Elgeta multikulturala
Mundumira munduko kulturen jaialdia antolatu dute Elgetan, hilaren 27tik 29ra bitarte. Urtero bezala, mendiari lotutako jarduera askotan parte hartu ahal izango dute hara biltzen direnek
Berria, , 13-05-2011Zazpigarren aldiz helduko da Mundumira munduko kulturen jaialdia Debagoieneko ibarrera (Gipuzkoa). Hilaren 27tik 29ra bitarte askotariko ekitaldiak antolatu dituzte Elgetan: haurrentzako jarduerak, kontzertuak, azokak eta kale animazioa izango dira herriko kaleetan. Urtero bezala, mendiari tarte zabala eskainiko dio jaialdiak.
Mundumira hasi aurretik, halere, Debagoiena ezagutzeko aukera izango da maiatzaren 21ean. Hiru tenpluen txangoak 45 kilometroko luzera izango du, eta 06:00etan irtengo dira Azpeititik. Loiola, Zumarragako Antigua baseliza eta Arantzazuko santutegia ezagutu ahal izango dira bidean. Jaialdiari ofizialki hasiera emateko, hilaren 27an, euskal mendizaletasunaren orainaren eta etorkizunaren inguruko mahai ingurua antolatu du Euskal Mendizale Federazioak. 19:00etan izango da, kultur etxean, eta Antxon Iturriza ariko da moderatzaile lanetan.
Hilaren 28an, berriz, Euskal Herriko boulder txapelketa hartuko du pilotalekuak. Goizean eta arratsaldean, boulder denboraldiko saiorik garrantzitsuenetako bat eskainiko dute eskalatzaile onenek. Horrekin batera, beste zenbait ekintza prestatu dituzte egun horretarako. 09:00etan, mendi igoera egingo dute, Elgeta inguratzen duten mendi eta herriak ezagutzeko. Lau ordu inguruko ibilbidea izango da, eta Anboto eta Udalatxeko inguruez gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. 11:00etan, berriz, mendi eta trekking azoka zabalduko dute. Maiatzaren 29an ere, ordu beretik aurrera bisitatu ahal izango da azoka. Jaialdiaren azken egunean Azkonabitzari itzulia antolatu du Ozkarbi taldeak, 09:00etan.
Musika doinu anitz
Munduko kulturek bat egingo dute Elgetan, eta, horrekin batera, musika talde ugari bilduko dira herrian. Atzerritik eta Euskal Herritik helduko dira taldeak; reggae, folk, rock, afrobeata eta runba doinuak entzun ahal izango dira, besteak beste. Los Delinquentes taldea gonbidatu dute; Euskal Herritik, berriz, Meri May, Ain_1, Andrakan,The Billie Jeans eta Oreindik taldeak izango dira.
Horrez gain, Irrien Lagunak haurren txokoa, antzerki emanaldiak, ikus-entzunezkoak eta bisita gidatuak ere prestatu dituzte. Elgetara biltzen denak kanpaldia egiteko aukera izango du. Egunpasa egiteko asmoa duenarentzat, berriz, garraio publiko berezia jarriko dute, baita autoa uzteko aparkalekuak ere.
EGITARAUA
MAIATZAK 27
• 19:00etan. Euskal mendizaletasunaren oraina eta etorkizunaren inguruko mahai ingurua, kultur etxean. Moderatzailea: Antxon Iturriza.
MAIATZAK 28
• 09:00etan. Elgeta inguruko mendiak eta herriak ezagutzeko ibilbidea. Irteera, informazio gunetik.
• 11:00etan. Mendi eta trekking azokaren irekiera.
• 11:00etan eta 17:00etan. Euskal Herriko boulder txapelketa, pilotalekuan. Goizean, sailkapenak; arratsaldean, finalak.
MAIATZAK 29
• 09:00etan. Azkonabitzari itzulia. Irteera, informazio gunetik.
• 11:00etan. Mendi eta trekking azokaren irekiera.
(Puede haber caducado)