Mugikortasunak baldintzak dituela ohartarazi dio Frantziak Europari
Etorkinen eta ijitoen kanporatzeak Europako legeekin bat datozela adierazi du Frantziako Immigrazio ministroak Bruselan Adierazi du jendeen mugikortasuna ezin dela izan gaiztakeriak egiteko aitzakia
Berria, , 02-09-2010Erredakzioa.
Baiona
Europako Batzordeak eskaturik, atzo bildu ziren Bruselan Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroa eta Europako Batzordeko komisarioak. Bessoenek adierazi zuen Frantziak ez dituela egin kanporaketa kolektiboak, erresumako legeak betearazi baizik. Horretan oinarrituta, adierazi du ijitoen kanporaketek ez dutela Europako legea urratzen.
Jendeen mugikortasuna bermatzea Europaren lorpen handia dela erran ondoren, eskubide horrek baldintza batzuk bete behar dituela zehaztu du Bessonek. Erresuma bateko legeak betetzeko eginak daudela azpimarratu zuen. Lege horiek urratzen dituzten pertsonak kanporatu behar direla nabarmendu zuen.
Kanporatze bakoitzaren gibelean epaile baten erabakia dagoela nabarmendu du Bessonek. Erabakia norbanakoei dagokienez, balizko giza talde baten aurkako irizpiderik ez dagoela azpimarratu du. Taldekako kanporaketak egonez gero, legea urratuko litzatekeela onartu du, baina Frantziako Konstituzioak berdintasun irizpideak bermatzen dituela azaldu du. Hain zuzen ere, atzo Lilleko (Frantzia) epaile batek deliberatu zuen zazpi ijitoren kanporaketak legez kanpokoak izan direla.
Kanporaketa horiek Frantziako legeak betetzen dituztela azaldu zuen, ordea, ministroak; bat datozela Frantziako Konstituzioarekin eta, ondorioz, Europako Batzordearen irizpideekin. «Europako artezarauetan eta Lisboako Itunean ez dago artikulurik esateko mugikortasun eskubideak berezko arautzea bermatzen duela». Europako legeak salbuespenak ditu mugikortasunari dagokionez, adibidez, istiluak sortzen direlarik, gizarte segurantzari iruzur egiten zaiolarik edo jende horiek ez dutelarik aski diru dauden herrian bizitzeko.
Lankidetza indartu
Europa eta Frantziaren arteko lankidetza indartzeko proposamena egin du Frantziako Immigrazio ministroak, zuzenbide arloan. Bertzeak bertze, pertsonekin trafikatzen duten mafien jazarpena egin ahal izateko eta Bulgaria eta Errumaniako ijitoen integrazioa bermatzeko Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetan.
(Puede haber caducado)