Frantziako ijitoen kanporatzea salatu dute dozenaka lagunek Iruñean

Frantzian kritika asko jaso ostean, barkamena eskatu du Europako Batasuneko Justizia komisarioak

Berria, , 16-09-2010

Erredakzioa.
Iruñea

Jatorri errumaniarreko ijitoak kaleratzeko Frantziako Gobernuak hartutako erabakia salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean, Nafarroako Etorkinen Koordinakundeak deituta, dozenaka lagunek. Elkarte horren arabera, «Nicolas Sarkozyren gobernuaren jarrera xenofobo eta diskriminatzaileak ijitoen aurkako joera indartu besterik ez du egiten». Ijitoak segurtasun faltarekin lotu izanak gizartea errealitatetik aldendu egiten duela irizten dio koordinakundeak.

Horrenbestez, Sarkozyk zuzentzen duen gobernuari ijitoen aurka hartutako neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Nafarroako Etorkinen Koordinakundeak. Oso kezkatuta agertu da taldea Frantziako Gobernuaren erabakiarekin, eta gogorarazi du Errumaniako Gobernuak behin baino gehiagotan ohartarazi duela ijitoen integrazioaren auzia Europako perspektibatik landu behar dela.

Horrekin batera, Ijitoak Gizarteratzeko Europako Plataformak jasotzen dituen printzipioak errespetatzeko eskatu dio koordinakundeak Frantziako Gobernuari. Printzipio horien artean, ijito herriarentzat politika eraikitzaile, pragmatiko eta ez-diskriminatzaileak abian jartzea eta ijitoen normaltasunaren alde lan egitea jasotzen dira.

Ricardo Hernandez Nafarroako Ijitoen Erakundeko bozeramaileak guztiz gaitzetsi du Frantzian bizi diren ijito errumaniarren kanporatzea. «Ijitoak kanporatzen ari dira, beren borondatez egiten dutelako aitzakia baliatuta», azaldu du. Dena den, Hernandezek gogorarazi du jatorri errumaniarra duten ijitoen kanporatzea Italian hasi zela, Silvio Berlusconi presidentearen eskutik. Hala, argi utzi du Europako Batasuneko herritarrek eremu horretan aske mugitzeko duten eskubidea urratzen ari direla bai Italian eta bai Frantzian ijito errumaniarrak kanporatuz.

Frantziaren erantzuna

Aurreko astean, Europako Parlamentuak gehiengo zabalez exijitu zion Parisko gobernuari ijitoen kanporatzea bertan behera uzteko. Sarkozyren gobernuak bere asmoekin jarraitzen zuela ohartuta, Europako Batasuneko Justizia komisarioak, Viviane Redingek, iragarri zuen espedientea zabalduko ziola Frantziako Gobernuari, ijitoen kanporatzea bertan behera ez uzteagatik. «Onargaitza da pertsona batzuk Europako Batasuneko herrialde batetik kanporatzea gutxiengo etniko batekoak direlako», azaldu zuen. Eta gaineratu zuen horrelakorik ez dela ikusi II. Mundu Gerra amaitu zenetik.

Redingen hitzek erreakzio uholdea eragin dute Frantzian eta Europan. Sarkozyk iradoki du Luxenburgok hangoa da Reding jatorri errumaniarreko ijitoak har ditzakeela. Redingen adierazpenak aztertzeko bilera egin zuen atzo Frantziako Gobernuak, eta komisarioaren hitz horiek «onargaitzak» direla adierazi zuen: «Redingek inolaz ere onartzen ez ditugun adierazpen horiek egin baditu, abuztuaren 5eko zirkularrarengatik izan da».

Frantziako Gobernuak aipu zuen zirkularra Michel Bartek sinatu zuen, Brice Hortefeux Barne ministroaren kabineteko buruak. Bartek Poliziari eskatu zion «legez kontrako 300 kanpaleku hiru hilabetean husteko, ijitoenak bereziki». Talde etniko zehatz bati egindako erreferentzia horrengatik, azken asteetan izugarrizko kritikak jaso ditu Frantziako Gobernuak. Dena den, Eliseoak zirkular horri garrantzia kendu dio.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, babestu egin du Reding, esandakoa «uneko beroaldian» esan zuela eta; baina, aldi berean, Barrosok zehaztu du Justizia komisarioak ez zuela asmorik Frantzia II. Mundu Gerrako gertaerekin parekatzeko. Angela Merkel Alemaniako presidenteak kritikatu egin du Redingen adierazpenen «tonua»; eta Silvio Berlusconi Italiako presidenteak ere okertzat jo ditu adierazpen haiek. Europako Kontseilua biltzekoa da Bruselan gaur, eta gaiari buruz eztabaidatuko du. Sortutako tentsioa lasaitze aldera, Redingek barkamena eskatu zuen atzo iluntzean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)