Ijito herria, akusatuen aulkian

Berria, Rebeka Ubera Jon Iñarritu Aralarkideak, 30-09-2010

Abuztua ez da hilabete lasaia izan arlo informatiboan, hori ohikoa ez den arren. Romani etniako herritar europarrak Frantziatik kanporatuak izateak harritu eta larritu egin gintuen. Aurretik ere ikusiak genituen Europako beste estatu batzuetan herri honen kontrako jarduera lotsagarriak, baina orain Frantzian gertatu da, eta hori albistea izan da. Nola da posible humanismoaren eredu den Estatu baten, Liberté, Egalité, Fraternité leloa goraipatzen duen Frantzian, horrelako gertaera bidegabe bat izatea?

Errepublikako presidenteak herritarren aurrean zeukan irudia mailarik baxuenean zegoenean, arreta guztia Bettercourt auzian zegoenean, zeinak eragin zuzena daukan Eric Woerth Lan ministroarengan zein Nicolas Sarkozyrengan, neurri diskriminatzaile bat ezarri zaie ijito etniako europar herritar batzuei. Saint-Aignan herrian (Loir-et-Cher) romani jatorriko gazte bat jendarmeen esku hil izana eta horren ondoren izandako istiluak nahikoak izan ziren Frantziako Gobernuarentzat ke hesia eraiki eta hedabideen arreta desbideratzeko, eta gero, segurtasunaren aldeko eta «ijitoen» kontrako neurri populistak hartzeko. Era berean, jarrera horrekin Frantziako eskuin muturreko botoak eta haien babesa eskuratu nahi ditu presidenteak.

Poliziaren esku hildako gaztea ijito etniakoa zen, baina Frantziako herritartasuna zuen; heriotzaren ostean izandako mobilizazio eta istiluetan parte hartu zutenak ustez etnia bereko frantziar herritarrak izan ziren. Baina, istiluetan parte hartu zutenen aurka zuzen-zuzenean egin beharrean, ijitoen egonlekuak deuseztatuko zituela iragarri zuen Gobernuak, horrela delinkuentzia amaituko zela aitzakia bezala jarrita. Lotura egina zegoen: «ijitoa berdin delinkuentea». Astakeria bat ikuspuntu legaletik, eta Errepublikako irizpide nagusien kontrako erasoa. Frantziako romanien gaineko errepresioa ezarri ezinik, Bulgariako edo Errumaniako romanien aurka egiten du ijitoak bai, baina europarrak ere bai, horiei erru guztia leporatzea errazagoa delako; ahulagoak dira, frantziarrak ez direlako.

Nazioarteko eta Europako erakundeek ebazpenak eta plangintza bereziak landuak dituzte komunitate horri begira. Ijitoak gizarteratzeko Hamarkadan gaudela ez da ahaztu behar, Europako zazpi estatuk adierazia; beste hamabi estatuk Euroma sortu dute, Europako Batasuneko egiturazko diru-funtsarekin ijito herria laguntzeko programa; 2009ko eta 2010eko martxoan ebazpenak egin ziren Europako Parlamentuan, herri horretako kideek lanbiderako sarbide hobea eta gizarteratzeko baldintza hobeak izan ditzaten. Baina badirudi hori ez dela nahikoa, Europako Batzordeko arrazakeriaren kontrako organismoak egindako txostenak esaten duenaren arabera. Ijitoen aurkako xenofobia oso hedatua dago, eta partikularrek edo erakundeek egindako erasoak, jazarpenak edo kanporaketak gertatzen dira. Nazioarteko estamentuek gizarteratzearen aldeko neurriak eskatzen dituzte, baina zeintzuk dira neurri horiek? Hungariak, Txekiako Errepublikak, Eslovakiak eta orain Frantziak neurri kolektiboak hartzen dituzte Europako ijitoen aurka. Idatzita dagoenaren kontrakoa da hori, eta era horretara, arrazakeria eta xenofobia hedatu egiten dira. Inkesten arabera, Sarkozyk herritarren aurrean zeukan irudia hobetu egin da, lau puntu igo baita, eta herritarren zati handi batek hark dituen neurriak babesten ditu. Hori bai, kriminalitate mailak bere horretan jarraitzen du. Ez ziren ba ijitoak horren eragileak?

