PROTESTAK HERRIALDE ARABIARRETAN
61 etorkin itsasoan gosez eta egarriz hiltzen utzi izana ukatu du NATOk
Itsasoan nora ezean geratu ziren hainbat etorkinek NATOri laguntza eskatu ziotela azaldu dute; inork ez zituen erreskatatu Azken hilabetean 800 lagun baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan
Berria, , 10-05-2011Mediterraneo itsasoan 61 etorkin gosez eta egarriz hil ziren, euren itsasontzia erregairik gabe eta nora ezean geratu ostean, iragan martxoa eta apirila bitartean. The Guardian egunkariaren arabera, hamasei egun egin zituzten itsasoan galduta, eta NATOren itsasontzi bati eta Italiako kostazainei laguntza eskatu bazieten ere, inork ez zien laguntzarik eskaini. NATOk salaketak ukatu ditu.
Martxoaren 25ean itsasoratu zen ontzia 72 etorkinekin, Libiako hiriburutik. Etiopiarrak, nigeriarrak, eritrearrak, ghanatarrak eta sudandarrak zeuden itsasontzi hartan. Tartean haurrak, emakumezkoak eta errefuxiatu politikoak zeuden. Afrikako gatazketatik ihesi, Europara —Italiako Lampedusa uhartera— ailegatzea zuten helburu, azken lau hilabeteotan 30.000 lagunek baino gehiagok egin duten bezala. Tripolitik atera eta gutxira, ordea, itsasontzia erregaia galtzen hasi zen, eta nora ezean geratu ziren.
Hamasei egun egin zituzten itsasoan galduta, berriz ere Libiako kostaldera —Misrata ingurura— heltzea lortu zuten arte. Egun horietan, baina, 72 immigranteetatik 61 hil egin ziren, gosez eta egarriz. Bizirik irautea lortu zuten 11 lagunetatik bi ondorengo egunetan hil ziren. Azken hilabetean, hain justu, Afrika iparraldeko liskarretatik ihes egiten saiatu diren 800 lagunetik gora hil dira Mediterraneo itsasoan.
Itsasoan galduta, eta urik eta janaririk gabe zirela, satelite bidezko telefonoarekin Moses Zerai apaizarekin harremanetan jartzea lortu zuten. Errefuxiatuen eskubideen defentsarako Habeshia gobernuz kanpoko erakundeko buru da Zerai. Hark Italiako kostazainei larrialdiaren berri eman zien, eta horiek abisua pasa zutela ziurtatu zioten.
Armadako helikoptero bat hurbildu zen itsasontzira, eta ura eta gailetak jaurti zizkieten. Itsasontzi bat euren bila joango zela ere esan zieten; erreskaterik ez zen izan, ordea. Ezein herrialdek ez du helikoptero bat bidali izana onartu.
Zeraik agintarien erantzukizun falta salatu du. «Hori delitua da, eta delitu horrek ezin du zigorrik gabe geratu biktimak turistak izan ordez Afrikako immigranteak zirelako», kritikatu du gogor. Era berean, ikerketa abiarazteko exijitu dio NATOri.
NATOk ikerketa abiarazi du
Egun batean ustez NATOrena zen hegazkin ontzi batekin egin zuten topo. Bi hegazkinek etorkinen ontziaren gaina hegaldatu zutela azaldu dute bizirik ateratzea lortu dutenek. Laguntza eskatu bazuten ere, ez zieten erantzun. Ondorengo egunetan, banaka-banaka gosez eta egarriz hiltzen hasi ziren ontziko kideak.
The Guardian-en arabera, Libiako aire eremua ixteko operazioan parte hartu zuen Charles de Gaulle ontzi frantziarra behar zuen etorkinek ikusi zutena. Frantziak salaketak ukatu ditu.
NATOk ere erantzukizuna ezeztatu du: «Egun horietan ez zegoen NATOren ontzirik eremu hartan», adierazi du Carmen Romero eledunak. Azken hilabetean itsasoan hainbat etorkin salbatu dituztela gogorarazi du, eta gertakaria ikertzen ari dela. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatariak adierazi du itsasoan jendea sorosten ez dutenak ezin dutela zigorrik gabe geratu.
Apirilaren 10ean Misrata ondoko Zlitan herrira heldu zen ontzia. Hasierako 72 lagunetik 11 soilik geratzen ziren bizirik. Horietako bat lur hartu eta berehala hil zen. Beste bat, aldiz, espetxean hil zen. Izan ere, ailegatu orduko Poliziak atxilotu eta lau eguneko espetxealdia ezarri zieten.
Iragan ostiralean, bestalde, Libiako kostaldetik gertu ontzi bat hondoratu zen. 600 bidaiaritik 130ek soilik lortu zuten bizirik ateratzea. Herenegun, berriz, Lampedusako kostaldetik gertu 500 etorkin uretara erori ziren. Guztiek onik ateratzea lortu zuten.
(Puede haber caducado)