Mexikoko Poliziak 72 lagunen gorpuak topatu ditu etxalde batean lurperatuta
Azken lau urteetan 28.000 lagun hil dituzte droga trafikoarekin lotutako borroketan, iparraldean gehienak
Berria, , 26-08-2010AEBen eta Mexikoren arteko droga trafikoaren aurkako lankidetza ez da esperotako emaitzak ematen ari. Azken hilabeteetan iparraldeko estatuetan indarkeria nabarmen ari da areagotzen. Horren froga da atzo Mexikoko Poliziak egindako aurkikuntza. Tamaulipas estatuan, herrialdearen ipar-ekialdean, 72 gorpu aurkitu zituzten, 58 emakumeenak eta 14 gizonenak. Duela gutxi hildakoak dira guztiak. Ekintza gaizkile talde baten lana izan daitekeela uste du Poliziak, baita hildakoak paperik gabekoak izan daitezkeela ere.
Armadako idazkaritzaren arabera, soldadu talde baten eta gaizkileen arteko borrokak piztu ziren herenegun San Fernando herrian. Tiroketan hiru militar eta erasotzaileetako bat hil ziren. Liskarrak amaituta, armada ingurua miatzen hasi zen, eta orduan topatu zuen gorpuak lurperatuta zeuden etxaldea. Segurtasun indarrek adingabe bat atxilotu zuten, eta baita hainbat arma, kartutxotegi eta matrikula faltsu aurkitu ere, tartean Defentsa Ministerioko bat.
Bestetik, hegoaldean, Guerrero estatuan, bi gorpu aurkitu zituzten Chilpancingo herriko zubi batetik zintzilik. Poliziak jakinarazi du hildakoak 25 eta 35 urteko bi gazte direla eta biek besoak moztuta eta tortura arrastoak zituztela. Estatu horretan dozenaka gorpu aurkitu dituzte segurtasun indarrek azken asteetan. Gehienak, droga trafikatzaile taldeen arteko borroketan hildakoak. Izan ere, Beltran Leyva karteleko buru Arturo Beltran joan den abenduan hil zuten, eta geroztik, buruzagitza eskuratzeko borrokak etengabeak izan dira.
NBE Nazio Batuen Erakundeko datuen arabera, azken lau urteotan 28.000 lagun hil dituzte droga trafikoarekin lotutako liskarretan uztailean Mexikoko Fiskaltzak 25.000 hildako aipatu zituen. Iparraldeko estatuak ari dira indarkeria gehien jasaten; besteak beste, Ciudad Juarez eta Michoacan. Izan ere, horietatik igarotzen dira droga kargamentuak AEBetara bidean, eta horietan daude Mexikoko droga kartel nagusiak ere. Horiek hala, Felipe Calderon presidenteak 50.000 soldadu eta polizia federal jarri ditu mugaldean.
Adierazpen askatasuna
Halako egoeran, kazetariek ere bizia arriskuan jartzen dute kalera lanera irteten direnean. Giza Eskubideen Batzorde Nazionalaren arabera, 2000. urtetik 64 kazetari hil eta 11 desagertu dira lanean ari zirela beste iturri batzuek 70 hildako aipatzen dituzte.
Ondorioz, NBE eta AEE Amerikako Estatuen Erakundeak zigorgabetasuna amaitzeko exijitu diote Mexikoko Gobernuari. «Adierazpen askatasunak oztopo eta arrisku larriei egin behar die aurre Mexikon», dio bi erakundeek plazaratutako oharrak. NBEko ordezkari Frank La Ruek nabarmendu duenez, askotan, hildakoen senideek ez dute kalte-ordainik jasotzen eta hilketen inguruko ikerketak bertan behera geratzen dira.
(Puede haber caducado)