EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Sekula baino ekitaldi gehiago izango dira gaur Euskararen Eguna ospatzeko
Eusko Jaurlaritzak 'Munduoro euskaraz' publizitate kanpaina jarri du abian
Diario Vasco, , 03-12-2010Bai herrietan bai hirietan, aurreko urteetan baino ekitaldi gehiago antolatu dira gaurko Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzeko.
Donostian, Udalak egitarau oso zabala antolatu du gaurko. Boulevardean jarri duten karpa 11:30ean zabalduko da, eta ‘Koloretako euskal irria, koloretako mundua’ izeneko ekimena egingo da hasteko. Han, beste eremu urritu ba-tzuetako hiztun batzuek hitza hartuko dute beren ama hizkuntzan. Wolof, gaelikoa, nederlandera, katalana eta aimara bezalako hizkun-tzak entzun ahal izango dira, batek olerkitxo bat irakurriko duelarik, beste batek kantuan egingo duelarik… Beste hizkuntza batzuetako ordezkaribatzuk ariko dira. Ondoren, Euskararen Mosaikoa ekimenean parte hartzeko aukera emango da. Bestalde, goizez eta arratsaldez Mintzodromo delakoa jarriko da Parte Zaharreko Artess Café-an (Zuloaga Plazan). Guztira 400-500 lagun biltzea espero da. Egitasmo honen helburua, euskararen erabilera aldarrikatzeaz gain, herritarrek elkarrekin euskaraz egin dezaten aukerak sortzea da. Iaz ere izan zen horrelako ekimena, jendeak harrera ona egin ziolarik.
Aurten, gainera, berritasuna izango du Mintzodromo horrek: arratsaldeko 5etatik 6etara hitanoan jarduteko unea izendatu da.
Donostian, baita ere, ‘Plazatik plazera’ saioa egingo da Antzoki Zaharrean 20:00etan hasita. Uruguaiko payadoreak, Cubako repentistak eta Euskal Herriko bertsolariak ariko dira hainbat musikari lagun dituztela. 25 urte artekoek, gainera, dohainik izango dute sarrera.
Azkenik, Donostiako Dokan 22:00etan, Gaztezulo Bideo Lehiaketaren sari-banaketako festa egingo da.
Bilbon, berriz, Banden Lehiaketa 2.0 egingo da. Egitasmoan hiru fase daude: alde batetik, musika euskaraz egiten duten taldeentzako webgunea sortu da; bigarrenik, musika-talde horien artean lehia egingo da Internet bidez; eta, azkenik, lehiaketaren final interaktiboa egingo da bihar, abenduaren 3an, 21:30ean Kafe Antzokian.
Gasteizen, berriz, kontzertu erraldoia egingo da gaur Mendizorrotzan, 20:30ean. Han izango dira Opium, Harrikada, Garraxika, Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Kashbad, Sorkun, Betagarri, Gose, Gari eta Dr. Deseo.
Anduri omenaldia
Zarauzko ospakizuna ez da nolanahikoa izango. Anjel Lertxundiri omenaldi egingo zaio Musika Plazan. Goizeko 10etan ekingo zaio eta tartean izango da ustekabeko gauzarik ere, Udalak adierazi duenez. Hainbat urtez euskara lantresna hartuta egindako lana goraipatu nahi izan du Udalak, eta kontuan hartu behar da baita ere aurten Espainiako Sari Nazionala jaso duela, saiakeraren arloan.
Eibarren Kantu Kantari kalejira egingo da, Udalak eta …eta Kitto! euskara elkarteak antolatuta. Laguntzaile bereziak ere izango dira: Udal Musika Banda, Txistularien Banda, Ustekabe Fanfarrea, Jainaga, Musika Eskola, Sostoa, Goruntz eta Kaleetan kantuz. Eta egun honetarako 25 euskal kanta zaharrekin bilduma bat osatu da. Goizez DBH eta Batxilerreko ikasleek hartuko dute parte, arratsaldez Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeek, eta ilun-tzean Untzagara hurbiltzen diren herritarrek, elkarte eta erakundeek.
Tolosan mahai-inguru bitxia egingo da, ‘4 belaunaldi, euskararekiko lau bizipen’ izenburuaren pean, Galtzaundi elkarteak antolaturik. Udaletxeko Pleno Aretoan, arratsaldeko 19.00etan, lau belaunaldik bat egin eta Tolosako euskararen historia emozionalari erradiografia aterako diote. Ramon Labaien, Iñaki Azaldegi, Elene Arandia, Imanol Irazustabarrena eta Iñaki Artola ariko dira.
Jaurlaritzaren kanpaina
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Blanca Urgell eta Lurdes Auzmendik atzo adierazi zutenez, aurreneko aldiz nolabaiteko koordinazio bat izan dute euskal herri- -erakunde nagusiek Euskararen Nazioarteko Eguna antolatzeko garaian. Jaurlaritzaren ekimenez, komunikabideetan publizitate bateratua izango du Egunak, non erakunde hauen anagramak agertuko diren: Jaurlaritza bera, hiru Foru Aldundiak eta Donostia, Bilbo eta Gasteizko Udalak.
Halaber, Kultura Sailburuak eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ‘Munduoro euskaraz’ kanpaina aurkeztu zuten atzo.
Euskararen erabilera bultza-tzeko martxan jarriko den ‘Munduoro euskaraz’ kanpaina hau, batez ere, irratian eta telebistan eramango da aurrera. Horrez gain, sarean ere egingo da kanpaina ‘banner’ bidez. Horrez gain, Udalei DVD bana emango zaie euskarri guztiekin eta Udal bakoitzak bere logoa txertatuta erabili ahal izango du bere udalerrian.
Kanpainako publizitatean urrutiko paraje batzuk ikusiko dira, hala nola Venezia, Errusia, Txina eta Londreseko kaleak, eta haietan txertatutako euskarazko errotuloren bat. Adibidez, Txinako kale batean ‘Joxean harategia’ agertzen da.
(Puede haber caducado)