SOS Arrazakeriak jarduera «arrazista» egotzi die Bilboko udaltzainei

Berria, , 22-12-2010

Erredakzioa Bilbo

Gizonezko bat identifikatzeko «irizpide arrazistak» erabili dituztela salatu du SOS Arrazakeriak. Atzo eguerdian gertatu zen. Mbolo Moy Doole elkarteko hainbat kide Bilboko Zazpikaleetan kartelak jartzen ari ziren. Afixa horietan herritarren elkartasuna eskatzen zuten, eta ekintza desegokien lekukoei salaketa jartzeko eskatzen zieten. SOS Arrazakeriaren esanetan, uniformerik gabeko zazpi udaltzain begira izan zituzten, eta haietako batek karteletako bat kendu zuen.

Hamabost minuturen buruan udaltzainak berriz agertu eta kartelak aldean zeramatzan senegaldar bat gelditu zuten. Kartelak kendu zizkioten, eta identifikatzeko eskatu. Inguruan zeuden herritarrek SOS Arrazakeriara deitu zuten, jazotakoa salatzeko. Hala, elkarteko ordezkariak iritsi zirenean kartelak jartzeko baimenik ez zuelako identifikatu zutela azaldu zieten udaltzainek. SOS Arrazakeriak inguruan beste kartel batzuk ere bazeudela ohartarazi du, eta haiek jarri zituztenak ez zituztela identifikatu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)