Etorkinen babes ezak polizien tratu txarrak ugaritu ditu
Azken urteetan %9 igo dira etorkinen eta ijitoen aurkako polizia gehiegikeriak, baina etorkinak ez dira salatzera ausartzen AI erakundea kezkatuta dago Estatua ez dagoelako prest tratu txarrak ikertzeko
Berria, , 17-09-2010Eskuburdinak jarrita zeuzkan gazte ekuadortar bati Iruñeko udaltzain talde batek polizia etxean emandako jipoia erakusten zuen bideoak hautsak harrotu zituen ekainean. Ez da kasu bakarra, ordea. Eraso hori auzibidean da, baina gehienak ez dira salatzen, eta salatzen diren apurrak artxibatu egiten dira, ikerketarik ia egin gabe. Hain justu, ekainean bideoa plazaratu zuen Nafarroako SOS Arrazakeria elkartea «oso kezkatuta» dago, azken urteetan gora egin dutelako poliziek etorkinei eta ijitoei egindako gehiegikeria edota tratu txarrengatiko salaketek. Taldearen 2009ko txostenak zioen kexa kopurua %9 igo zela iaz. «Salatzen diren kasu apurren atzean errealitate zabala dago», zehaztu du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak.
AI Amnesty International erakundeak urteak daramatza tortura eta tratu txarren salaketak aztertzen. Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako egoerari buruz 2009an argitaratutako txostenak honela dio: «Tortura eta bestelako tratu txarren kasuak ez dira gertaera bakanak, egiturazko gabezia batzuen erakusgarri baizik. Tratu txarrak prebenitzeko, ikertzeko edota zigortzeko fase guztietan daude gabezia horiek». AIk landutako txostenen arabera, bi gizarte talde nagusitzen dira Poliziaren aldetik tratu txarrak jasotzen dituztenen artean: ekintzaile politikoak eta atzerritarrak Afrika, Latinoamerika edo Europako ekialdeko herrietatik heldutakoak edo gutxiengo etnikoetako kideak ijitoak batik bat.
Etorkinen aurkako «polizia gehiegikeria horiek» bi unetan gertatzen dira batez ere, AIko Immigrazio eta Babes Saileko arduradun Itziar Ruizen arabera: «Alde batetik, identifikatzeko eskatzen zaienean edota paperak kontrolatzeko unean gertatzen dira, kalean gehienetan, eta batzuetan indarraren gehiegizko erabilera egoten da. Bestetik, polizia etxeetan ere tratu txarrak gertatzen dira, eta bereziki larriak dira emakumeei sexu erasoak egiten dizkietenean».
Etorkinak eta ijitoak arazo bihurtu dituen diskurtsoaren ondorioz, jokabide horietan zantzu arrazistak daudela uste du Beatriz Villahizanek: «Batzuetan irain arrazistak esplizituak dira, baina hain agerikoak ez direnean ere, arrazismoa dago jokabide horien atzean». Hain justu, Nafarroako SOS Arrazakeriaren 2009ko txostena aipatuta, Villahizanek erantsi du poliziek maizago geldiarazten dituztela etorkinak, identifikatzeko eskatuz, «ageriko arrazoirik gabe». AIren ikerketetan antzeko ondorioa ikus daiteke: «Azalaren kolorea edo aurpegiera pertsona bat geldiarazteko eta identifikatzeko arrazoia izaten da polizientzat».
Joera horrek delinkuentzia eta immigrazioa lotzeko administrazioek eta zenbait gizarte taldek eginiko diskurtsoarekin du zerikusia, Villahizanen iritziz. Izan ere, tratu txarrak, jipoiak eta bortxaketak erasorik bortitzenak izan arren, maila apaleko beste hainbat eraso normalizatu direla uste du. «Delinkuentziaren eta immigrazioaren arteko lotura eztabaida politikoan erabili izan da, eta diskurtso hori barneratuz joan da gizartea. Ikuspegi horrek jarduera baztertzaileak justifikatzeko baldintzak sortzen ditu, eta gehiegikeriak oharkabean pasatzen dira, hau da, ez dirudite hain eskandaluzkoak». Adibide gisa jarri du etorkinak bizi diren auzoetan Poliziaren presentzia handiagoa izatea. Ildo horretan, Espainiako Poliziaren sindikatuek egindako salaketa gogora ekarri du SOS Arrazakeriako kideak: «Kanporatze agindu kopuru zehatz bat betetzeko eskatzen zieten agenteei».
Horrelako jardunak «legez kanpokotzat» jo ditu KIRAk, Arabako etorkin eta errefuxiatuen koordinakundeak. Urteko lehen seihilabetekoan kexa ugari jaso ditu elkarteak, identifikazio eta atxiloketa arbitrarioekin lotuta batik bat. Bertako kide Mario Calixtok gogora ekarri du paperik ez edukitzea ez dela delitua, huts administratiboa baizik. Hortaz, haren hitzetan, identifikazioak eta horren ondoriozko atxiloketa prebentiboak ezin dira Prozedura Kriminalaren Legea aplikatuta egin, «ez baitago deliturik».
