintzak
Pilar Gilek eta Laurak barrutik ezagutzen dute etxeko langileen egoera, eta sektore horrek aldatu beharra daukala diote.
Berria, , 18-05-2011L.M. BILBO
Langile klaseko azken postuan egoten jarraitzen dugu», dio Pilar Gil-ek. 68 urte ditu, eta erretiratuta dago gaur egun, urte luzez garbitzaile modura lan egin eta gero. «Nire garaietatik hona gizartea asko aldatu da, baina sektore honetan ez da ezer aldatu», esan du. Haren ustez, etxeko langileen ereduak aldatu egin beharra dauka, gaur egun dagoen bezala ezin baitu jarraitu. «Haur bakoitzak bere zaintzailea dauka, baina langile hauek ez dute gurasoen lanordua bakarrik betetzen, garraioa eta beste hainbat behar ere bete behar izaten dituzte. Era horretan, lanegunak amaigabeak dira! Eta langile hauek ez daukate euren haurrak zaintzeko eskubiderik ala?», galdetu du.
Laurak (ez du abizena eman nahi izan) barneko langile modura lan egin izan du, eta, haren ustez, lana «gizagabea» da. Langileak ez dauka bizitza sozialik, une oro zaintzapeko pertsonen menpe dago… «Era horretan ez dauka beregan pentsatzeko aukerarik ere», dio. Jakin badaki atzerritarren geroa etxeko lanetara bideratuta dagoela, baina gutxieneko baldintzak eskatzen ditu. Euskal Herrira iritsi baino lehen, erizain laguntzailea zen bere jaioterrian. «Hona iritsi nintzenean ez nuen inongo arazorik izan lana topatzeko, agentzia batera joan bainintzen». Barneko langile modura lanean ziharduen, eta fakturak ikusteko aukera izan zuen egun batean: «Zur eta lur geratu nintzen. Niri pagatzen zidatenaren laukoitza ordaintzen zioten agentziari!».
Edadetuak zaintzen lan egiteko, beste era bateko eredua landu behar dela uste du Pilar Gilek. «Auzoetan zaharrentzako egoitzak behar ditugu, etxeko zerbitzua ematen duten pertsonak… baina ezin dugu jarraitu etxean bertan egun osoz lan egiten duten pertsonak edukitzen. Horrela lan egiteko, lau pertsona beharko ziren, txandaka lan egiten. Bestela, XXI. mendean gizartean oraindik esklaboak edukitzen jarraituko dugu».
(Puede haber caducado)