Danimarkak iragarri du kontrol iraunkorrak ezarriko dituela bere mugetan
Europako Batasuneko Barne ministroek Schengengo Itunaren aldaketez eztabaidatuko dute gaur Bruselan
Berria, , 12-05-2011JON FERNANDEZ
Europako Batasuneko herrialdeen arteko mugikortasun askea arriskuan jarri du Danimarkako Gobernu liberal kontserbadoreak. Pare bat aste barru kontrol iraunkorrak ezarriko ditu Alemaniarekin eta Suediarekin dituen mugetan.
Eskuin muturreko Danimarkako Alderdi Popularrarekin —gobernuaren kanpoko aliatua da 2001az geroztik— eta Alderdi Kristaudemokratako diputatu batekin erdietsi du akordioa Gobernuak. Dena dela, mugetako kontrola Schengengo Ituna errespetatuz egingo dela esan du Claus Hjort Frederiksen Finantza ministroak, eta neurriaren helburua «kriminalitatea arintzea» dela nabarmendu du. «Azken urteetan mugez gaindiko delinkuentziaren gorakada nabarmena ikusi dugu, eta arazoa konpontzeko hartu dugu erabakia».
EB neurria aztertzen ari da
Italiak eta Frantziak piztu zuten EBko herrialdeen barne mugak itxi eta kontrolatzeko eztabaida iragan apirilaren 26an. Afrika iparraldeko herrialdeetako liskarretatik ihesi, bereziki Italiara iritsitako 26.000 etorkin tunisiarrek piztu zituzten alarma guztiak. EBko herrialdeen artean mugikortasun askea bermatzen duen Schengengo Ituna aldatzea eskatu zuten Parisek eta Erromak, «ohiz kanpoko migrazio presioa dagoenean» bakoitzak bere mugak ixteko aukera izan dezan.
Ildo berean, itunaren aldaketa proposamena babestu dute bai Alemaniak eta baita Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ere. Alabaina, Danimarkak eman du orain arteko pausorik sendoena.
Kopenhageko gobernuak 20 milioi euro gastatuko ditu mugetako kontrolak ezarri eta ekipamendu teknologikoez jabetzeko. Horrez gain, beste 16 milioi euro jarriko ditu aduanetan polizia gehiago izateko. Gainera, aireportuetan eta itsas portuetan ere indartu egingo dituzte kontrolak.
Bitartean, Danimarkako Gobernuaren erabakia aztertzen ari dela baino ez du erantzun Europako Batasunak. Gaur, EBko Barne ministroek bilera egingo dute Bruselan Schengengo Itunaren aldaketen inguruan eztabaidatzeko. Azken erabakia, ordea, EBko estatu eta gobernu buruek hartuko dute ekainean egingo duten goi bileran. Europako Parlamentuak «presio xenofoboen aurrean amore eman izana» leporatu dio Durao Barrosori.
Schengengo Ituna 1985etik dago indarrean, eta 29 herrialde sinatzaileen arteko mugak zabalik mantentzea bermatzen du, «ordena publikoa edo barne segurtasuna arriskuan jartzeko mehatxu sendoa» dagoen salbuespen egoeran izan ezik.
(Puede haber caducado)