Bira

'Millenium X'

Berria, Itxaro Borda, 23-09-2010

Oporretako irakurtaldi erraldoia nuen. Stieg Larsson zenaren Millenium saileko hiru nobelak irentsi ditut treneko bidaia luzeez balia. Atera zirenean, ez nituen deusez ohartu. Jakin nuen, ordea, munduan zehar eromena hazten zutela. Hara, urtu naizela ene aldian Lizbeth Salanderen mistika sufrituan eta autopistan, Blomkvist enpresako kamioiak gurutzatzean badakit zehatz zein herrietakoak diren.

Igandean, Suedian, hauteskundeak ziren. Eredutzat daukagun estatu-probidentziaren hil zeinuak ozen omen dabiltza, ohko alderdiek ez dutelako gehiengorik edukitzea lortu. Hargatik eskuin muturreko demokratak hala deitzen dira Stockholmeko parlamentuan sartu dira, kanpaina osoan islama eta emigrazioa ahoak eman ahala salaturik. Xenofobia, Europa ustez zibilizatuaren leitmotiv errepikatuegia bihurtua da naski.

Neke zaigu Suedia neofaxista antzera irudikatzea. Baina Ingmar Bergmanen filmeen eta bereziki Stieg Larssonen eleberrien muinetara itzultzean, ikus dezakegu suediarren jendetasun azalaren azpian lerratzen den salbaitasun itsua. Bozka ondorioek ez naute harritu, Lizbeth Salander pairatzaile bat badelako beti egin-molde batzuen leuntasunaren atzealdean.

Baionan, egun, greban gaude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)