hizpideak

Haiek ez ditugu nahi

Berria, Koldo Aldabe, 20-08-2010

Frantziako Gobernuak ekin dio berriro Errumaniako eta Bulgariako ijitoen deportazio boluntarioari. Hegazkin txartel bana eta 300 euro buruko, 100 adingabea bada. Eta izango da ijitoak saritu egin dituztela esango duenik. Ezin boluntarioago izan deportazioa, kanpalekuetatik egotzi, haien bizitoki izan dena eraitsi eta aukeran bidaia txartela eta diru apur bat edo indarrez kanporatzea ematen dutenean. 700 ijito inguru kanporatuko dituzte bide boluntariotik egunotan.

Eta Barne ministroa, prefetak eta jendarmeak hitzez hitz ari dira betetzen Sarkozy lehendakariak agindutakoa; egoera irregularrean dauden etorkinen «legez kanpoko» kanpalekuak eraisten. Lehengoari jarraituz, duela hilabete batzuk etorkin afrikarren kanpalekuak desegin baitzituzten.

Silvio Berlusconik ere errumaniar etorkinez hustu zuen Italia duela ez asko. Eta orduan bezala orain, gaitz guztien erantzule egin zituzten nomadak, lapurreten, bortxaketen, narkotrafikoaren…

Ez arrazakeriarik, ez xenofobiarik, ez dutela horrelakorik gogoan diote Eliseoko iturriek. Baina FNko boto-emaileak irria aurpegian dutela dabiltza egunotan hexagonoaren kantoi guztietan.

Baina oker ibiliko ginateke arazoa Frantziarena bakarrik dela pentsatuta, Europa osoari baitagokio afera, lehen, bigarren eta hirugarren mailako europarrak sailkatzen baititugu.

Jarraituko dugu, bai, Europako herri nomaden kulturaz gozatzen, haien musika eta dantzak entzun eta ikusten, haiek bezala janzten inauteri aurreko egunetan. Baina haiek ez, haiek ez ditugu nahi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)