Bilboko metroan andre batek izan duen eraso arrazista salatu dute

Berria, , 26-11-2010

I. Maruri.
Bilbo

Bilbon bizi diren paraguaitarren elkarteak, Guarani Tetaguak, eraso arrazista baten berri eman du. Joan den asteartean gertatu zen erasoa, Bilboko metroan. Sortzez Paraguaikoa den emakume bat iraintzen hasi ziren bi gazte, komentario arrazistak eginez. Azkenean, gogorki jipoitu zuten. Elkarteak salatu du metroko bagoia jendez lepo zihoan arren inork ez zuela ezer egin emakumeari laguntzeko. Emakumeak berak deitu zien udaltzainei, bere telefonotik. Gertatzen zitzaionaren berri eman zien. Lanera zihoala kontatu zien, eta Moyuako geltokian jaitsi behar zuela. Hala, udaltzainak geltoki horretara azaldu ziren emakumeari laguntzera.

«Poliziari deitzea ere ez zitzaien bururatu». Hori horrela, herritar askok arazo honen inguruan axolagabekeria agertzen dutela nabarmendu dute. «Arrazismoari elkartasunarekin eta gizalegearekin egiten zaio aurre», gogoratu dute. Hein berean, hainbat politikarik eta hedabidek darabilten diskurtsoa gaitzetsi dute, «estereotipoetan oinarrituta dagoelako».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)