Ijitoak ez kanporatzeko eskatu dio Europako Parlamentuak Frantziari
Frantziako Immigrazio ministroak adierazi du kanporatzeekin jarraituko dutela, eta parlamentuaren jarrera kritikatu du Frantziako eta Errumaniako ministroak ijitoen egoerari buruz hitz egiteko bildu dira
Berria, , 10-09-2010Ijitoak kanporatzeari uzteko eskatu dio Europako Parlamentuak Frantziari. Estrasburgon (Frantzia) bildu ziren atzo eurodiputatuak, eta Bulgariako eta Errumaniako ijitoak kanporatzeko Frantziaren politikak sortzen dien «kezka» adierazi zuten testu baten bitartez. Horrez gain, taldeak kanporatzea Europako legediaren aurka doala gogorarazi dute. Baina Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroak jakinarazi du kanporaketekin jarraituko dutela. Bukarestetik eman zuen erantzuna. Frantziako Europako ministro Pierre Lelloucherekin batera joan zen hara, Errumaniako ijitoen bizi-baldintzei buruz hitz egiteko.
Europako Parlamentuko diputatuen gehiengoak onartu du eskaera. 337k bozkatu zuten alde, eta 245ek kontra. Aldekoen artean, sozialistak, liberalak, berdeak eta ezkerreko alderdiak daude. Aurka, berriz, Europako Alderdi Popularra dago, beste batzuren artean. Aurka bozkatu dutenek Frantziari aipamenik egiten ez dion beste testu bat proposatu dute. Testu horretan, immigrazio askearen mugak eta EB Europako Batasuneko herrialdeek beren segurtasuna bermatzeko duten eskubidea aipatzen dituzte.
Gainera, testuak salatzen du Frantziak kanporaketekin arrazakeria zabaltzen lagundu duela. Haien hitzetan, gobernuak «erretorika diskriminatzailea» erabili du, eta horrekin eskuin muturreko taldeei indarra eman die. Horrez gain, Juan Fernando Lopez diputatuak jakinarazi du parlamentuak konponbideak bilatu ordez gutxiengo bat diskriminatzea arbuiatzen duela.
Testuan Europako Batzordea ere kritikatzen dute. Haien iritziz, kanporatzeen gaiari «berandu» erantzun dio, eta ez du arazoa moldatzeko «nahikoa» egin. Erantzun irmoa emateko eskatu diote, eta Frantziak edo beste herrialderen batek Europako Batasuneko immigrazio legeak errespetatzen dituzten edo ez ziurtatzeko. Ez dute beste herrialderik aipatzen, baina bozketa egin aurretik Italia eta Hungariaren inguruan hitz egin zuten. Aste honetan, Erroman eta Milanen ( Italia) ijitoen kanpalekuak desegiten hasi dira.
Bestalde, Bessonek jakinarazi du Europako Parlamentua errespetatzen dutela baina kanporatzeekin jarraituko dutela. Haren iritziz, parlamentuak gehiegizko eskaera egin du, eta Frantziak ez dauka zertan haien agindurik bete. Gobernuak kanporaketak immigrazio askatasuna urratu gabe egiten dituela berretsi du.
Hala ere, Europako Batzordea horren inguruko ikerketa bat egiten ari da. Ijitoak kanporatzean, kasu bakoitza banaka aztertzen duten edo taldean botatzen dituzten jakin nahi dute. Abuztuaren 31n Bessonek Europako Batzordeko Justizia ministro Viviane Redingi kanporaketen inguruko informazioa eman zion. Baina joan den astean, Redingek datu gehiago behar zituela jakinarazi zuen.
Elkarrizketak
Lellouchek ere parlamentuaren eskariaren inguruan iritzia eman du. Haren ustez, «Frantzian eta Europako hainbat herrialdetan hipokresia handia dago». Orain Parisi azken hamar urteetan moldatu ez den arazo baten errua botatzen ari direla adierazi du. Gainera, Lellouchen ustez, «Frantzia ez da Europako beste herrialdetako biztanleentzako egoitza sozial bat», eta, beraz, ijitoek ezin dute immigrazio askatasunaren izenean herrialdean sartu.
Errumaniak ijitoen egoera hobetzea nahi du Frantziak. Beston eta Lellouche Errumaniara joan ziren atzo, gai horren inguruan hitz egiteko. Emil Boc lehen ministroarekin, Vasile Blaga Barne ministroarekin eta Teodor Baconschi Atzerri ministroarekin bildu ziren atzo.
Lellouchek adierazi du haien helburua Errumaniarekin batera lan egitea dela, giza trafikoaren aurka borroka egin eta Errumaniako ijitoen egoera hobetzeko. Horretarako, Errumaniari ijitoen integraziorako plan bat ahalik eta azkarren sortzeko eskatu diote. Horrela, Europako Batasuneko dirua jasoko lukete. Hori egin ordez zailtasunak dituzten taldeak beste herrialdetara bidaltzen badituzte, batasunarekin sortu nahi duten Europa arriskuan jartzen dela gaineratu du.
Traian Babescu Errumaniako presidenteak ohartarazi du Frantziako ministroak «ikasgaiak» ematera badatoz zereginik ez dutela. Aldiz, elkarrekin konponbideak bilatzeko prest badaude ondorio positiboak aterako dituztela jakinarazi du. Duela bi urte Italiarekin egin zuten lana gogorarazi du.
Errumaniako ijitoen egoeraren inguruan zeresan handia dutela adierazi du. Adibidez, beren haurrak eskolara bidaltzeko aukera izan arren, eskera bidaltzen dituztela jakinarazi du. Frantziak ijitoekin duen jarrera ez dela Europako herrialde batena gaineratu du. Horren harira, herenegun, Sarkozy lider nazi batekin alderatu zuten Errumanian.
(Puede haber caducado)