Larrepetit

Belarritako parea

Berria, Castillo Suarez, 07-09-2010

Emakume isila da Evelin. Badira sei urte inguru gure herrian bizi dela, eta Boliviatik etorritako beste batzuen aldean, zorte ona duela esaten du. Agure bat zaintzen du eta harekin bizi da, baina, egia esan, ez dio lan handirik ematen, eta horrek aukera ematen dio tarteka etxeko lanak egiteko atari bereko beste etxe batzuetan. Ongi ordaintzen diote, gainera. 12 euro ordua. Oso ongi. Emakume soila da adierazpenetan zein itxuran. Ez du apaingarririk eramaten inoiz, eta bere buruari ametitzen dion txirrintxa bakarra da igande arratsaldetan litxarreriak erosi eta ikastola inguruko bankuetan hizketan aritzea bere herrialdeko beste emakume batzuekin.

Igande honetan ez da agertu, ordea. Jakin dut aste osoa etxean sartuta eman duela, negarrez. Bere alabendako dirua bidali zuen bidaia turistikoa egin behar zuen ezagun batekin. Azkeneko hiru urteetan bildutako dirua. Haurren amonari helarazi behar zioten erremesa. Dirua iritsi zen, espero bezala, baina orduak falta izan zitzaion bere koinatuari auto deportibo bat eta telebista erraldoi bat erosteko. Anaiak etxea eta lursaila erosi ditu, antza bai eta alabarendako ordenagailua. Jakin duenetik, Evelin ez da etxetik ateratzen, ez eta mandatuak egiteko ere eta nik ez dakit zer esan. Zilarrezko belarritako parearekin joan natzaio bisitan. Noranahi eraman daitezkeenak bere herrira bueltatzea erabakitzen badu. Jantzi eta kalera atera gara gominola batzuk jatera etxe atarian elkarri ezer esan gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)