«Sarkozyk etnia oso bat estigmatizatu nahi du»

Berria, , 29-08-2010

J.B.
Baiona

Ijitoen kanporaketek min egiten diote Desprezi. Dakielako haien jatorrizko herrietan diskriminazio azkarra eta miseria aurkituko dutela, eta haren irudiko europarrak izanki hemen geratzeko askatasun osoa dutelako.

Nola hartu zenuen Sarkozyk ibiltariei buruz egin diskurtsoa?

Ezin onartuzko diskurtsoa du eta entzuteak min egin zidan. Hasi baino lehen zehaztu behar da ibiltariez mintzo garenean zertaz ari garen. Sarkozyk dena zaku berean sartzen du baina ibiltarien artean jatorri, historia eta kultura ezberdinak daude. Azken aldi hauetan errumaniarrez mintzo gara baina ez dira horiek bakarrik. Ijitoetan badira talde asko, adibidez Espainiatik datozen gitanoak, Alemaniatik jin sinteak. Hauek aspaldian Frantzian dira eta frantziar herritartasuna badute. Horrez gain, Angelun kokatutakoen gisara, herriz herri doazen saltzaileak edo ebanjelistak badira, haiek ere frantziarrak. Hots, egoera ezberdin asko badira eta ezin da dena nahastu.

Justuki, zure irudiko zergatik horrela nahasten ditu guztiak?

Benetako pilori politika da Sarkozyrena. Amalgamak eginez etnia oso bat estigmatizatzen du. Oroit gara bere diskurtsoa atera zuela Poliziak ijito bat hiltzeagatik izan erasoen ondotik. Geroztik, errumaniarren kanporatzen ari da. Maleruski ez da berria, etorkinekin eta paper gabeekin berdin ari da. Segurtasunik eza eta atzerritarrak beti lotzen ditu. Jakin behar luke, politika bat ezin dela parean duen giza taldearen arabera moldatu.

Zure ustez, zein da haren helburua?

Helburu hura edo haren lortzeko ari dela erratea ez zait asko gustatzen. Dena den, diskurtso arriskutsu hau atera du eta hori da larria. Hala ere, argi da ber unean afera finantzario batzuek gobernua trabatzen zutela eta hauetarik urrundu nahi duela herritarren begirada. Hauteskunde batzuen bezperan gara ere eta hori ez da ahantzi behar.

Kanporaketa hauek legezkoak dira?

Izan Errumania ala Bulgaria Europar Batasunean izanki, Europan mugitzeko askatasuna daukate herri horietako herritarrek.

Frantziako Gobernuak dio hautuz joaten direla.

Ez naiz ados. Immigrazio ekonomikoa izanki argi da harat joanez gero berriro etorriko direla. Ez dute ezer han eta gainera bazterketa handia pairatzen dute. Ikusten delarik Frantziako kokaguneak nola deseginak izan diren argi da ez dutela hauturik ukan baina behartu dituztela. Gutxi zuten eta gutxi hura desegina izan zaie. Horrez gain, haien herrira itzultzeko ordaintzea jasangaitza da, abereak bezala artatzen ditu gobernuak. Frantziak hango gobernuekin hitz egin nahi du, immigrazioa jatorrian oztopatzeko. Laster Errumanian ala Bulgarian egingo dituzte erretentzio zentroak!

Frantziar herritartasuna duten ibiltariei doakienez, haien eskubideak errespetatuak al dira?

Hori beste arazo bat da. Udan ibiltariak asko mugitzen dira eta argi da haien kokapenerako zelaiak eskas direla. Hori agertu da Angelun ala Bokalen. Besson Legeak dio 5.000 biztanle baino gehiago duten herriek zelai bizigarri bat proposatu behar dietela, hau da, ura, elektrizitate kableekin baita ur zikinen husteko gunearekin. Baina, lege hau ez da errespetatzen. Azken finean zelai publiko ala pribatuetan kokatzen direnean jendea haserre da, baina errealitatean herriko etxeek ez dute legea errespetatzen.

Eragile askok alarma gorria piztu dute. Nola ihardukitzen diezu horrelako erreakzioei?

Plazerez, eskerrak batzuk Sarkozyren politika ozen salatzen dutela. Presidenteak Frantziaren itxura zikintzen du eta haren baloreen aurka doa. Argi da erreakzionatu behar dugula. Ipar Euskal Herrian ere mugitzen hasten gara, irailaren 4ean egingo dugu, 11:00 tan Baionako Askatasun plazan. Ibiltariek jasan politikaz haratago, gobernuaren estigmatizazio politika gaitzetsiko dugu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)