Mark Hugo Lopez. Pew Hispanic Centerreko zuzendaria AEBetara urtero milioi erdi lagun inguru sartzen dira, baimenik gabe; horien egoera eta estatubatuarrek haietaz duten iritzia aztertzen du Mark Hugo Lopezek, PHC erakundearen bitartez.
«Paperik gabeko etorkinen artean, bostetik bat pobrezian bizi da»
Berria, , 31-08-2010«Paperik gabeko etorkinen artean, bostetik bat pobrezian bizi da»
G. Udabe.
New York
Pew Research Centerrek (Pew Ikerketa Zentroa) alor desberdinetako zazpi proiektu ditu bere barruan. Hain zuzen ere, horietako bat da Pew Hispanic Center (PHC). Balorazio politikorik gabe, hispanoekin lotutako txostenak argitaratzen dituzte. AEBetan latinoak direnen esperientzia, bizipen eta pentsatzeko modu desberdinak jasotzea da beraien helburua. Prentsak, Gobernuak eta interesa duen orok erabiltzen ditu txosten horiek. Duela bi urte eta erdiz geroztik, bertako zuzendari eta kide da Mark Hugo Lopez. Inkesten zuzendari lana egiteaz, eta politika publikoak, gazteak eta krimenen inguruko txostenak zuzentzeaz arduratzen da. Egunero aritzen dira ikerketa berriren batekin lanean Washingtonen duten egoitzan.
Zenbatean behin egin eta argitaratzen dituzue txostenak?
Txosten bat edo bi argitaratzen dugu hilero. Oso gai desberdinak lantzen ditugu: demografia, ekonomia, politika, hezkuntza, osasuna eta gai horietaz AEBetan bizi diren hispanoek duten iritzia.
Zein da txosten horien helburua?
AEBetako komunitate latinoari pultsua hartzea da helburua. Bereziki urte osoan argitaratzen ditugun hiru txosten nabarmenduko nituzke: paperik gabekoen ezaugarrien inguruan ateratzen duguna (National Survey of Latinos), lan merkatuan dauden latinoen ingurukoa, eta demografia datuen ingurukoa (non bizi diren, zenbat, ezaugarriak..)
Hitz egin dezagun PHCk egindako azkeneko txostenen inguruan: zenbat paperik gabeko dago AEBetan?
2008. urtean egindako ikerketa baten arabera 11,9 milioi paperik gabeko zegoen AEBetan duela bi urte.
Horietatik zenbat dira hispanoak?
Lautik hirukoa da proportzioa. Ia 12 milioi paperik gabekotik, 7 milioi mexikarrak dira.
Paperik gabekoen kopuruak behera edo gora egin du?
Barne Segurtasunerako Departamentuak argitaratutako azken datuen arabera, 2009. urtean behera egin zuen paperik gabekoen kopuruak.
Gure datuen arabera, ez dago aldaketarik etxera bueltatzen ari diren mexikarren kopuruan. Aurreko urteetan adinako joana dago, baina AEBetara datozenen kopuruak behera egin du nabarmen.
Ekonomian izan den atzeraldiak izan al du eraginik zifra horretan?
Ez dakigu ziur. Baina litekeena da. Bereziki mexikar askoz ere gutxiago ari direlako iristen. Kontuan hartu behar da ekonomia arazoek lehendabizi latinoengan eta etorkinengan izaten dutela eragina.
Zein da paperik gabekoen egoera AEBetan. Nola bizi dira? Zeintzuk dira beraien beharrik handienak?
Bostetik bat pobrezian bizi dela esan diezazuket. Eta hispano etorkinen artean, hamarretik seik ez dute mediku asegururik.
Zer gertatzen da paperik gabekoen umeekin?
Estatu Batuetako Konstituzioko 14. emendakinaren arabera, diplomazialarien seme-alabak izan ezik, AEBetan jaiotako pertsona guztiek lortzen dute hiritartasuna.
Hori al da guraso askok hiritartasuna lortzeko erabiltzen duen formula?
Bide horretatik hiritartasuna lortzeko, hogei urte edo gehiago behar dira. Ez da automatikoa. Horregatik, ez dakigu seguru hori gurasoen motibazioa ote den.
Zein da estatubatuarren iritzia etorkinen inguruan?
PRCk ekainean argitaratutako txosten baten arabera, estatubatuarren erdiek pentsatzen dute etorkinak karga bat direla nazioarentzat, lanpostuak hartzen dituztelako, eta zerbitzu asko erabiltzen dituztelako. %44k pentsatzen dute gizartea sendotzen dutela etorkinek, eta proportzio berekoa da bertako balioen eta kulturaren aurkako mehatxu direla pentsatzen dutenen kopurua.
Demokrata eta errepublikanoen pentsatzeko moduan badago gai horri buruz desberdintasun nabarmenik?
Errepublikanoek demokratek baino ikuspegi askoz ere ezkorragoa eta etorkinen kontrakoagoa dute. Azkeneko sei urteetan, gainera, haziz joan da kontrako iritzia errepublikanoen artean.
Zein funtzio dute etorkinek, estatubatuarren iritziz?
Ia hamarretik seik esaten dute AEBek nahi ez dituzten lanpostuak hartzen dituztela.
Obamak paperik gabekoak legeztatzeko egindako proposamenaren inguruan zein iritzi dago zabalduta?
Hamarretik zazpik diote paperik gabekoei hiritartasuna emateko bideren baten alde daudela, baldin eta horiek isunak ordaintzen badituzte, lana badute eta gaizkileak ez badira.
Arizonako estatuan indarrean jarri duten legearen inguruan zein da iritzi orokorra?
Joan den ekaineko azkeneko datuen arabera, hamar lagunetik zazpik legea ontzat ikusten dute, eta hura indarrean sartzearen alde daude.
Hispanoek zer pentsatzen dute Obamaren gobernuaren politiken inguruan?
Oraintxe ari gara horri buruzko inkesta bat egiten. Ea lehenbailehen erakusten ditugun datuak.
(Puede haber caducado)