Etxerako bidaia ordainduta

Berria, Larrepetit Castillo Suarez, 23-11-2010

Madrilen ijito asko bizi den parajea El Gallinero deitzen da, eta egia da oilategiek bezalako zorua duela auzuneak, lokatzez eta zikinkeriaz beterik. Zapata guztiak hondatzen ditu ore uherrak. Auzunean zolaberritu ordez, agintariak txabolak botatzeko agindua ematen ari dira, etxolak suntsitutakoan miseria ere desagertuko delakoan.

Betidanik izan dira ijitoak baztertuak eta, hala ere, mende luzez biziraun dute. Bazterketa hori esplizituagoa egin du Sarkozyk Estatu Frantsesetik bota dituenean legezkoa bide den prozedura baten bidez. Alabaina, ez da ijitoen bazterketa Estatu Frantsesera mugatu beharreko kontua. Badirudi uste baino ohikoagoa dela Estatu Espainiarrean ijitoak kanporatzea.

Duela egun batzuk salatu zuten Motrilen 15 errumaniar ijito kanpaleku batetik bota eta Errumaniara bueltatzeko bidaia txartela ordaindu zietela eta berriki jakin dugu Madrilgo Udalak gauza bera egiten duela. Estatu frantsesean ez bezala, hemen ez zaie diru kopuru bat ematen eta haiekin batera joaten dira geltokiraino bidaia egiten dutela ziurtatzeko.

Ez omen da Errumaniako ijitoendako berariazko neurria, baina etnia horretakoei aplikatu zaie orain arte. Hemen ere ez da kanporaketaz hitz egiten, borondatezko itzuleraz baizik, baina bizi zen txabola bota dioten batentzat eta ordezko etxebizitzarik eman ez dakit nik zer den borondatezkoa eta zer inposatua.

Berriki Cesar Manzanosek oso ongi adierazi du ijitoekin zer gertatzen den. Bere ustez, ijitoei oinarrizko gizarte zerbitzuak ematen zaizkie, betiere beste herri batek aitortuta eta eskubide horiek aitortzen dizkion giza taldearen maila berean ez dituzte lortzen, gainera. Bestelakoak izendapena jasotzen dutenez, zerbitzu horiek eskuratu nahi dituztenean askoren ikusi nahi ez dituztenen arbuioa jasaten dute.

Beldurgarria iruditzen zait niri ijitoak ikusi nahi ez dituztenen kopurua. Ijitoak baino askoz ere gehiago dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)