EBk ijitoen kanporaketei buruzko datuak eskatu dizkio Frantziari

Europako Batzordea ikertzen ari da Frantziak paperik gabeko etorkinak kanporatzean EBko legedia betetzen duen Frantziak jakinarazi du kanporatutako etorkinen egoera banaka aztertzen duela

Berria, Unai Arteaga. , 03-09-2010

Europako Batzordeak Frantziaren politika kritikatu du, eta kanporatutako ijitoen inguruko informazio gehiago eskatu dio. Batzordea ikertzen ari da paperik gabeko etorkinak kanporatzean EB Europako Batasuneko herritarren immigrazio askerako eskubidea eta Oinarrizko Eskubideen Gutuna errespetatzen duen edo ez. Batzordeak duen susmoetako bat da ijitoak taldean kanporatzen ari direla, kasu bakoitza banaka aztertu beharrean legeak dioen bezala. Baina Frantziako Europako Ministro Pierre Lellouchek jakinarazi du Frantziak etorkinak kanporatzean ez duela legea urratu.

Europako Batasuneko herritarren immigrazio askerako legeak dio herrialde batek etorkinak kanporatu ditzakeela bere lurraldean hiru hilabetez lanik gabe egon edo gizartearentzako «zama» bilakatzen badira. Hiru hilabete igaro baino lehen ere kanporatu ditzakete, segurtasun publikoaren aurkako arriskutzat hartzen badituzte. Horrez gain, etorkin bat kanporatu aurretik, haren adina, osasuna eta herrialdean daraman denbora ere kontuan hartu behar dira.

Frantziako Gobernuak adierazi du kanporaketak legea errespetatuz egiten dituela, eta gogorarazi du etorkinak «beren borondatez» joaten direla. Herrialdea uzten duen etorkin bakoitzari 300 euro ematen dizkiote, eta daukaten haur bakoitzagatik 100 euro. Haien hitzetan, kanporaketa bakoitzaren atzean erabaki judizial bat dago.

Frantziako Immigrazio ministro Eric Bessonek etorkinekin duten jarrera defendatu zuen abuztuaren 31n Europako Batzordean. Bilera hartan, batzordeko Barne komisario Cecilia Malmstromi eta Justizia ministro Viviane Redingi kanporaketak argitzen dituen txoten bat eman zien.

Egun berean, Malmstrom eta Reding Errumaniako estatu idazkari talde batekin bildu ziren. Errumaniako ordezkariek Frantziaren politikaren aurka protesta egin, eta kanporatutako ijitoek ez dutela deliturik egin esan zuten.

Europako Batzordeak bi bertsioak kontuan hartuta hasi zuen ikerketa, baina jakinarazi dute amaitutakoan ez dutela txostenik ezagutzera emango. Horren arrazoia da ikerketak ez duela ondoriorik izango.

Batzordeak ondorioak atera edo ez, Nicolas Sarkozyk jakinarazi du ijitoen beste 300 kanpaleku desegingo dituztela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)