Sarkozyren xedeak Konstituzioa urratzen duela nabarmendu dute

Xedea gaitzesteko, manifestaziora deitu dute Baionan eta Frantzian 50 alderdi, sindikatu eta taldek

Berria, , 02-09-2010

Dozenaka sindikatu, alderdi politiko eta giza eskubideen aldeko taldek elkar hartu dute Baionan Sarkozyren xedea salatzeko. «Hondamendiaren xenofobiaren politika sustatzen dutenen aurka, herritarrok Frantziaren oinarrizko balioak defenditu behar ditugu, askatasuna, berdintasuna eta bizikidetza», adierazi du Christophe Duprek, Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligaren izenean. Deialdiaren arrazoiak alderdi, sindikatu eta giza eskubideen esparrua gainditu eta hiritarrengan oinarritzen dela azaldu du. Horregatik, Sarkozyren xedea deitoratzeko, manifestazioak antolatu dituzte Baionan eta Frantzian. Baionakoa larunbatean izanen da, eta hamaiketan abiatuko da Askatasun plazatik, herriko etxearen aitzinean.

Ijitoak gaiztagintzat hartu eta kanporatuko dituela agindu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak abuztu hastapenean. «Giza taldeak kriminalizatzea Frantziako Konstituzioaren aurka doa, Errepublikaren oinarrien aurka», nabarmendu dute deitzaileek. Sarkozyren adierazpenak uda betean heldu arren, dagoeneko 50 taldek baino gehiagok izenpetu dute deia, horien artean, PS, PCF, Berdeak, NPA, CGT, FSU, CFDT, Giza Eskubideen Liga, Emmaus eta Frantziako Abokatuen Sindikatua. Ipar Euskal Herri mailan, bertze hainbat taldek deialdiarekin bat eginen dute, baina uda dela medio, ez dute denborarik izan harremanetan sartzeko.

Demokraziaren porrota

Sarkozyren hitzen jomugan, leinuak eta giza taldeak daudela gogorarazi dute deitzaileek. Baina horrez gain, frantziar hiritartasuna kendu nahi die Sarkozyk delituak egin dituzten etorkinen seme-alabei. Deitzaileen iritziz, horrek herritarren eskubideak urratzen ditu, lehen eta bigarren mailakoak bereizi eta demokraziaren funtsa urratzen baitu. Deitzaileen aldean alderdiak, sindikatuak eta giza eskubideen aldeko taldeak bildu dira, eta hori gertakari garrantzitsua da antolatzaileen iritziz. Bigarren Mundu Gerraz geroztik horrelako ekimenik ez dela antolatu nabarmendu dute. Naziekin bat egin zuten frantses kolaboratzaileek idatzi zituzten orduko legeak.

Deitzaileen iritziz, Sarkozyren xedea ez da ekimen soil bat, duela urte batzuk hasitako politikaren segida gordinena baizik. Azken xede horren ildotik, herritarren arteko banaketa sakona eragin nahi duela nabarmendu dute. Demokraziaren oinarriak urratzea onartezina dela diote deitzaileek. «Gaur bertan Frantziak, Giza Eskubideen sehaska izan zenak, azalpenak eman beharko dizkio Europako Batzordeari giza eskubideak urratzeagatik eta demokraziaren oinarriak kolokan jartzeagatik». Frantziako Gobernuak eskubideen marra gorriak urratu eta herritarren gainetik pasatu dela diote deitzaileek.

«Segurtasunaren eztabaida bidezkoa da demokrazian, baina Sarkozy urrutirago doa, aldez aurretik izendatzen ditu gaiztaginak, milioika dira eta guztiak pobreak». Deitzaileek gogoratu dute Frantziako Konstituzioko lehen artikulua: «Hiritar guztiak berdinak dira legearen aitzinean, jatorri, arraza eta sinesmenak kontuan hartu gabe». Demokraziari egindako erasoari erantzutera deitu dute, jendaurrean eta karrikan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)