Asilo-eskubidearen hondoratzeak hil egiten du
Gara, , 16-12-2010Gutxienez hogeita zazpi pertsona hil ziren atzo Australiako Christmas uhartean txalupak arroken kontra jo eta hondoratzean. Ustez irakiarrak eta iraniarrak zirenak, uhartean asilo – eskatzaileentzat australiarrek duten atxilotze zentrora zihoazen. Izan ere, Australia bilakatu da Ekialde Ertaineko eta Asia hegoaldeko gerra odoltsuetatik ihesi doazenen helmuga. Gerraren horroretik libratzeko eta abiapuntu berri baten bila milaka eta milaka afganiar, tamil, irakiar… abiatzen dira Australiarantz. Eta atzo bezala sarritan, pertsonen trafikatzaileen eskuetan – batez ere sare indonesiarrak direnak – atrapaturik, beren bizitzako azken bidaiari ekiten diote.
Arazoa larriagotzen da asilo – eskubidea australiar politikan gai toxikoa bilakatu denetik. Alderdi politikoek asiloa eskatzen dutenak arriskutzat hartuz, eta gaiari «mugen kontrola» izaera emanez, erretolika hauspotu eta hauteskundeetan irabazi garbiak dakartzala deskubritu dute. Australia Nazio Batuen Errefuxiatuen Hitzarmenaren sinatzailea den arren, asiloa segurtasunaren mehatxutzat hartzen du klase politikoak. Zenbat eta jarrera gogorrago, orduan eta hauteskunde emaitza hobea ekuazioa nagusitu da australiar politikan, oinarrizkoa eta unibertsala izan behar litzatekeen asilo – eskubidea hondoratzeraino. Baina politika horrek hil egiten du. Atzo eta beti.
(Puede haber caducado)