Erlijio ugaritasuna

Anitzak gara, ez hainbeste aniztasun zaleak

Diario Vasco, ARANTZA URRETABIZKAIA, 28-02-2011

Nekez entzungo duzu gure agintari bat, edozertaz hitz egiterakoan, gizartearen aniztasuna aipatu gabe. Anitzak gara, dudarik gabe, ez hainbeste aniztasun zaleak. Anitza da gure gizartea, baina beste kontu bat da zer egiten duen gizarteak eta gobernariek aniztasun horren aurrean.
Joan den astean heldu zitzaigun gure artean katolikoak ez diren erlijioei buruzko txostena. Azterketa irakurri gabe ere gutako edonork jakin bazekien gero eta kultu gehiago ari dela errotzen gure artean, abiada bizian, gainera.
Deustuko Unibertsitateak eta Ellacuria Fundazioak egindako azterketaren arabera, berrehun eta hamalau dira gure artean errotutako erlijio edo kultuak. Aniztasunaren berri zuenarentzat ere kopuru harrigarria.
Erlijiozaletasuna bera doa, baina gero eta pluralagoa da, esan zuen aipatutako azterketaren zuzendariak. Nekez eztabaida daiteke esaldi horren egia. Baina gauza bat da errealitatea zein den onartzea eta bestea errealitate horrekin kontsekuente izatea.
Azken puntu honetatik urrun daude gure agintariak, seguru aski pentsatzen dutelako hiritarrok ez gaudela horretarako prest edo agian zorioneko tradizioa hausteko ausardia pittin bat behar delako.
Ez da gaurkoa agintari zibilak ekitaldi erlijiosoetan parte hartzearen kontrako postura. Diktadorea hil eta handik oso gutxira sortu zen eztabaida gure artean, Franco bizirik zegoenean kontua eztabaidatik kanpo zegoelako.
Trantsizioarekin batera hasi ziren ezkerreko zinegotzi eta alkateek partehartzearen kontrako jarrerak adierazten. Eta ordura arte horretan pentsatu ez genuenok ere ulertu genuen aginte zibilaren eta eliza katolikoaren lotura, Francoren garaian hain estua, ez zela nahi eta ez betikoa.
Eztabaidaren ondoren, ordea, oso gutxi izan ziren, alderdi guztietan, hitzetik ekintzara zegoen pausoa emateko gauza. Beti ere herria ez mintzeagatik, betikoa ez den tradizioa hausteko beldurrez.
Eta horrela harrapatu gaitu hogeita batgarren mendeak. Goian aipatutako txostenak arrazoi gehiago ematen dio erlijio katolikoaren eta aginte zibilaren arteko lotura hautsi nahi duenari. Gure alkatea prozesio katoliko batetara agintari gisa badoa, berdin egin beharko luke musulmanekin, mormoiekin edo Jehovaren lekukoekin.
Beste kontu bat gure agintarien bizitza pribatua. Alor horretan askatasunak erabatekoa behar du izan, agintari horren erlijioa edozein delarik ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)