Bigarren mailako herritarrak
Guztira 40 milioi atzerritar daude AEBetan; horietatik %30 paperik gabekoak dira, eta «ez-legezko» egoeran daude Azaroko bozei begira, oinarrizkoa izan daiteke Obamarentzat latinoen botoa
Berria, , 31-08-2010Ameriketako Estatu Batuetan guztira 40 milioi atzerritar daude. Horietatik %30 paperik gabekoak dira, eta «ez-legezko» egoeran daude hemen. Adinez nagusi den populazioaren %4a da paperik gabekoa. Josek 23 urte ditu, eta El Salvadorkoa da; 2007an sartu zen turista modura AEBetara, eta baimena bukatu ondorenetik paperik gabe dago. Dirua irabazi, eta El Salvadorren taberna bat zabaltzeko helburu garbiarekin bizi da Jose New Yorken. Ingelesik apenas jakin gabe iritsi zen. «Izugarri txiki sentitu nintzen New York zapaldu nuen lehen aldian». Hiria aukeratu zuen, familia duelako hemen. Paperik gabeko etorkinen %94 bizi dira hiriguneetan.
Askotariko ofizioak izan ditu Josek: udako kanpalekuetan, locutorio batean, kafetegi eta jatetxeetan aritu da, baita zerbitzari, igeltsero eta garbitzaile gisa ere. «Ez naiz ez-legezko gisa sentitu inoiz», dio segurtasunez Josek. «Ez naiz nire herrian bezain indartsu sentitzen gauza bat eta bestea eskatzeko, eta horrek beldurra ere ematen dit. Horregatik, nabarmendu gabe, eta ahalik eta isilen ibiltzen saiatzen naiz».
Etorkizunean bere burua legeztatu nahi du. Horretarako lantokiko neska estatubatuar batekin negoziatzen ari da berarekin ezkon ote litekeen, eta horrela, «prozesu luze baten ostean, eta ez-legezko gisa egoteagatik isuna ordainduta», Estatu Batuetako hiritartasuna lortuko luke.
Herrialde beretik etorritakoa da 29 urteko Miguel ere, baina arrazoi desberdinarekin: «Neskalaguna haurdun geratu zen. Aurreko erlazio bateko beste ume bat ere bazuen, eta, dirua behar genuenez, hona etortzea erabaki nuen, lan egin eta dirua beraiei bidaltzeko». Jatetxeetan egin du batez ere lan, zerbitzari modura Miguelek azkeneko lau urteetan.
Kaliforniatik Ekialdeko Kostaldera trenez zihoan batean, ordea, polizia kontrol batean geratu eta atxilotu egin zuten. Epaileak Yorkeko (Pennsylvania) espetxera bidali zuen. «Kartzela hartan ez-legezkoen artean ez geunden latinoak bakarrik. Han denetarik zegoen: europarrak, asiarrak…» Oso esperientzia gogorra izan zen kartzelakoa, baina hiru hilabeteren ostean aske geratu zen.
Egoera legeztatze aldera, AEBetan jaio eta bizi den lehengusina bati proposatu zion ezkontzea Miguelek. Eta horrek, baietz. «Orduz geroztik paperak egiten ari gara abokatu baten laguntzarekin, eta ea espero bezala joaten zaidan guztia»
Giza trafikoa, negozio
Egin duenarekin eta hartutako erabakiekin harro sentitzen da Carlos Kolonbiarra ere. 40 urte ditu, eta hamar daramatza paperik gabe. Marcela neska-lagunak eta biek erabaki zuten AEBetara paperik gabe etortzea. Aurretik herrialde horretan bizia zen, baina bost urte lehenago immigrazioarekin izan arazo batzuengatik Kolonbiara deportatu zuten Carlos.
«Badut nik El mono deitzen diogun lagun estatubatuar bat. Marcelarekin ezkontzeko proposamena egin nion, horrela berak hiritartasuna eskuratu zezan». Carlos dokumenturik gabe herrialdean sartu ostean, banandu eta berriro elkarrekin ezkontzea zen kontua, horrela biak legeztaturik egoteko. Lagunak onartu egin zien proposamena Carlosi eta Marcelari.
