Sarkozyren ijitokeriak

Deia, por Bingen Zupiria , 26-08-2010

kritika gogorrak jaso ditu Sarkozyk hainbat ijito Errumaniara bueltan bota dituelako. Frantzian zehar bizi ziren. Nik Bordele eta Pauerako autopista inguruetan ikusi izan ditut. Kanpamentuetan antolatzen dira, zelai zabaletan, hiriguneetatik aparte eta euren kasa, gizarte frantsesean integratu gabe. Sarkozyren erabakiaren atzean hauteskundeen usaina ikusi dute askok eta aurkako kritika gogorrak entzun dira. Nik ere kritikatu dut, baina ez dakit kritika egiterakoan arazoa bizi dutenen larruan sartu naizen.

Une batez imajina ezazu, irakurle, Errumaniatik, edo gertuagoko beste nonbaitetik etorritako ijitoak hasi direla zure auzoan agertzen. Pentsa ezazu ijito marjinalak direla, ez dutela inoiz ikasketa eta edukaziorik jaso, ez dutela ondasunik ez etxerik, eta furgoneta batean bizi direla batetik bestera. Imajina ezazu, kurtsoaren erdian, aldameneko herritik iritsi berri diren lauzpabost haur sartu dituztela zure zortzi urteko seme-alabaren gelan eta ez dutela ordura arte eskolarik ezagutu, ez idazten eta ez irakurtzen ikasi. Pentsa ezazu haur horiek euren taldetxoa egiten dutela eta ez direla beste haurrekin harremanetan bizi. Imajina eskolako beste haurren gurasoak haserretzen eta kezkatzen hasi direla. Eman dezagun laguntza sozialak jasotzen dituztela eta zeu bizi zaren etxe berean etxebizitza soziala eman dietela. Eta imajina, uda gauetan, etxe aurreko plazan sua egiten dutela, txalo eta gitarra joaz, atseden hartzeko. Eta imajina ezazu, ijito horiek horrela bizi nahi dutela, ez dutela bizimoduz alda-tzeko aukerarik eta motiborik izan orain arte eta ez dutela gogorik ohituraz aldatzeko eta gure arau eta bizimoduetara egokitzeko. Eta, azkenik, imajina ezazu ez zarela Fran-tzian bizi. Imajina, irakurle, Bizkaian bizi zarela, Gernikan bizi zarela, edo Sestaon, edo Santurtzin, edo Abanton. Zer egingo zenuke?

Dudarik gabe, aukera bat, Sarkozyk egin duena egitea izango litzateke: tori diru bat eta zoaz etorri zaren bidetik! Zoaz Errumaniara edo etorri zaren lekura eta hango agintariek konpondu dezatela zure arazoa! Beste aukera bat, nahi duten moduan bizitzen uztea izango litzateke: ijito taldeak dauden tokietan baimena ematea zelai handien erdian txabola eta kanpamenduak egiteko. Eta arau batzuen barruan, dabiltzala euren gisara, antola daitezela euren erara eta egin dezatela nahi duten bizitza, inori kalterik egiten ez dioten bitartean. Eta hirugarrena, eta zailena, arazoari aurre egitea. Egoeraz jabetzea eta onartzea: Laguntzak ematea, ijitoekin eta haien familiekin lan egitea, irakur-tzen eta idazten ikasi dezaten, haurrak garbitu eta zaindu ditzaten, etxeko lanak egin ditzaten, derrigorrezko hezkuntza amaitu eta ofizioren bat ikasi dezaten; bizitzeko moduko etxebizitzak ematea eta haiekin batera elkarrekin bizitzeko pazientzia eta asmo sendoa hartzea. Bide hau aukeratu dutenek esaten dute merezi duela eta kasu batzuetan lortzen direla jarritako helburuak. Zein da gure aukera?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)