Integratzeko nahia frogatu beharrean

Azkoitian errotze txostena lortu nahi duten etorkinek hamar orduko ikastaro bat egin beharko dute euskarari eta euskal kulturari buruz. Neurriak eztabaida eragin du.

Berria, Ainara Arratibel, 19-04-2011

Euskarari eta euskal kulturari buruzko hamar orduko ikastaro bat. Horixe egin beharko dute, maiatzetik aurrera, Azkoitian (Gipuzkoa) dauden etorkinek errotze txostena lortzeko. Hala jasotzen da orain dela aste batzuk udalak onartutako Immigrazio Planean. Neurriak eztabaida sortu du. Udalak dio helburua etorkinen integrazioa bultzatzea dela, eta neurria haiekin adostu dutela. SOS Arrazakeriak eta gisako taldeek, ordea, ez dute egoki ikusten ikastaroa egin behar izatea errotze txostena lortzeko. «Etorkinen bizkar uzten da integraziorako ahalegin osoa», salatu du elkarte horretako kide Agustin Unzurrunzagak.

Azkoitiak 11.500 biztanle inguru ditu, eta horietatik 800 dira etorkinak. Unzurrunzagak argi du asmoak, azaldu duten moduan, ezer gutxi duela berritzailetik. «Integraziorako tresnak sustatzea ondo dago, eta hori erakunde publikoek egitea ere egokia da. Baina integrazio nahia ez da paperak lortzearekin lotu behar». Haren ustez, errotze txostena lortzeko derrigorrean ikastaroa egin behar izatea da kezkagarriena. Txosten hori udalek egin ohi dute, eta etorkinaren integrazio maila erakusten du. Bizitzeko eta lan egiteko baimena lortu ahal izateko etorkinek dituzten bideetako bat da.

Beraz, nahiz eta udalak esan bi norabidekoa izan behar duela ahaleginak, halako ekimenen atzean Atzerritarren Espainiako Lege berrituaren itzala dagoela azpimarratu du Unzurrunzagak. «Integrazio kontratuaz hitz egiten ez den arren, legean aipatzen da kontuan hartuko dela etorkinen integrazio ahalegina. Haien bizkar uzten da esfortzu hori. Ez dugu uste hori bidezkoa denik. Etorkinek ahalegina egiten badute, guk ere egin behar dugu».

Gainera, Unzurrunzagak gogorarazi du ikastaro horiek egiteak ez duela ezinbestean bermatuko etorkinak lan eta bizitzeko baimena lortzea. Horretarako, hiru urtez bertan erroldatua egon beharko dute, eta, gutxienez, urtebeteko lan baimena izan. Gainera, ezingo dute aurrekari penalik izan. «Ikastaroak gehigarri bat dira. Baina oinarrizko hiru baldintza horiek betetzen ez badituzte, alferrik izango da. Ez du ezertarako balio. Beste kontu bat da baldintza horiek beteta ikastaroek lagundu egin dezaketela».

Senideak hona ekartzeko baldintzen artean ere ez dago halako ikastaroak egitea. «Etxebizitza duin bat, gutxieneko diru sarrerak eta bertan bizitzeko baimena ez badituzte, ez dute lortuko senideak ekartzea». Baztertzailea dela uste du, gainera, ikastaroak bereziki marokoarrei eta pakistandarrei bideratuta egotea.

«Etorkinekin adostuta»

Udalak adierazi du Immigrazio Plana egiterakoan hainbat foro egin zituztela eta bertan etorkinek parte hartu zutela. «Haiek ere begi onez hartu zituzten neurriak», azpimarratu du Asier Aranbarri alkateak. Haren arabera, etorkinek integraziorako duten borondatea ikustea lortu nahi dute halako ikastaroekin. «Ikastaroa egiten duenak, behintzat, integratzeko borondatea erakusten du». Ez du uste, gainera, haien bizkar uzten denik integraziorako ahalegin osoa. «Planean hainbat neurri jasotzen dira bertakoek ere etorkinen integrazioaren alde lan egiteko, sustatzeko. Herriko hainbat talde eta elkarteren bidez egiten dugu hori, besteak beste. Hedabideetan ikastaroena baino ez da aipatu».

Hala, horrelako ikastaroen garrantzia azpimarratu du. «Frogatua dago bertako ohiturak, kultura eta hizkuntza ezagutzeko ahalegina egiten duten etorkinek harrera hobea izaten dutela herrian, eta errazago integratzen direla gure artean».

Argi utzi du, gainera, ikastaroa etorkin guztiei dagoela bideratuta. «Baina, adibidez, Argentinatik datorren etorkin batek ezagutza handiagoa izango du, ziurrenik, bertako kultura eta hizkuntzaz. Pakistandik eta Marokotik datozenen kasuan, berriz, ohitura eta kultura aldea handiagoa da gurekin».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)