Neurrikoa behar du eraztunak
Ezkontzeko gutxieneko adina igotzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Gaur egun, 14 urtean jarrita dago muga, eta 16ra igo asmo dute. Ia salbuespena dira adingabeen ezkontzak. Emakumeak izan ohi dira, batez ere.
Berria, , 15-02-2011Bai, nahi dut». Askok ez, baina adingabe batzuek esaten dute oraindik ere hori, bikotekide dutena senar edo emazte hartzeko. Gutxik, gero eta gutxiagok, egiten dute bikotekideari eraztuna hatzean sartzeko aukera. Oraindik, ordea, badute aukera Hego Euskal Herrian: 14 urtetik aurrera, legeak ematen die modua ezkontzeko. 2009an, kasu, bederatzi neska adingabek heldu zioten aukera horri. Nazioarteko eskariei jaramon egin eta legea aldatzeko asmoa duela onartu du Espainiako Gobernuak: 16 urtera igo nahi du ezkontzeko gutxieneko adina. Hala ere, Ipar Euskal Herriaren atzetik izango litzateke Hego Euskal Herria. 2005az geroztik, han ez daiteke adingaberik ezkondu.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) aholkatuta hasi da gaia aztertzen Madrilgo gobernua. Espainia baita ezkontzeko gutxieneko adina baxuen duen herrialdeetako bat. Funtsean, legearen zirrikituak ematen du 14 urterekin ezkontzeko aukera. Hara zer dioen Espainiako Kode Zibilak, arau orokor gisa: «Ezin daitezke ezkondu emantzipatu gabeko adingabeak». 16 urte behintzat behar dira emantzipatzeko. Arau horri izkin egiteko modua bada, ordea. Bi dira 14 urterekin ezkontzeko bideak: epaileak baimena ematea —«epaileak ken ditzake albokoen eragozpenak, baita adinaren eragozpena ere, 14 urtetik aurrera», dio legeak—, edo, finean, inor ez azaltzea ezkontzaren aurka —«gerogarrenean eragozpena kentzeak ezkontza deuseza baliozkotzen du, ezkontza hori egin den unetik, baldin eta alderdietatik batek ez badu ezkontzaren deuseztasuna eragin»—.
Aukera bada, baina gizarte aldaketek funsgabe utzi dute legea. Datuek argi baitiote 1980ko hamarkadaz geroztik izugarri jaitsi direla adingabeen ezkontzak: 1980an 518 adingabe ezkondu ziren Hego Euskal Herrian; 2009an, bederatzi. «1970eko eta 1980ko hamarkadetan jende asko ezkondu zen, eta adingabeak ere bai. Ezkontzen %4 inguru ziren haienak. Harrezkero jaitsi egin da portzentajea. 2000ko hamarkadan oso gutxi dira adingabe ezkondu direnak», azaldu du Eustat erakundeko Estatistika Soziografikoen arduradun Martin Gonzalezek.
Ezkontzeko adina urtez urte atzeratzen ari den honetan, nork egiten du adingabe ezkontzeko aukera? Inkestetako datuak eskuan, ondorioa atera du Gonzalezek: «Nolabait esateko, umearen jaiotzak behartu du adingabe ezkondu diren askoren ezkontza». 2001 eta 2005 artean adingabe ezkondu zirenen erdiek haurra izan zuten urtebete pasatu baino lehen —hortaz, ezkondu aurretik zegoen emaztea haurdun, edo hiru hilabete igaro aurretik geratu zen—; epe berean ezkondu ziren guztien datuak oro har hartuta, %9k soilik izan zuten umea ezkondu eta urtebete baino lehen.
Gazte ezkontzen direnen jatorria zein den ezin dezakete jakin adituek. Hala ere, ikerketek erakutsi dute maizenik ijitoak direla gazte ezkontzen direnak. Hori aldatzen ari dela dio Iniciativa Gitana elkarteko kide Jose Jimenezek: «Ohiturak asko aldatu dira hamar-hamabost urtean. Orduan bai, oso gazterik ezkontzen ziren. Orain, gero eta helduago; batez beste, 17-19 urterekin, baina igotzen ari da». Adin hori baino gazteagoak haurdunaldiagatik ezkontzen direla dio Jimenezek.