Babesik gabeko taldea
Abagune horrek «babesik gabe» uzten ditu etorkinak. «Abiapuntu desberdina dute, Atzerritarren Legeak desberdin arautzen eta tratatzen dituelako bertan jaioak ez direnak; baimenak berritzeko baldintzak betetzeak etengabeko tentsio egoerak eragiten ditu», azaldu du Villahizanek. Hartara, babes falta eta tentsioa salaketa kopuru murritzean igartzen dela gaineratu du AIko Itziar Ruizek: «Salaketa jartzearen ondorioen beldur dira, paperik gabekoak baldin badira, estatutik kanpora ditzaketelako. Polizia agente batzuek babesik gabeko egoera hori baliatu egiten dute».
Era berean, ohikoak bihurtzen ari dira poliziek etorkinen zein ijitoen aurka jarritako salaketak, agintariei aurre egiteagatik. Villahizanen ustez, segurtasun falta dakarkie horrek: «Salaketa gehienek porrot egiten dute, eta, gainera, akusatzen duena akusatu bihurtzen da. Ondorioz, salaketa jartzen duena ahulago dago, eta, aldiz, salatua indartsuago, boteretsuago, sistema judizialak ere sinesgarritasun handiagoa ematen diolako agente baten hitzari». Baina salaketa jartzea galarazten duten beste zenbait faktore ere badaude: norbere eskubideen berri ez izatea, bertako hizkuntzak ondo ez erabiltzea polizia etxeetan ez da itzultzailerik egoten, etorkinen mugikortasuna… Hori guztia kontuan hartuta, Ruiz eta Villahizan bat datoz baieztapen honetan: «Salaketak izozmendiaren erpina dira».
Ikerketarik ez, zigorrik ez
Etorkinen aurkako polizia gehiegikeriei buruzko datu zehatzik ez dago, salaketa gutxi jartzen direlako, eta, gainera, administrazioek ez dituztelako salaketa horien inguruko daturik argitaratzen. Etorkinekin lan egiten duten erakundeek, aldiz, kexa gehiago jaso dituzte azken urteotan, eta AIk ez du uste gutxitzen ari direnik. Erakundearen txostenek diotenez, «zigorgabetasunak torturen eta tratu txarren arazoa nahasi du».
Hartara, polizien aurkako salaketak ikertzeko erakunde independenteak eratzeko eskatu izan du hainbatetan Amnesty Internationalek. «Estatuaren prestasun ezak kezkatzen gaitu: ez dago ia ikerketarik, eta auzibidera heltzen diren kasuak hamar edo hamabost urtez luza daitezke», dio Ruizek. Era berean, arrazakeriaren astungarria oso gutxitan erabiltzen dela deitoratu du. «Oztopo lasterketa bat da: antzeko kasuak ezagutzen dituzten askok amore ematen dute, ikusten dutelako ez dutela justizia, egia edo ordainik jasoko».
SOS Arrazakeriak jasotako kexak
Hego Euskal Herriko SOS Arrazakeriaren elkarteek hainbat salaketa jaso dituzte azken hilabeteotan. Hona hemen batzuk:
Donostia, maiatzean. Miramon parkearen inguruan, bost kolonbiar zihoazen autoa gelditu zuen Ertzaintzak. Motorra itzaltzeko, giltzak emateko, autotik jaisteko eta dokumentazioa erakusteko «garrasika» agindu zioten gidariari. «Iraindu» egin zuten. Gidariak adierazi zuen hura gehiegikeria zela, eta identifikazio zenbakia eskatu zien ertzainei; «argiustea» zela erantzun zioten. Ibilgailutik jaistean, kolpeka bultza egin zioten; mediku txostenak berretsi du hankan zauria zuela.
Bilbo, uztailean. Emakumezko etorkin batek Udaltzaingora jo zuen baimen baterako izapideak egitera. Oztopoak jarri zizkioten eta «irain xenofoboak» jaso zituen. «Joan zure herrira, hemen ez duzu eskubiderik», esan zioten. Kexa jarri zuen eta hurrengo egunean barkamena eskatu zioten telefonoz.
Errenteria (Gipuzkoa), irailean. Bi marokoar bizi diren etxera joan zen Ertzaintzaren patruila bat. Etorkinek paperik ez zutela ikusita, dokumentazio guztia eskatu zieten: pasaporteak, erroldatze agiriak, txosten medikoak… Agiri guztiak eraman zizkieten, eta oraindik ez dizkiete itzuli.
%29
Polizia gehiegikeriengatik jasotako salaketak. 2010ean Nafarroako SOS Arrazakeriaren bulegoan jasotako salaketen %29 polizien gehiegikeriei dagozkie. Espainiako SOS Arrazakeria Federazioak horregatik jasotako salaketen %20 Nafarroan gertatu dira.
Polizientzat, azalaren kolorea eta aurpegiera bidezko arrazoiak dira pertsona bat geldiarazteko»
AMNESTY INTERNATIONAL
‘Espainia: Arrazoi arrazistengatiko tortura eta tratu txarrak’
(Puede haber caducado)