Alemaniak ere Schengengo Ituna aldatu nahi duela baieztatu du
«Europako Batasuna ez da xenofoboen eta populisten aurrean amore ematen ari», Durao Barrosoren ustez
Berria, , 11-05-2011ERREDAKZIOA
Alemaniak ere Frantziaren eta Italiaren eskaerarekin bat egin du, eta Schengengo Ituna aldatzearen alde agertu da. Hala ere, «Europako Batasuneko mugikortasun askearen printzipioa ez dela auzitan jarri behar», nabarmendu du Hans-Peter Friedrich Alemaniako Barne ministroak, Le Figaro egunkarian argitaratutako elkarrizketan.
«Frantziaren proposamenak itunak duen hutsunea bete nahi du. Itunak ez du aurreikusten zer egin behar den estatu kide batek kanpoko mugak babesteko duen eginkizuna betetzen ez duen kasuan», dio Friedrichek. Italiaz ari da Barne ministro alemaniarra. Izan ere, Afrika iparraldeko liskarren ondorioz, 25.000 etorkin tunisiar jaso ditu Italiak, eta 20.000 ingururi Schengengo Itunak aurreikusitako behin-behineko bizileku baimena eman die Berlusconiren gobernuak. Horrela, Schengen eremu osoan askatasun osoz mugitzeko eskubidea dute etorkinek.
Erabakia, estatuen esku
Europako Batzordeak ere Schengengo Ituna aldatzeko apustua egin du. «Immigrazio bolada handiak datozenean, tarte batez, barne mugak berriz ezartzeko aukera» txertatu nahi du itunean. «EB ez da xenofoboen eta populisten aurrean amore ematen ari», zioen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak Europako Parlamentuaren aurrean. «Gure proposamenak ez du mugimendu askea higatu nahi. Aitzitik, sendotu egin nahi dugu».
Europako Parlamentuan aldaketaren kontra agertu dira alderdi gehienak, eta Schengengo Ituna dagoen bezala uzteko eskatu diote parlamentariek EBko presidenteari.
Dena dela, Europako Parlamentuak ez du Schengengo Ituna aldatzeko eztabaida prozesuan erabakitzeko ahalmenik. Lehenik eta behin, EBko Barne ministroek eztabaidatuko dute aldaketa proposamena, bihar, Bruselan. Eta azken erabakia EBko estatu eta gobernu buruek hartuko dute, ekainean egitekoa duten goi bileran.
(Puede haber caducado)