Haurdun egonda ezkontzen badira gehienak, gizarteak nolabait presionatzen dituelako da, haurrak ezkontza barruan izatera? «Ez dut uste jendarteak ezkontzera kondenatzen duenik haurdun dagoen 14 urteko pertsona bat. Jende helduaren artean ere, ume asko ezkontzaz kanpo jaiotzen dira gaur egun». Bikote eraketan aditu da Marta Luxan soziologoa.
Begi bistakoa da datua: adingabe ezkontzen direnen artean, askoz ere gehiago dira neskak. «Heldu ezkontzen diren bikoteetan ere, batez beste emakumeak gazteagoak izaten dira, baina aldea gutxitzen ari da; batez beste 32 urte dituzte senarrek, eta 30 emazteek. Adingabeen ezkontzetan, askoz ere handiagoa da senarraren eta emaztearen adinen arteko diferentzia», azaldu du Gonzalezek. 2009an Hego Euskal Herrian ezkondu ziren bederatzi adingabeak emakumeak ziren.
Adin diferentzia handiagoa
Emakumearen eta gizonaren arteko adin diferentzia handiago hori nabarmendu du Luxanek: «Ezkontideen arteko adin desberdintasuna erabili izan da generoen arteko ezberdintasuna neurtzeko. Oro har, zenbat eta distantzia handiagoa adinean, bada generoen arteko desberdintasunaren isla». Besteetan baino handiagoa da aldea adingabeen kasuan: «Oso jende gazteaz ari gara, eta bikote horietan dantzan daude botere harremanak».
Nolabaiteko etena sortzen du horrek ikasketetan, batez ere emakumeen artean, haiek direlako adingabe ezkontzen direnak eta haurrak izaten dituztenak. Eustatek bildutako datuek hala diote: 1991 eta 2000 artean ezkondutako adingabeen artean, erdiek oinarrizko ikasketak soilik zituzten; ezkonduak oro har hartuta, laurdenak ziren lehen ikasketak soilik zituztenak.
Gazteago ezkonduta, andreek ikasketak uztera jo dezakete. Hain zuzen, ikasketak egitea, lan munduan sartzea eta gizartean integratzea, horiek dira, Jimenezen ustez, ijito adingabeen ezkontzak saihesteko bidea. Familiek adingabeen ezkontzak saihestu nahi dituztela baitio. «Zorionez, oso gutxi ezkontzen dira oso gazterik, eta haiek nahi dutelako egiten dute. Familia asko daude hain gazte ezkontzearen aurka». Gizartean oro har gertatu den legez, ijitoen artean ere garaiak aldatu direla nabarmendu du Iniciativa Gitanako kideak: «Alde guztietatik ari dira ohiturak aldatzen. Ezkontzara birjina iritsi nahi duten edo ez ere bikoteek erabakitzen dute, inork ez ditu behartzen. Asko ezkontzen dira oso gazterik eta birjina izan gabe».
Ijito guztiak ez daitezke, hala ere, zaku berean sartu. Jimenezek onartu du familia batzuetan ohitura zaharrei eusten dietela, eta horren adibide jarri ditu Errumaniatik azken urteetan etorritako ijitoak eta baztertuta bizi diren familiak. «Horiek bai, oso gazte ezkontzen dira. Hemengo ijitook ez dugu hori onartzen; azken batean, haiek nahi izan arren, gu garelako gurasoak, eta esan behar diegulako noraino hel daitezkeen».
