Eskean dabiltzan etorkinak egotzi nahi ditu Parisek
Europako Kontseiluak ijitoen kanporaketak aztertuko ditu, EBren legedia urratzen duten ikusteko
Berria, , 31-08-2010Erredakzioa.
Bilbo
Frantziako Gobernuak ijitoekin hasitako kanporatze politika beste etnietako etorkinei aplikatu nahi die: Eric Bresson Immigrazio ministroak atzo iragarri zuenez, Frantziako Gobernuak zuzenketa bat egingo dio immigrazio legedi berriari. Horren bidez, Parisek kanporatu ahalko lituzke «maiz lapurretan edo modu oldarkorrean eskean dabiltzan etorkinak». Bressonen hitzetan, lege erreforma beharrezkoa da, «atxilotuak mugara eramateko aukera handitzeko».
Abuztuan, 977 kanporatu
Bien bitartean, Frantziako Poliziak Errumaniako eta Bulgariako ijitoak kanporatzen dihardu. Brice Hortefeux Barne ministroak egindako abuztuko balantzearen arabera, jadanik 128 dira eraitsitako ijitoen kanpalekuak. Bertan bizi ziren 977 pertsonak Errumaniara eta Bulgariara bidali dituzte. Hala ere, Hortefeuxen arabera, operazioak indarrean dirau: «Sarkozyk iragarritako kanporaketek aurrera jarraituko dute, bidezkoak eta beharrezkoak direlako». Barne ministroak azpimarratu du ez dela euren asmoa etnia bat estigmatizatzea, baizik eta datuei erantzun bat ematea. Esandakoa arrazoitzearren, aipatu du azkeneko urte eta erdian %259 igo direla errumaniarrek Parisen egindako lege-hausteak. Horrekin batera, Eric Bresson Immigrazio ministroak esan du kanporaketa horiekin «modu eraginkorragoan» borrokatu nahi dutela Errumaniatik eta Bulgariatik herritarrak eramaten dituzten immigrazio klandestinoko sareen aurka.
Alabaina, Frantziako Gobernuaren ekimenak polemika sortu du Europako Batasunean, zeinak oinarri nagusien artean «herritarren mugimendu askatasuna» duen. Gaur bertan, Bruselan izango da Bressonek gidatutako Frantziako Gobernuaren ordezkaritza bat. Bertan bilduko dira Europako Barne, Justizia eta Gizarte Arloetarako komisarioekin, Errumaniako eta Bulgariako herritarren kanporaketak aztertzeko. Era berean, batzar horretan aztertuko dituzte aurreko astean Parisen bildutako ordezkari frantsesen eta errumaniarren ondorioak eta komunitate buhameek gizartean duten integrazioa.
Dagoeneko Europako Kontseiluko ordezkari batek esan du Frantziak hartu neurriak Europako Batasunaren legedia urratuz gero Bruselak Hexagonoaren aurkako prozedura har lezakeela. Neurri horien aldekoen artean legoke Errumaniako Gobernua. Bukarestek kanporaketak salatu ditu; izan ere, Vasile Blaga Errumaniako Barne ministroaren arabera, «Bidalitako ijitoetatik batek ere ez zuen delinkuentzia aurrekaririk, ez Frantzian ez Errumanian»., Errumaniako Gobernuak salatu du Frantziako presidente Sarkozyren ekimena Europako Batasunaren espirituaren aurka doala.
(Puede haber caducado)