Nazioarteko eta Europako erakundeak, aurreikusia zegoen bezala, Frantziak agindutako kanporaketen kontra azaldu dira. Baina hori baino gehiago egingo dute erakundeek? Hexagonoak argudiatu du kanporaketak pertsonalizatuak direla, legearen arabera egiten direla eta epaileak agindutakoak ez direnean borondatezkoak direla. Baina ondorioa argia da: komunitateak oso-osorik kanporatzen eta kanpamentuak deuseztatzen ari dira, eta, gainera, agintariak iragartzen ari dira ijitoen kanporatze gehiago egingo dituztela. Eta kanporatze horiek orokorrak dira eta kolektibo jakin bati zuzenduak. Horrelakoak onartzen ditu Europako zuzenbideak? Ijitoen egonlekuak kanporatzen dira, segurtasunaren aitzakian. Eta horren aurrean zer egingo du Europako Batasunak? Europako Batasuneko oinarrizko eskubideen gutunean berdintasunaz, kanporatze kolektiboen debekuaz, etnia edo jatorriagatiko diskriminazio ezaz edota Estatu kideen barruan Europako herritarrek beren bizilekua eta joan-etorriak modu askean egiteko aukeraz hitz egiten da. Era berean, Europako Batasuneko herritarrek joan-etorriak eta bizilekua modu askean egiteaz dihardu 2004/38 zuzentarauak, eta mugikortasunerako parametroak zehazten ditu. Zeintzuk neurri hartuko ditu Europak bere eta Frantziako zuzenbidera egokitzen ez den astakeria hori geldiarazteko?

Zein arrazoi dago komunitate jakin bateko europar herritarrei beren mugitzeko askatasuna mugatzeko? Hori gutxi balitz bezala, eta hau ez da berria, jakinarazi dute kanporatu dituzten pertsonekin fitxategi biometrikoa egingo dutela, Hexagonora itzultzea erabakitzen dutenek laguntza publiko gehiagorik jaso ez dezaten. Italian ijito haurrei hatz-markak hartzea proposatu zuten bere garaian. Eta, bide batez, inori ez zitzaion bururatu zenbakia tatuatzea besoan? Historia errepikatzen denez, orain hamarkada batzuk markajeekin eta deportazioekin hasi zena modu txarrean bukatu zen, eta orain urtebete kanpalekuek erasoak pairatu bazituzten Italian, zein izango da hurrengo kapitulua? Historia ez dadila errepikatu! Ijitoak Europako herritarrak dira, eta hori baino lehen, pertsonak dira!

Nazio Batuek, Europako Batasunak eta Europako Kontseiluak eskatu dituzten kontuak ezerezean ez gelditzea eta neurri zorrotz eta eraginkorrak hartzea eskatzen dugu Aralarrekook. Era berean, maila guztietako instituzioek ekimena hartzea eskatzen dugu, eta bi norabidetan izatea. Alde batetik, ijito herria Europako gizartean benetan gizarteratzeko, beren ohiturak errespetatuta Europako Batasunaren barruan bizi ahal izateko. Bestalde, xenofobiaren eta arrazakeriaren kontrako politika publikoak exijitzen ditugu. Era honetako gertaerak onartezinak eta kezkagarriak dira. Arrazakeriak bizirik jarraitzen du, eta irmoki egin behar zaio aurre. Kolektibo edo herri jakin batekoa izateagatik batzuek pairatzen duten delinkuentzia presuntzioa ezabatu egin behar da guztion buruetatik. Romanien ereserkiak esaten duen bezala. Gelem, gelem lungone dromensar, «Bide luzeetatik bidaiatzen aritu nintzen». Ijito herria bidaiatzen ikusi nahi dugu, baina ez daitezela izan behartutako bidaiak edo deportazioak; beren etxe Europako bideetatik aske bidaiatzeko aukera izan dezatela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)