Gazte-gazterik ezkontzeko joera aldatu nahian ari direla esan du Jimenezek, eta horretarako ezinbestekoa dela baztertuta bizi diren familiak gizartean errotzea. «Txaboletan eta gaizki bizi den jendea da, eta lanean ari gara etxebizitza duina eta lana izan ditzaten». Ziur da horrekin aldatuko dela ezkontzen auzia ere.
Aldaketa, baina ez handiegia
Adingabeen ezkontzen auziari legea aldatuta heldu nahi dio Espainiako Gobernuak. 16 urtera igota, herrialde gehienen parean jarriko luke ezkontzeko adina. Osasun alorreko adin nagusitasuna 16 urtean jarria du Espainiako Gobernuak, eta, besteak beste, adin horrekin abortatu dezakete gurasoen baimenik gabe, eta ebakuntzak egiteko aukera dute —baita itxura aldatzekoak ere—. Lanean hasi ahal izateko ere 16 urte behar dira gutxienez, eta ordura arte ezinbestekoa da eskolara joatea. Ezkontzeko gutxieneko adina igota, oreka hautsiko luke erantzukizun penalerako adinarekin —14 urtean dago hori—, eta sexu harremanak onartzeko gutxieneko adinetik urrunduko litzateke —13 urtean dago gaur egun, baina igotzeko eskatua du Espainiako Kongresuak; 14 urtean jartzea proposatu zuten—. Eztabaida zaharra da noiz den gazte bat heldu edo adingabe.
Adin nagusitasuna atzeratzeko joera ikusita, Luxanen ustez, «prozesu logikoa» da ezkontzenarekin berdin egitea: «Azkenean, kontratu bat da ezkontza, betirako kontratua. Dibortziatuta ere, jada pertsona hori ez da ezkongabea izango». Muga igota ere, orain arteko datuei erreparatuta, libre lirateke adingabe ezkondutako gehienak. Muga 14 urtean dagoen arren, ezkontzen diren adingabe gehienek 16-17 urte dituzte. 1980tik 2009ra arteko datuak aztertuta, hamarretik bat da 16 urte baino gutxiagoko ezkongaia, nesketan eta mutiletan, Hego Euskal Herrian. Azken urteetan, ezkondu direnen kopurua gutxituta, alde handiak daude urte batetik bestera. 2000tik 2009ra, 19 mutil ezkondu ziren, eta bakarrak zituen 16 urte baino gutxiago; neskak, 122 ezkondu ziren, eta 25ek zituzten 14 edo 15 urte. Gonzalezek, Eustatekoak, uste du legea aldatzeak ez duela aparteko eraginik izango: «Ez du asko eragingo atzeratzeak. Lehen baziren 14 urtekoen ezkontzak, baina, gaur egun, ia lekukotasunezkoak dira».
Espainiako Gobernuak eskatuta, aditu talde bat ari da gaia aztertzen. Leire Pajin Osasun ministroak dio «ona eta egokia» dela aldaketa. Hala ere, legegintzaldi honetan ez dute gauzatuko. Pajinen ustez, «ez da presakoa» ezkontzako eraztunei neurria jartzea.
Ezkontzeko gutxieneko adina munduan
BI SEXUEK BERDIN
• Gutxienekorik gabe. Ekuador, Eritrea, Haiti, Israel, Kenya, Kolonbia, Mauritania, Pakistan, Saudi Arabia, Thailandia.•
• 14 urte, gutxienez. Espainia, Andorra, Kanada, Paraguai.
• 16 urte, gutxienez. AEBak (estatu gehienetan), Alemania, Australia, Erresuma Batua, Errusia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Italia, Portugal.
• 18 urte, gutxienez. Frantzia, Albania, Belgika, Eslovenia, Etiopia, Finlandia, Islandia, Nigeria, Peru, Suitza.
BI SEXUEK DESBERDIN
• Emakumeek, 14 urte; gizonek, 16. Bolivia, Guatemala, Mexiko, Moldavia.
• Emakumeek, 16 urte; gizonek, 18. Argentina, Egipto, Japonia, Luxenburgo, Polonia.
(Puede haber caducado)