Quentin Tarantinorekin batera 'Grindhouse' egitasmorako filmatutako trailer bateko pertsonaia, Machete, berreskuratu du Robert Rodriguezek, biolentzia, akzioa eta umorea dituen filma egiteko.
B saileko justiziagileak
Berria, , 01-10-2010Gontzal Agote.
B saileko zinemaren miresle sutsua da Robert Rodriguez. Hori dela eta, duela hiru urte bere lagun Quentin Tarantinorekin elkartu eta bien artean Grindhouse proiektua egin zuten. Garai bateko saio bikoitzari omenaldi freak moduko bat egin nahi izan zioten, eta horretarako bakoitzak pelikula bat ondu zuen, Planet Terror Rodriguezek eta Death Proof Tarantinok.
60ko eta 70eko hamarkadetako pelikulen gaurkotze berezi bat izan zen, orduko estetika eta moldeak errespetatu zituzten zinema tokietara eraman zituzten kopiek zeluloidean propio egindako urradurak eta orbanak zituzten eta azpisail horretako topiko ia guztiak bildu zituzten. Hollywooden oso zinemagile errentagarriak ziren eta nahi zuten guztia egiteko baimena zuten. Hala ere, Grindhouse-k ez zuen diru aldetik batere ongi funtzionatu; ez AEBetan bi pelikulak saio berean eskaintzen ziren, ez eta Europan ere.
Filmarekin batera, existitzen ez ziren hainbat pelikularen trailerrak egin zituzten bi zuzendariek. Horietako batek berehala ikusle askoren arreta bereganatu zuen, Machete-k. Hori izan da, hain zuzen, Robert Rodriguezen proiektu berriaren abiapuntua, existitu ez arren pertsonaiak ikusmin handia sortu zuen eta pelikula egitea erabaki zuen. Zuzendari lanetan, Rodriguezen laguntzaile gisa, Ethan Maniquis ezezaguna aritu da.
Machete-k Grindhouse-ren ezaugarri gehienak mantendu ditu, baina kasu honetan latinoen ikuspuntutik emana da istorioa. Machete preso ohi mexikar bat da, gupidarik gabeko hiltzailea. AEBetako senatari ustel bat akabatzeko kontratatu dute eta gogo onez hartu du mandatua, senataria legez kanpoko etorkinen etsairik handiena baita.
Zeregin horretan, ezinbesteko bi laguntzaile trebe ditu: paperik gabekoen aldeko ekintzaile bat eta justizia bere kabuz egin nahi duen polizia emakume gogor bat. Hala ere, Macheteren lagunik onenak gabardina azpian daude, han gordetzen baititu mota guztietako labanak. Ez da zaila asmatzea nondik datorkion goitizena.
Biolentzia, akzioa eta umore basatia dira filmaren osagaiak. Horrez gain, nahigabe gaurko egoerarekin oso lotuta dago. Filmaketa amaituta zegoenean Arizonan immigrazioaren kontrako lege gogorrak onartu zituzten, eta horrek kutsu sasi-politikoa eman dio filmari.
Baina Rodriguezek asko daki marketinaz eta ez du polemikarik behar bere filma promozionatzeko. Aukeratu dituen aktoreei erreparatuta, abilidade komertziala ezin zaio ukatu. Protagonista lanetan, Danny Trejo dago, orain arte bigarren mailako roletan aritu izan den jatorri mexikarreko aktorea; besteak beste, Rodriguezen Predators eta Desperado-n hartu zuen parte.
George W. Bushengan oinarritzen den senatariarena egiten, berriz, Robert de Niro dugu, bere buruaz behin eta berriro trufa eginez. Eta Macheteren laguntzaileen artean, gaur egun denen ahotan dauden hiru aktore gazte: Jessica Alba, Michelle Rodriguez eta Lindsay Lohan. Azken honek, nola ez, legearekin arazo ugari dituen baten rolean. Baina kontua ez da horretan bukatzen, museoetan arakatu ondoren bi saurio berreskuratu ditu Rodriguezek: Steven Seagal eta Don Johnson.
‘MACHETE’
Zuzendaria: Robert Rodriguez, Ethan Maniquis
Aktoreak: Danny Trejo, Robert de Niro, Jessica Alba.
Herrialdea: AEB.
Iraupena: 104 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, abenduaren 1ean.
(Puede haber caducado)