Marcelak bere bidea abiatu zuen, eta, 12 milioi peso kolonbiar coyoteei ordainduta (5.124 euro inguru), Mexikoko El Hueco deitzen diotenetik pasatzen saiatu zen Carlos. Coyoteek mugako sareetan zuloak eginda izaten dituzte, eta gauez bertatik jendea pasarazten dute. Lehendabiziko saioan harrapatu egin bazituzten ere, bigarrengoan lortu zuen Carlosek AEBetara sartzea. «Bertan, arropa garbia eta nortasun agiri estatubatuar faltsuak eskuratu ostean, Los Angelestik New Jerseyrako hegazkina hartu nuen».
Fabrika batean komunak garbitzea izan zen aurkitu zuen lehendabiziko lana. «Gerora, ordea, okin gisa lan egin izan dut gaur egun arte. Asteko 1.100 dolar [867 euro] inguru irabazten ditut».
Marcela neska-lagunarekin haur bat izan zuen. Eta handik gutxira erlazioa hautsi egin zen. «Ez zidan berarekin ezkontzeko denborarik eman, eta horregatik jarraitzen dut paperik gabe». Egindako diruarekin jatetxea zabaldu du Kolonbian, eta anaiak eramaten dio negozioa. «Bi urte barru hemendik alde egin nahiko nuke. Semea da une honetan herrialde honetara lotzen nauen gauzarik garrantzitsuena. Horregatik jarraitzen dut hemen».
Joel mexikar gazteak 17 urte bete berrirekin pasatu zuen muga, beste hamabost lagunekin, duela urtebete. «2.500 dolar [1.970 euro] ordaindu nien coyoteei eta saio bakarra nahikoa izan genuen». Sei anai-arreba ditu Joelek. Informatikarekin lotutako ikasketak egiten ari zen Mexikon, baina dena utzi eta hiru urte paperik gabe AEBetan zeramatzan anaia baten lekukoa hartzea erabaki zuen. «Gure familiaren ekonomiari bultzada emateko modua da hau», dio Joelek, «eta, bide batez, egun batean nire etxe propioa erosi eta nire familia hazteko lekua aurkitzeko modua».
Lehengusu batekin eta bi lagunekin bizi da, eta anaiak lan egiten zuen jatetxean berarentzat gordetako lekutik ateratzen du bizibidea. Hiruzpalau urtean etxera bueltatzea da Joelen asmoa. Akaso beste anaien bati lekukoa utzita orduan ere.
Immigrazio legea
Arizonan egin nahi dutenaren inguruan, «tentsio handia» daukala dio Josek. «Ehizarako jakia izango bagina bezala da, eta komunikabideek ez diote besterik ezer. Beldurra sartzeraino». Joel mexikarrak sentitzen duen beldur bera: «Izua diot Arizonako joera hori zabaltzeari, eta nire asmo eta ametsak zapuzteari». Carlos ez du sentimendu horrek harrapatu, eta ez die lege horri eta haren ondorioei kasu askorik egin. Baina, aldi berean, immigrazio legearen erreforma baten zain dago. «Beharrezkoak gara herrialde honetan, eta zerbait egin beharra daukate gure egoera konpontzeko», dio Miguelek.
Etorkinen gaia premiazkoa bilakatu da Barack Obama presidentearentzat, besteak beste, azaroan Diputatuen Ganbera eta Senatuaren heren bat berritzeko hauteskundeak egingo dituztelako. Zenbait estatutan hautesleriaren portzentaje handia direnez, hispanoak oso garrantzizko bilakatu dira, eta ikusi dute AEBetako politikan beraien eragina handitu dezaketela.
Obamak paperik gabekoak legeztatzeko aukera proposatu zuen, baina horretarako zenbait baldintza jartzen dizkie etorkinei: ordaindu gabeko zergak ordaintzea, ingelesa ikastea eta lana izatea, besteak beste.
(Puede haber caducado)