NBEk eskatu dio Frantziari uzteko ijitoak deserritzeari
Berria, , 29-08-2010Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
Nazioartean kritika parrasta eragin du Frantziako Gobernuak ijitoak Errumaniara eta Bulgariara modu masiboan deserritzeko erabaki izanak. Nazio Batuen Erakundearen Arraza Bazterketa Deuseztatzeko Batzordeak (CERD) kargu hartu dio Frantziari, eta eskatu dio bertan behera uzteko ijitoen deserritzea. Aldi berean, NBEk kezka agertu du Frantzian zabaltzen ari den solas politiko baztertzaileengatik.
Abuztu erdialdean Frantzian egindako ikerketa batean, NBEk ohartarazi du ijitoen aurkako bortxakeria arrazistaren gorakada gertatzen ari dela herrialdean. Frantziari eskatu diote guztiz saihesteko deserritze masiboak. Izan ere, pertsona bakoitzaren kasua aztertu beharrean, irudi lezake Frantziak kolektibo oso bat duela jo-puntuan, Arraza Bazterketa Deuseztatzeko Batzordearen arabera.
Frantziako Atzerri Ministerioak atzo bertan erantzun zion NBEren txostenari. Hala, nazioarteko legeak eta haiekin lotzen duten itunak guztiz betetzen dituela ziurtatu du Frantziako Gobernuak.
Frantziako Gobernuaren erabakiak kezka eta ezinegona sortu ditu Europako Batzordean ere. Heldu den asteartean Europako Batzordeko ordezkaritza batek Frantziako Gobernuko hainbat ministro hartuko ditu Bruselan, gaiari buruz hitz egiteko.
Herenegun gauean, François Fillon Frantziako lehen ministroak Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariarekin hitz egin zuen telefonoz, eta ziurtatu zion Frantziak guztiz betetzen duela Europako legedia. Europako Batzordeak ontzat jo ditu hitz horiek, baina azterketa bat egin behar duela ihardetsi dio. Hala, ikusiko balu ijitoen deserritzeak Europako legedia urratzen duela, Parisen aurkako prozedura zabalduko luke.
Vatikanoaren kritika gogorrak
Ijitoen deserritzeak gogorren kritikatu dutenetarik bat da Vatikanoa. Atzo Agostino Marchetto Immigraziorako Kontseilu Pontifikoko idazkariak adierazi zuen Frantzian gertatzen ari dena «holokausto baten antzekoa» dela. «Ezin gara poztu etengabe jazarriak diren eta holokausto baten biktima diren pertsona ahulen sufrimenduarekin», esan zuen Vatikanoko berri agentzia bati emandako elkarrizketan.
(Puede haber caducado)