Eguneroko abestia
Berria, , 27-08-2010Narkokorridoek ez dute hainbesteko graziarik orain. Ez da soilik Mexikon ia egunero hildakoen eta exekutatutakoen gorpuak ageri direla, narkotrafikoarekin lotutako krimenak. Narkotrafikoa, bai, baina baita estatuko segurtasun indarren egintzak ere; ez da sekretua, Mexikon, segurtasun indarrak narkotrafikoaz baliatu direla lan zikina egiteko, eta narkotrafikoak ere milaka ofizial erosita dituela ere.
Trafikatzaile taldeen arteko borrokek eta horien eta segurtasun indarren artekoek, trafikatzaile, polizia eta soldadu hilak utzi ditu, bai, baina baita gerra horietan zer ikusirik ez zuten milaka mexikar ere, Mexikoko zenbait estatutan jada biharamunean bizirik irautea segurutzat jo ezin izateraino.
72 gorpu agertu dira asteon Tamaulipas estatuko etxalde batean. Mexiko gurutzatu eta AEBak jomuga zuten etorkin paperik gabekoak, Ekuadorrekoak, Brasilgoak, El Salvadorrekoak, Hondurasekoak… Denak exekutatuta, bahituratik askatzeko eskatutako dirurik ez zutelako.
Berritzat jo da paperik gabekoen hilketa, baina horien laguntzarako gobernuz kanpoko erakundeek diote urtero milaka bahitzen dituztela, eta erreskatea ordaintzerik ezin dutenak exekutatu egiten dituztela. Orain arte agintariek ez dute hatzik mugitu, ez Mexikon ez etorkin horien jatorrizko herrietan ere, eta orain, aldiz, azken krimen horiek gaitzesten dihardute.
AEBetan, berriz, Mexikoko muga zazpi giltzarrapoz ixteko lanean eta kanpainan ari direnek funtsezko beste arrazoi bat daukate egitasmoa aurrera eramateko.
(Puede haber caducado)