«Salbuespenezko kasuetan» muga kontrolak ezarri nahi ditu Europak
Danimarkak argitu du aduana kontrolak indartuko dituela eta horiek ez dutela eraginik izango pertsonen joan-etorrian AIk salatu du Schengengo Ituna aldatzea eskubideen alorrean atzera egitea dela
Berria, , 13-05-2011ELIXABET EPELDE
Herrialde arabiarretako protesten ondorioak mugaz gaindi ari dira nabaritzen. Afrika iparraldeko gatazketatik ihesi Italiara jo duten immigranteen etorrerak ezbaian jarri du EB Europako Batasunaren oinarri den Schengengo Ituna. Izan ere, EBko herrialde gehienek ituna aztertzearen eta aldatzearen alde egin dute, «ezohiko kasuetan» muga kontrolak berriz ezarri ahal izateko.
Frantzia eta Italiaren proposamenaren harira, EBko Barne ministroen bilera egin zuten atzo, Schengen eremuko barne mugak berriz ezartzearen inguruan eztabaidatzeko. Europako Kontseiluak aurkeztu duen proposamenak muga kontrolak berrezartzea «azken neurria» beharko lukeela dio. Era berean, pertsonen zirkulazio askea arriskuan jarriko ez dutela jakinarazi du Bruselak. Danimarkaren, Frantziaren eta Italiaren azken egunotako neurri eta adierazpenek, ordea, kontrakoa pentsatzera bultzatzen dute. Lehenak Alemaniarekin eta Suediarekin dituen mugetan kontrol iraunkorrak ezarriko dituela iragarri zuen herenegun, «krimenak gutxitzeko». Danimarkako eskuin muturreko Alderdi Popularraren presioaren ondorioz —gobernuaren kanpoko aliatua 2001az geroztik— hartu dute neurri hori. Kontrolek pertsonen joan-etorrian eraginik izango ez dutela azaldu zuen atzo Danimarkak Europako kideen aurrean, eta Schengengo Itunaren premisak errespetatuko dituztela. Funtsean, aduana kontrolak droga, arma eta pertsonen trafikoa atzemateko indartuko dituztela argitu dute. Gainontzeko herrialdeek ontzat eman dituzte azalpenak, eta ez dute neurria kritikatu.
AI Amnesty International erakundeak, bestalde, Schengengo Ituna aldatzea eskubideen alorrean «atzera egitea» dela adierazi du. Libiako errefuxiatuen etorreraren aurrean «arrazoirik gabeko izuari» emandako erantzuna dela gaineratu du. Izan ere, Libiatik 600.000 lagun inguruk egin dute ihes, baina horietako gehienak Egiptora eta Tunisiara jo dute. Herrialde horretatik Italiara 20.000 lagun inguru heldu direla azaldu du AIk. «Zifra horiek ez dituzte justifikatzen ustezko jende oldeagatik defendatzeko hartu diren neurriak».
Frantziak, berriz, EBn ituna aldatzeko adostasuna kasik erabatekoa dela adierazi du, baina eztabaida eragin du «immigranteen etorrera masiboaren aurrean» mugak berriz ezartzearen aukerak, eta oraindik ez dute erabaki garbirik hartu. Hain justu, ekainaren 24an egingo duten EBko presidenteen bileran eztabaidan aurrera egitea espero dute.
Daniel Cohn Bendit Alemaniako Berdeetakoak gogor kritikatu du proposamena, kontrolak azalaren kolorearen araberakoak izango direla salatuz: «Beltzaranak direnak ez dira pasako». Emma Bonino Europako komisario ohiaren arabera, 20.000 tunisiarrengatik mugak berriz ixtea Europa osasun oneko ez dagoenaren adibide garbia da.
«Migrazio krisia»
Parisek eta Erromak bultzatu dute Schengengo Itunaren inguruko eztabaida. Izan ere, bi herrialde horiek presio egin dute immigrazioak Europan sortu duen gatazka konpontze bidean muga kontrolak berriz ezartzeko aukera zabaltzeko.
Europari laguntza eskatu dio hainbatetan Italiak azken hilabeteetan Lampedusa uhartera heldu diren immigranteen auzian, baina ezein herrialdek ez du orain arte irtenbiderik proposatu. Hori horrela, Italiak milaka etorkinei baimen berezi batzuk ematea erabaki zuen apirilean: Schengen eremu osoan askatasunez mugitzeko eskubidea eman zien. Itunaren sinatzaileen fede onaren kontra egin izana leporatu zioten orduan hainbat herrialdek Silvio Berlusconiren gobernuari. Baimenak eskutan, Frantziara jo zuten etorkin askok.
Nicolas Sarkozyk Frantziaren eta Italiaren arteko muga hainbat orduz itxiz erantzun zion apirilaren 17an Berlusconiren desafioari. Gerora, dena den, krisia konpontzeko bilera egin zuten, eta «migrazio krisiari» aurre egiteko herrialde bakoitzak bere mugak kontrolatzeko aukera eskatu zuten.
Europako Parlamentuko sozialisten buruzagi Martin Schultz alemaniarrak bi gobernuburuen presioari men ez egiteko eskatu du. Izan ere, hauteskundeen atarian hartutako erabaki populista izan dela adierazi du. Hain justu, krisi ekonomikoak jotako Europan immigranteen auzian aitzakia aparta aurkitu dute alderdi populistek eta eskuindarrek kanpaina egiteko. Herritarrengan izua eragin duten mezu apokaliptikoek geroz eta arrakasta handiagoa dute.
Schengengo akordioak elkarren arteko konfiantza eskatzen du, herrialde batek pertsonen sarreraren inguruan hartzen dituen erabakiak automatikoki onartzea exijitzen baitu. Ituna aldatzearen aurkariek kritikatu dute elkarrekiko mesfidantza sustatu nahia dagoela Sarkozy eta Berlusconiren proposamenaren atzean.
(Puede haber caducado)