ETXEKO LANGILEAK
Legearen itzalik gabeko lana
Etxeak garbitzen edo pertsonak zaintzen. Lantokian lo eginez edo bertatik kanpo. Astean 40 ordutik gorako lanaldiarekin, baina gutxiengoak dira Gizarte Segurantzan izena emanda daudenak. Hori da etxeko langileen egunerokotasuna.
Berria, , 18-05-2011K alean, adineko pertsonak zaintzen edo etxe bateko ezkaratza garbitzen. Etxebizitza bat baino gehiagoko garbitasuna euren esku egon ohi da, haur edo edadetuen zaintza bezalaxe. Egunerokotasunean oso presente dagoen kolektiboa da etxeko langileena, baina errealitate horretatik kanpo, ezezagutza handia dago gizartean, Isabel Otxoa Etxeko Langileen Elkarteko (ELE) ordezkariaren ustez. Askok ez dakite lanegun amaigabeak izaten dituztela, eta horren truke gutxieneko soldata besterik ez dutela jasotzen. Edo ez dakite langile horietako gehienek ez dutela Gizarte Segurantzan kotizatzen. Baldintza zailetan lan egiten duen kolektibo ikusezina da.
1985. urtean onartu zen dekretu baten arabera, etxeko langileen egoera arautu zuten Espainian, lan erregimen berezi bati esker. Gaur egun oraindik indarrean dago, eta, horren arabera, etxeko langileek ez dute langabeziarik jasotzeko eskubiderik, ez diete lan istripurik onartzen, eta erretiratu ostean gutxieneko erretiroa besterik ez dute jasotzen. Hori gutxi ez, eta gutxieneko soldata jasotzen dute kasurik gehienetan; beste askotan, baita gutxiago ere.
ELEk 2009. eta 2010. urteen artean 272 etxeko langileri egindako inkesta baten arabera, Bizkaiko kanpoko langileen %37k ez zuten gutxieneko soldatarik jasotzen —Euskal Herrian ez dago era horretako elkarte eta ikerketa gehiagorik—. Horretaz guztiaz gain, Gizarte Segurantzatik kanpo lan egiten dute etxeko langile gehienek.
Eusko Jaurlaritza etxeko langileen inguruan egiten hasi den ikerketaren lehen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 100.000 familiak daukate era horretako zerbitzuren bat. «Hala ere, horrek ez du esan nahi 100.000 langile daudenik, askok etxe batean baino gehiagotan lan egiten baitute», argitu du Otxoak. «Hori kontuan hartuta, 70.000 inguru daudela esan daiteke». Ikerketaren arabera, sektoreko 15.400 langile bakarrik daude Gizarte Segurantzan izena emanda.
Ezkutuan, ezinbestean
Horrenbeste pertsonak era horretan lan egiten duenean ezkutuko ekonomiarako joera dagoela uste du Otxoak. Eta hori gerta dadin legeek horretara bultzatzen dutela dio. Esaterako, etxeko langile batek etxebizitza batean astean 20 ordu baino gutxiago lan egiten baldin baditu, enplegatzaileak ez du Gizarte Segurantzako kuota ordaindu beharrik. Beraz, langileak berak eman behar izaten du izena gehienetan. Hemezortzi ordu baino gutxiago lan eginez gero ordea, hori ere ez, Gizarte Segurantzan ezin baita izenik eman lanordu kopuru horrekin.
Etxeko langileen %83k, ordea, astean 40 ordutik gora lan egiten dute, ELEren ikerketaren arabera. Kanpoko langileen %52k ez dute Gizarte Segurantarik, ezta barnekoen (lan egiten duten etxean bizi direnak)%45ek ere.
Horretaz gain, kontuan hartu behar da, etorkin ugarik lan egiten duela sektore horretan. Bizkaian bertan %95 dira, ELEren arabera. Agentziek etorkin askori «xantaia» egiten dietela salatu du Otxoak. Egoera arautzearen ordainetan, Gizarte Segurantzako kuota guztia edo erdia ordaintzera behartzen dituzte askotan.
Atzerritarren Legeak, gainera, etorkinei galarazi egiten die lehen hiru urteetan Gizarte Segurantzan izena ematea, lan egiteko eskubidea baduten arren. Horretaz gain, askotan ez dute kontraturik izaten, eta «hitzez» hitzartzen da langilearen soldata. «Gehiegizko baldintza horien aurrean, babesik gabe geratzen dira», Otxoaren hitzetan.
ELEko ordezkariak gobernuen pasibotasuna salatu du: «Ez dute Gizarte Segurantzako erregimenik bultzatu nahi, kuota ez delako oso altua, eta erregimen orokorrarekin alderatuz gero baxuagoak direlako. Eta, ondoren, pertsona horiei prestazioak eman behar zaizkie». Beraz, Otxoaren iritziz, etxeko langileei laguntzak eman ahal izateko, zama nagusia erdiko klaseak sumatuko luke, «eta gobernuek ez dute hori nahi».
