Ohikoak dira etorkinen identifikazioak, apetazko atxiloketak eta, batzuetan, polizia gehiegikeriak ere bai. Euskal Herrian daramatzan sei urteetan antzeko zenbait arazo izan ditu Lahcen Unasser marokoarrak.

«Salaketa jarrita ez nuen ezer lortuko»

«Salaketa jarrita ez nuen ezer lortuko»

Berria, , 17-09-2010

M. A.
Bilbo

Iazko azaroaren 7an, bi ertzainek gelditzeko agindu zieten Bilboko Casilda Iturrizar parkean zebiltzan bi gizonezko gazteri. Ordu batzuk lehenago inguruan gertatutako lapurreta baten egileen deskribapenarekin bat omen zetozen, arabiarrak izaki. Gazteak, ordea, korrika atera ziren, eta batek itsasadarrera bota zuen bere burua; bederatzi egunera agertu zen haren gorpua uretan. Kadero izenez zen ezaguna; 18 urte zituen eta Aljeriakoa zen. Ertzaintzak jakinarazi zuen lapurretaren egilea atxilotu zuela; Kaderok ez zuen aurrekaririk. Etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu zuten ohikoak direla arrazaren araberako identifikazioak egitea eta apetaren arabera atxilotzea. Ondo daki hori Lahcen Unasser marokoarrak: 19 urte ditu, eta 13rekin heldu zen Bilbora; ordutik antzeko arazo ugari izan ditu poliziekin.

«Goizaldeko bostetan iritsi nintzen Bilbora, 13 urte nituela. Poliziarengana joan nintzen; gaztelania ez nuen hitz egiten, eta keinuen bidez jakinarazi nien ez nuela nora jo. Polizia etxetik bota ninduten; inguruan bueltaka hasi nintzen, baina euria hasi zuen, eta polizia etxera itzuli nintzen. Ikusi egin ninduten, baina ez zidaten ireki atea, beraz, kanpoan eserita geratu nintzen». Aspaldi gertatutakoa izanik, Unasserrek ez du gogoan polizia etxea Ertzaintzarena edo Bilboko Udaltzaingoarena zen. Azkenean, sartzen utzi zioten, baina ordurako blai eginda zegoen.

Ondoren jazotakoa memorian iltzatuta dauka gazteak: «Filmetan bezala, polizietako batek onaren rola hartu zuen, eta besteak gaiztoarena. Beldurra pasatu nuen». Hatz-markak hartu zizkioten, eta etorkin adingabeentzako harrera etxe batera eraman.

Ongietorria ez zen ona izan, baina handik urtebetera arazo larriago bat izan zuela kontatu du. Zentroko lagun batzuekin atera zen, eta Abando auzoan zebiltzala, polizia batzuek geldiarazi eta polizia etxera eraman zituzten Unasser eta beste bi, lapurtu egin zutelakoan. Poltsikoetan zeukaten guztia ateratzeko eskatu zieten. Gaztearen arabera, mahai gainean utzitako gauzen artean ez zegoen lapurtutako ezer, eta, hala ere, ez zituzten askatu. «Nik paperezko musuzapi bat utzi nuen patrikan; miatu nindutenean aurkitu egin zuen agente batek, eta kolpeka hasi zitzaidan sabelaldean». Berarekin zegoenetako bati ere zaplazteko bat eman ziotela gaineratu du. Gau hartan, ziegara eraman zituzten, eta biluzarazi. Ondoren, poliziek iraindu zituztela dio, baita ostikoak eman ere. Azkenean, harrera etxera eraman zituzten.

Unasserrek ez zien zentroko arduradunei ezer kontatu, ezta 16 urterekin izandako beste gertakari baten inguruko ezer ere. Zazpikaleetan zebilen parrandan, eta borrokan hasitako bi pertsona banandu zituen. Haatik, bertaratutako poliziak pentsatu zuen Unasserrek borrokan parte hartu zuela. «Eskuak hormaren kontra jartzeko agindu zidan, eta nik erantzun nuen ezetz, ez nuelako ezer egin. Lekukoei ez zieten galdetu, eta haiek ere ez zuten ezer esan. Oso txarto sentitu nintzen egoera hartan, apalduta».

Identifikazioak, sarritan

Gelditu eta identifikatu. Sakelako telefonoa itzalarazi eta berriro pitzarazi, PIN kodea dakiela egiaztatu, sakelakoa berea dela ziurtatzeko. Halakoak «oso sarritan» egin izan dizkiote Bilboko udaltzainek Lahcen Unasserri. Behin, ordea, sakelako telefonoa konfiskatu egin zioten, PIN zenbakia bazekiela frogatu bazuen ere. «Telefonoa itzultzeko eskatu nion agenteari, eta erantzun zidan isiltzeko, bestela itsasadarrera botako ninduela. Astebete eman nuen egunero polizia etxera joaten, faktura eta guzti; harrera zentroko hezitzailea nirekin etorri zen arte ez zidaten eman».

Ordura arte ez zuen inoiz salaketarik jartzea aztertu, baina mehatxuaren ostean aukera horri buruz hausnartu zuen. Azkenean ez zuen ezer egin: «Hezitzaileek gomendatu zidaten salaketarik ez jartzeko, ez nuelako ezer lortuko». Bilboko Udaltzaingoaren prentsa bulegoak, baina, kexak jartzea gomendatzen du, «ikertu egiten direlako». Udaltzainek ukatu egiten dute etorkinak sistematikoki identifikatzen dituztela: «Delituren bat egiten duen pertsonaren deskribapen fisikoarekin bat datozenean eskatzen zaie dokumentazioa».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)