Amaigabeko lanaldiak
Baldintza horiei guztiei, barneko langileena gehitu behar zaie. Gehienek pertsonak zaintzen lan egiten dute, ia egun osoz, eta etxean bertan egiten dute lo, une oro zaintzen dituzten pertsonen mende. ELEk lortutako datuen arabera, barneko langile guztiek hamar ordutik gorako lanaldiak egiten dituzte egunero, eta gehienek ez daukate atsedenerako tarterik. %59ek ez dute atsedenik hartzen; %10ek bi ordutik gora; eta gainerakoek ordu bat eta bi arteko atsedena hartzeko aukera daukate.
Egunean eguneko atsedenak alde batera utziz, asteko egun guztietan lan egiten dute hamarretik hiru langilek. Gainerakoek egun erditik egun eta erdira arteko atsedenaldiak dauzkate. «Egun osoko lanaldiak posible dira, eta egiten dira, baina legez kanpokoak dira. Legearen arabera», dio Otxoak. Barneko langileek egunero zortzi orduko atsedenaldiak izan behar dituzte, legearen arabera. Barneko langileak bere lantokian lo egiteko aukera ere jasotzen du legeak, baina gaueko prezioa zehaztu gabe.
Zaintza lanetan diharduten langileek kanpoko langileek baino soldata hobeak jasotzen dituzte, baina astean 60 ordutik gora lan egiten dute. Barneko langileen %70ek ez dute beren lanorduen araberako soldatarik jasotzen. Eta kontuan hartu behar da kasu askotan langile horiei soldataren zati bat kentzen dietela, lantokian lo egiteagatik edo jateagatik. Horrek soldata «asko» jaisten du.
Kontratazio agentziak
Etxeko langileek, lana topatzeko garaian, kontratazio agentzietara jotzen dute kasu askotan. Etxeko langile bat behar dutenek ere bai. Legea betetzeko, agentziak langileak kontratatu behar ditu, Gizarte Segurantzan izena emateaz arduratu behar du, eta langileek etxeetara bidali behar ditu. Era horretan lan egiten duten agentziak ez dira asko Bizkaian, Otxoak jakinarazi duenez. Horien ordez, bitartekaritza lana egiten duten agentziak gailentzen ari dira.
Agentzia horiek langilea eta enplegatzailea harremanetan jartzen dituzte. «Besterik ez dute egiten, eta, gainera, horregatik kobratzen dute», dio Otxoak. Kasu horietan, enplegatzaileak agentziari ordaintzen dio garbitzailearen soldata, eta agentziak gero langileari. «Bidean, diru kopuru bat eurentzat hartzen dute agentziek». Zenbat? «Kasuren batean ikusi dugu langileari soldataren erdia kendu diotela», Otxoaren esanetan.
Gizarte Segurantzan izena emateko unean, ardura hori enplegatzaileari uzten diote maiz, edo, bestela, langilearen ardurapean uzten dute. ELEko kideak salatu duenez, Lan Ikuskaritzak ez ditu agentzien jarduerak geldiarazten; «ikuskari gutxi daudela argudiatzen dute».
Egoera hori arautzeko, apirilaren 14an Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat onartu zuten aho batez. Horren arabera, Lanbide lan zerbitzu publikoak etxeko langileen eta haien enplegatzaileen arteko bitartekari lanak egin behar ditu. Beraz, etxeko langile batek lana lan agentzia batean edo edozein modutan bilatu beharrean, Lanbide enplegu zerbitzuan topatuko luke aurrerantzean. Otxoa, ordea, ez da fio: «Legebiltzarrak orain dela urtebete enplegu agentziak ikuskatzeko agindua eman zion Eusko Jaurlaritzari, eta gaur egun oraindik jasotzen dituzten salaketei muzin egiten jarraitzen dute». Horretaz gain, iaz Legebiltzarrak etxeko langileen inguruan ikerketa egiteko ere eskatu zion Jaurlaritzari, «eta orain hasi dira horretan». Horregatik, neurri horiek guztiak martxan jarriko ote diren zalantzak ditu Otxoak; baina, era berean, lehen pausoa eman dela uste du.
1985ko dekretuan etxeko langile ez zieten onartu lan istripuen eskubiderik. Espainiako Gobernuak egoera hori konpondu nahi izan du. «Aurtengo aurrekontuen legean lan istripuak onartuko zirela esan zuen, baina oraindik ez da ezer aldatu», dio Otxoak. Tarte horretan, martxoaren 16an, Santurtzin (Bizkaia) etxeko langile bat hil zen hamargarren pisu batetik erorita. «Kasu honetan, umezurtz eta alargun pentsioa jasoko dute familiartekoek. Baina hori guztia agentziako langilea zela esanda, ez etxeko langilea». Era batera edo bestera, auzia moldatu zen, «baina gertatu daiteke istripua izan eta eskubiderik ez izatea».
Etxeko langileen artean, istripu txiki ugari izaten dira, baina heriotzak eragiten dituztenak, gutxi. 2009 eta 2010 urteetan esaterako, hildako bana izan ziren. Etxeko langileek babesik gabe egiten dute lan, eta «ezer araututa eta onartuta ez dagoenez, ahal den bezala jarduten dute lanean».
(Puede haber caducado)